Imanol Rayo: 'Nire proposamena bizitzeari buruz jardutea zan, esangura zabalean

Karolina Almagia 2011-10-24 10:26   Barriketan
Zinemagilea

Imanol Rayok (Iruñea, 1984) Andoaingo Zine Eskolan ikasi eban, Bi anai da bere lehenengo film luzea, eta Donostiako Zinemaldian Zinemira saria irabazi eban. Saria Rayori emonez, zinemea egiteko bestelako modu bat bultzatu nahi izan eban epai-mahaiak. Rayok ez ditu betiko arauak edo lengoaiak erabilten; horregaitik, batzuen ustez, Bi anai maisulana da, baina beste batzuek film arraro bat dala uste dabe. Ikusleek laster izango dabe epaitzeko aukerea, zemendiaren 11n estreinauko da-eta zinema-aretoetan.


1.- Noiz hasi zinen egitasmo honegaz? Bide luzea izan da?

Proiektua abiarazo genduanetik ia lau urte joan dira.


2.- Bi anai eleberria oso ezaguna da. Hori ona ala txarra da ikusleari begira?

Alde onari begiratzea aproposa dala begitantzen jat. Bernardo Atxagaren irakurleak pozik egongo dira filmagaz, bere espiritua hor dago eta. Baina, kontuz ibili behar da, ezin daitekez lengoaia desbardin bi modu berean landu; hori da pelikulearen oinarrietako bat. Holan, filmak maila formalean oso zentzu berezia dauka; azken baten, nire ustez narratiba literarioak eta zinematografikoak ez daukie zerikusirik, forma aldetik, esan gura dot.


3.- Zergaitik aukeratu zenduan istorio hori zure lehenengo film luzea egiteko?

Obabakoak aurretik, euskal irakurleek Bi anai liburuari esker ezagutu eben Atxaga. Akaso horregaitik gure etxean aspaldtik egon da liburua. Irakurketa bat baino gehiago egin dodaz, eta ideia bat baino gehiago jaso dot. Horregaitik be izan daiteke istorioa gogoko izatea. Dana dala, filma sortzeko erabagia zein momentu zehatzean hartu neban?, ba ez dakit, ezin deutsut erantzun.


4.- Atxaga beraren arabera, bizitzari buruz berba egin gura eban liburua idatzi ebanean. Zeuk be hari bera hartu dozu?

Bai, holan da. Eta nire kasuan, akaso, modu edegiagoan edo. Pelikulea egiten hasi nintzanean gairik bako filma izango zala esan neban. Nire proposamena biziteari buruz jardutea zan, esangura zabalean, bizitearen existentziaz.


5.- Eleberri laburra da Bi anai. Zeozer gehitu deutsazu istorioari luzematraia egin ahal izateko?

Zure galderea, zeozelan, nahiko partziala da kontzeptu literario hutsean oinarritzen dalako. Lehentxuago esan dodan lez, nire eretxiz literarioa eta zinematografikoa forma sano desbardinak dira, ez daukie antzik. Eta nobelan idatziz adierazotakoa filman irudi eta soinu bihurtu dira; eraldaketa horretan beti sortzen dira nobelan agiri ez diran elementu barriak.


6.- Bernardo Atxagak parte hartu dau prozesu horretan?

Atxaga hur izan dot beti, hori lasaigarria izan da. Hasieratik trankil lan egiteko baimena izan dot, horregaitik urten da pelikulea modu honetan.


7.- Antza, idazleari asko gustau jako. Atxagaren erreakzinoaren bildur zinan?

Bildurrik ez, baina komenidu da errespetua izatea. Nik lana betebeharretik hurrago ikusten dot, artista bohemioaren kontzeptutik baino. Horrexegaitik, egilearen erreakzinoa sano garrantzitsua da niretzat.


8.- Pelikulea, nobelea lez, 50eko hamarkadan girotu dozu. Halanda be, garai haretatik urrundu egin zara, personaien mentalidadean ezin zarela sartu esanez. Zer esan gura dozu?

Zorrotza izan ezkero, zinemeak orainaldia filmetan dauela esan daiteke. Hori berori da bere denporea, bere sasoia. Ez neban manipulau gura. Orain, momentu honetan, edozer ikusten dogunean orain aldiko begiekaz begiratzen deutsagu; holantxe jokatu gura izan dot Bi anai lanagaz. Horregaitik filmeko elementu asko denporaz kanpokoak dira.


9.- Pelikulearen bidez hizkuntza barri bat sortu nahi zenduala idatzi dozu. Lortu dozula uste dozu?

Hori denporeak esango dau.


10.- Ausartegi edo arrisku larregi hartuz jokatu dozula pentsetan dozu?

Arriskua beti dago. Holan jokatu arren, ondo egindako betebeharraren lasaitasuna geratzen da, eta hori be gauza handia da. Hasierako planteamendua bete dogu.


11.- Filmeko pesonaiek berbakaz baino, begiradakaz lan egiten dabe. Ganera, aktoreetako asko ez dira profesionalak. Gatxa izan da?

Filmetako modua desbardina izan da, trankil ibili naz, beste errodaje batzuk baino lasaiagoa izan da. Pelikulan igarri egiten da, jakina. Gauza zehatz bat egin gura badozu horri ekin behar deutsazu, konzentrazino handia eskatzen dau. Gure filmetako modua helburu hori lortzeko aproposena dala uste dot.


12.- Eta zelangoa izan da filmazinoa animaliekaz?

Denporea da kontua. Arazorik handiena erritmo azkarrean bizi garela da, eta ohitura batzuk galdu egin doguzala. Animaliekaz be pazientzia oinarrizkoa izan da. Atsotitz bat bada, ba: bizitza eskuzabala da itxaroten dakienarentzat. Kasu honetan holan izan da.


13.- Robert Bresson zinemagileagaz konparau zaitue. Haren eragina daukazu? Zein izan da zure eredua, bestela?

Erreferente bakarra autortzea larregi orokortzea dala uste dot. Gauza asko ikusi eta ikasten doguz bizitzan, baina ez dot eraginetan sinisten. Ez daukat erreferentzia garbirik, modu zuzenean behintzat. Akaso, subkonzientea... Lana modu gardenean egiten ahalegindu naz, hortik aurrerakoak...


14.- Gaztelaniazko bersinoa egingo dozue, ala jatorrizkoan estreinauko dozue Euskal Herritik kanpo?

Euskeraz estreinauko da edozein modutan. Kanpora urteten badau, banatzaile bakotxak bere eskubideak eukiko ditu bikoiztea egiteko, dana dala, jatorrizko bersinoaren aldekoa naz. Lanak diran modukoak erakustea hobe dala uste dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu