Nerabeen hizkuntza-erabilerea eta Interneteko sare sozialak. Aukera barriak?

Bizkaie! 2011-11-04 14:15

Interneteko sare sozialena fenomeno barria izanik eta edade tarte jakin batzuetan daben arrakastea kontuan harturik, interesgarri ikusten da tresna horreei emoten jaken erabilerea hobeto ezagutzea. Izan be, aurrera begira euskerea sustatzeko baliabide eraginkorra izan daitekez.

Nerabeen hizkuntza erabilerea, euskerearen normalizazinoan dabiltzanen interesgune nabarmena da, gaur egun. Hezkuntza-sistemeak euskerearen ezagutza bermatzean bertatik igarotako belaunaldien bizimodua euskeraz garatuko zala aurreikusi ebenen ustea ez da bete, erabat behintzat. Herrian eta etxean euskerearen presentzia esanguratsurik topetean ez daben nerabeek euren arteko hartu-emonetan eta, orokorrean, eskolaz kanpoko bizitzan, gaztelaniarako jokerea erakusten dabe sarri.

Horrezaz gan, garrantzitsua da aitatzea euskeraz dakien nerabearen profil soziolinguistikoa aldatu egin dala orain urte batzuetatik hona. Euskerea bigarren hizkuntzatzat daben euskaldunen proportzinoa gero eta altuagoa da. Era berean, uri-inguruneetan bizi diran euskaldunak be gero eta gehiago dira. Ezaugarri horreek aldatu diran moduan, euskerea erabilteko motibazinoetan be aldaketak atzemon daitekez.


Nerabeak eta sare sozialak

Interneteko sare sozialak, azken urteetan sarean agertutako fenomeno barrietako bat dira. Personen arteko komunikazinorako erabilgarriak dira, hartu-emon asko eskura eukitea eta informazinoa modu errazean trukatzea ahalbidetuz. Gaur egun 12 eta 18 urte artean dituen nerabeen arteko komunikazinorako tresna garrantzitsuenetakoa bihurtu da, argazkiak, mezuak, hitzorduak eta loturak bat-batean eta doban jente askori zabaltzeko aukerea emoten dabelako.

Sare sozial horreek nerabe eta umeen artean izan daben arrakastea ikusirik, hainbat saiakera egin dira tresna horreek helburu batzuen mesedetan erabilteko. Esate baterako, facebook, tuenti edo twitter bidez produktu eta zerbitzuen publizidadea egiten da, hezkuntzarako baliabide legez erabilten saiatzen dira edo herritarrak kazetari bihurtu daitezan bideratzen dira.


Nerabeak, sare sozialak eta euskerea

Soziolinguistika Klusterra eta Kultur Kabia-Topagunea alkarlanean ibili dira gai honeen inguruan. Kultur Kabiak nerabeei zuzendutako hainbat aisialdi programa kudeatzen ditu. Programa horreetako bakotxak bere ezaugarri bereizgarriak baditu be, danetan erabilten dira Interneteko sare sozialak nerabeen arteko hartu-emonak eta nerabeek programako arduradunakaz dituenak ahalbidetzeko. Interneteko sare sozialena fenomeno barria izanik eta edade tarte jakin batzuetan daben arrakastea kontuan harturik, interesgarri ikusten da tresna horreei emoten jaken erabilerea hobeto ezagutzea. Izan be, aurrera begira euskerea sustatzeko baliabide eraginkorra izan daitekez, modu egokian erabili ezkero.

Hori guztia kontuan izanik, esperientzia bat abiarazo da ondorengo bi helbugaz, batetik, aisialdi programetan sare sozialen bidez nerabeen euskerearen erabileran eragitea eta, bestetik, hizkuntza-portaeratan sare sozialen bidez eragiteko esku-hartzeen baliogarritasuna aztertzea.

Egitasmoaren ezaugarriak, emondako pausuak eta lortutako emoitzak batuta dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu