Guggenheim Bilbao Museoak 'Lenin andrea eta urretxindorra' artelana aurkeztu dau

Bizkaie! 2011-11-10 17:02   Kulturea

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako orain gitxi eskuratutako Georg Baselitzen Lenin andrea eta urretxindorra, Mrs Lenin and the Nightingale (2008) artelanaren aurkezpena egin dabe gaur Bilbon. Datorren astelehenetik aurrera, zemendiaren 14tik aurrera, lehenengo aldiz ikusgai egongo dira egilearen neurri handiko (300 x 250 zm.) 16 pinturak Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II erakusketan.

Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumarako orain gitxi eskuratutako Georg Baselitzen Lenin andrea eta urretxindorra, Mrs Lenin and the Nightingale (2008) artelanaren aurkezpena egin dabe gaur Bilbon. Datorren astelehenetik aurrera, zemendiaren 14tik aurrera, lehenengo aldiz ikusgai egongo dira egilearen neurri handiko (300 x 250 zm.) 16 pinturak Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II erakusketan. Aurkezpena goiz partean izan da eta artelanaren egilea dan Georg Baselitz (Deutschbaselitz, Sajonia, 1938) artista alemaniarra bertan egon da.

Gaiaren harian, museo bilbotarretik jakinarazo dabenez, artista alemaniarra gau honetan bertan Urteko Galan konbidatu lez egongo da, 20:30etik aurrera. Gala hau Erakunde Fundatzaileei, Kide Korporatiboei eta Ohorezko Kideei Museoari eskaintzen deutsien eten bako babesa eskertzeko egiten da. Ekitaldia antolatzeko honakoen lankidetzea izan dau Guggenheim Bilbao Museoak: Grupo IXO eta G.H. Mumm, babesle moduan, eta Chivas 18, Ysios Domecq Bodegas eta Norbega/Coca-Cola, laguntzaile.


Georg Baselitz

Georg Baselitz Bigarren Mundu Gerra osteko europar artista nabarmenetakoa da eta, duda barik, artista gazteagoen ereduetako bat. 1938an jaio zan Deutschbaselitz-en (Saxonia). 1956an, Ekialdeko Berlinera joan zan; bertan pintura ikasi eban Arte Ederren eta Arte Aplikatuen Akademian, baina arrazoi politikoak tarteko eskolatik kanporatu eben eta ikasketak Ekialdeko Berlinen Arte Eder Akademian jarraitu zituan. Garai horretan Georg Baselitz izena hartu eban, jaioterriari omenaldia egiteko.

1963an, Berlingo Werner & Katz galerian egin eban lehen erakusketak astrapala handia sortu eban: erakusketako bi artelanek, Gaualdi handia zapuztu zan (Die groβe Nacht im Eimer, 1962/63; egun Museum Ludwig Köln-en) eta Gizon bat biluzik (Nackter Mann, 1962), zakil tente handidun gizon bana irudikatzen eben, eta ezmoralak ziralakoan konfiskau zituen. Auzitara eroan zituan Baselitzek eta 1965 arte ez eutsiezan pinturak itzuli.

Lanean hasi zan Baselitz gerraosteko Alemaniako espiritualtasun, kultura eta gizarte-egituran igarten eban hutsunea zala eta. Haren lana figurazinorako itzulerea da eta XX. mende hasierako espresionisten tradizinoari eta Edvard Much pintorearen edo XVI. mendeko Matthias Grünewald maisu alemaniar handiaren lanei lotzen jako.

1965ean, Florentziako Villa Romanan sei hilebete emon zituan eta ordutik aurrera Italiara joaten zan sarri eta boladaka han bizi da. 1960ko hamarkadearen amaieran hasi zan buruz behera dagozan irudiak egiten, hasierako lanen narrazinoa eta figurazinoa baztertu guran: Koadro batek, papel batek, ez dau, izatez, orientazino naturalik; ez dago goiko alderik, ezta beheko alderik, eskuinalderik eta ezkerralderik be. Konbentzinoak, ohiturak, baino ez dira. Eta, azkenean, jakin dot badagoala konbentzino horreek hausteko modua pintura bat egitean: irudiak buruz behera jartea, esan eban artisteak.

1960ko hamarkadan, Baselitz atzamarrak erabilten hasi zan pintetako; geroago, ahoa eta oinak erabili zituan.

1976an, lehen atzerabegirakoa eskaini eutsien Munich-eko Staatsgalerie Moderner Kunst-en eta 1980an Alemaniaren ordezkari izan zan Veneziako Bienalean eta Eskultura baterako modeloa (Modell für eine Skulptur, 1979/1980) lana aurkeztu eban bertan. Luzaroan irakasle izan zan; lehenbizi Karlsruhe-ko Estaduaren Arte Eder Akademian eta geroago Berlingo Arte Eder Akademian.

Gaur egun Bavierako Ammersee lakuan eta Italiako Imperia urian bizi eta lan egiten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu