Zientzia Tokiek berrogei inguru jarduera antolatu ditue Zientziastearen ospakizunaren harira
2011-11-08 14:49Zientziastea, UPV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Barrikuntzaren 11. Asteak 40 jarduera ingurugaz osotutako egitaraua antolatu dau. Zemendiaren 9tik 13ra, Bilbon, Gasteizen eta Donostian egingo dira ekitaldi horreek.
Zientziastea, UPV/EHUko Zientziaren, Teknologiaren eta Barrikuntzaren 11. Asteak 40 jarduera ingurugaz osotutako egitaraua antolatu dau. Zemendiaren 9tik 13ra, Bilbon, Gasteizen eta Donostian egingo dira ekitaldi horreek. Edade guztietako publikoari zuzenduak, jarduera batzuk Zientzia Tokietan egingo dira -tailerrak, ikuskizun zientifikoak eta berbaldiak- eta beste batzuk kanpoan egingo dira, berbarako, txango eta bisita gidatuak. Horreek guztiak debalde dira eta parte hartzeko kopuru mugatua dabe; beraz, aldez aurretik Zientziastearen webgunean izena emotea gomendatzen da.
Bilboko Zientzia Tokia datorren eguaztenean, hilak 9, zabalduko da Bilboko Alondigan. Bertako hall-ean, 09:30tik 20:00etara hamabost bat stand bisitau ahal izango dira eta jarduera guztietan parte hartu. Hurrengo egunean, 10ean, Gasteizko eta Donostiko Zientzia Tokiak zabalduko dira. Lehenengoa Campuseko IIAZ eraikinean egongo da eta hamar stand izango ditu erakusgai; bigarrena, Artzain Onaren Plazako Karpan izango da eta bertan hamaika erakustoki atonduko ditue.
Bilboko jarduerak
Bilboko Zientzia Asteak osotu dauen egitaraua -Bilboko Alondigan zemendiaren 9tik 13ra izango dana- Luis Alfonso Gámez ETBko Escépticos telebista-saioko aurkezlearen eta Ana Zubiaga Genetika, Antropologia Fisikoa eta Animalien Fisiologia irakaslearen berbaldi banagaz zabalduko da. Horrezaz gan, hiru berbaldi gehiago eskainiko dira astean zehar: robotikearen inguruko bat, Rubiken kuboari buruzko beste bat eta Evariste Galois matematikariaren inguruko hirugarren bat. Bestalde, umeek aukerea izango dabe paleontologiako eta papiroflexiako lantegietan parte hartzeko, matematikearen inguruko ipuinak entzuteko eta ikuskizun zientifikoak eta magia-saioak ikusteko.
Gainera, hainbat ibilaldi antolatu dira: paseo bat itsasadarretik uraren laginak hartu eta kalidadea aztertzeko; beste paseo bat Sarrikoko parkean zehar bertako arbolak identifiketan ikasteko; ibilbide geologiko bat Bilboko kaleetan zehar harriak eta fosilak topetako; eta bisita bana Bilboko Injinerutza Eskolako teleskopio handira eta Arkeologi Museora.
Gasteizko jarduerak
Gasteizko Zientziasteak -hilaren 10ean, 11n eta 12an, Campuseko IIAZ eraikinean egingo dana- 8 ibilaldi eta hainbat tailer antolatu ditu. Lehenengoen artean, nabarmentzekoak dira Gesaltza Añanara joateko osterak, Arabako Errioxako trikuharri garrantzitsuak ezagutzeko bisitak, eta upeltegi bat eta dolare bat ezagutzeko bidaiak. Gainera, beste hainbat proposamenen artean, aukerea izango da Unibersidadeko Koldo Mitxelena Liburutegia dagoan eraikin historikoa ezagutzeko, Injinerutza Eskolako teleskopiotik izarrak behatzeko eta Lucio Lascaray ikerketa-zentroan barruratzeko. Ez da faltako ibilbide geologiko bat, Arabako harri erromanikoen kasu parebakoa ezagutzeko. Bestalde, IIAZ eraikinak ikuskizun zientifiko bat, gaztaia probetako saio bat eta Historiaurreko tresnak zizelkatzeko tailer bat hartuko ditu.
Donostiako jarduerak
Donostian, hilaren 10tik 12ra, Zientziastea egingo dan Artzain Onaren Karpan ikuskizun zientifiko bat eskainiko da. Hortik abiatuko dira antolaturiko ostera didaktikoak be. Besteak beste, bidaia bat egingo da Zumaiako flysch-era fenomeno geologiko horretan aditu diranakaz, ibilbide bat egingo da Donostiako estazino meteorologikoen barrena, bai eta paseo bat be kaleetan zehar be, uriko eraikinak egiteko erabili ziran harriak nondik datozen ikasteko.
Bestalde, Donostiako Unibersidade Eskola Politeknikoan, ikasleek egindako proiektuak ikusgai egongo dira, zemendiaren 7tik 9ra bitartean. Ikusgai jarriko diran proiektuen artean dagoz, besteak beste, azkenengo mende honen etxebizitza arkitektura pribatuaren tipo ezaugarri eta berezien erakusketea, robotika lego NXT lego piezakaz egindako robotak (Segway, Ballbot eta Rubik Solver), lebitadore magnetikoa edota Kotodama taldearen motorra.
Era berean, Informatika Fakultadeak zemendiaren 7tik 9ra, ikastegian, oihartzun handiko gaiak aztertuko ditu, besteak beste, belaunaldi barriko sareak edo robotikea hezkuntzan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!