Baionatik Bilbora - Iparraldea kantuz

Bizkaie! 2011-10-21 16:47   Musikea

Baionatik Bilbora - Iparraldea kantuz lanak Hegoaldera zabaldu nahi dau Iparraldeko espiritua, akaso konturatu barik, baina gure herri kantutegian oinarrizkoak izan diran, eta diran, kantuak, egileak eta interpreteak ezagutarazoz.

Gaur aurkeztu dabe Baionatik Bilbora - Iparraldea kantuz diskoa Donostian. Bertan izan dira Felipe Juaristi (Euskadi Irratiko zuzendaria), Naia Robles (abeslaria), Kalakan taldea, Daniel Landart (Euskal Kultur Erakundearen ordezkaria) eta Anjel Valdés (Elkar diskoetxea).

Lurra-maitasuna-askatasuna trilogiak bikain laburbiltzen dau betidanik personek aurrera egiteko izan dituen helburuak. Etenbarik bilaketa horrek baldintzatu baititu, bai humanidadearen, zein munduko kulturen eboluzinoa. Herriaren espiritua dan kantagintzearen tematika betiereko eta unibersala dogu era berean, hirukote hori berbera.

Gure kultureak badauka kantutegi garrantzitsu eta aberats bat, geure-geureak doguzan identidade ezaugarriak dituana. Harrigarria bada be, Ipar Euskal Herria Hego Euskal Herria baino lurralde txikiagoa eta jentez urriagoa izan arren, iparraldean sortu, gorde eta zabaldu dira kantu iradokitzaile gehien, transmisinorako gaitasun handia erakutsiz. Horreetako askoren egilea ezezaguna da, antxinatasunaren erakusle, Bereterretxen khantoria adibidez, XV. mendearen hasierakoa da. Gaur egunera arte iraun badabe, kantu hunkigarriak diralako izan da, gizakiok dogun hondo unibersal horri dei egiten deutsielako, memoriari eta bere indar iradokitzaileari. Kantuotan ezkutuan transmitiduten diran sekretuetan egon daiteke geure hizkuntzea, folklorea eta gure barruko sentimenduak bizirauteko giltza.

Kantu epikoak eta heroikoak, maitasun eta gerra kantuak, nostalgiaz eta malenkoniaz beteak, zeru eta lurreko kantuak, unibersoan zein txikiak garen azaltzen daben kantuak, gure mendiez berba egiten dabenak, itsaso eta ibaiez...

Iparraldea, geure iparra, inspirazino iturri dogu, duda barik. Ezin ahaztu Hegoaldeko kantari askok (Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Imanol eta beste hainbatek) Iparraldeko estetika eta sinbologiagaz txundituta abestu dabela, euren ibilbidean zehar. Iturri hareetatik edan eben, eta gutako askori kantu hareek entzunaz biztu jakun Iparraldea ezagutzeko gogoa. Melodia erakargarriz jantziriko kantuak, poema aberats eta edertasun harrigarrikoak…

Baionatik bilbora - Iparraldea kantuz lanak Hegoaldera zabaldu nahi dau Iparraldeko espiritua, akaso konturatu barik, baina gure herri kantutegian oinarrizkoak izan diran, eta diran, kantuak, egileak eta interpreteak ezagutarazoz.

Lan hau trilogia moduan be aurkezten da: alde batetik, izen bereko bilduman hogei kantu eder dagoz, Ipar Euskal Herriko iraganeko, gaur egungo eta etorkizuneko historia laburbiltzen dabenak: Beñat Achiary, Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde, Kantiruki, Erramun Martikorena, Etxamendi eta Larralde, Mixel Labeguérie, Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Arotze, Aritzak, Maddi Oihenart, Niko Etxart, Jean Bordaxar, Isabelle Jaury, Amaren alabak, Errobi, Kalakan...

Bestetik, abenduaren 20an, Bilboko Euskalduna Jauregian izango dan kontzertuagaz publikoari helarazo nahi jako errealidade bizia eta gaurkotasunezkoa, gure lehen auzoek daben indar animikoaren erakusle dana. Han izango dira aurreko belaunaldiak, gaur egungoak eta etorkizunari deika dagozanak.

Eta azkenik, mundu digitalak ideia hori zabaltzeko aukerea eskaintzen deusku, izan be, teknologiari eta konsumiduteko era barrienei esker, errepertorio zabala daukagu eskura, disko eta kantari ederrez, eta egile garrantzitsuz osotua. Aukera horrek, disko zein kontzertuaren lan dibulgatiboa osotu eta biribiltzen dua, gainera. Benetan zirraragarria da Bereterretxeren Khantoria, Kantuz, Jaun Baruak, Goizian argi hastean edota Maitea nun zira lako parebako kantuak biderik modernoenak eta barrienak erabiliz jentarteratzea. Internet tresna oso aproposa da mendeetan jaso doguzan baloreak transmitiduteko.

Elkar-ek eta Euskadi Irratiak (EITB) bat egin dabe, euren markak eta sinergiak alkartu ditue abentura barri eta iradokitzaile honetan. Lurra, maitasuna eta askatasuna, hiru balio, hiru desira eta hiru errealidade: iraganerako zubi, etorkizun atari, kantu egindako orainaldi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu