Karim Nimri: 'Medikuek jentea osasuntsu eukitearren kobrau beharko leukie, ez gaixoak osatzearren'

Zigor Aldama 2011-10-17 15:52   Bidaide

Karim Nimri (Bilbo, 1973) Txinako kulturea irakasle baten eskutik ezagutzeko asmoagaz etorri zan Txinara. Gaur egun, bilbotarraren helburu nagusia gorputzaren orekea lortzea da, hori da-eta txinatar medizina tradizionalaren oinarria, eta natureagaz bat eginez bizitea bere bai. Nexus China egitasmoa dauka orain eskuartean.

Kung fu telesail ezagunean lez, saltamatxino txikia esan geinkio. Karim Nimri (Bilbo, 1973) Txinako kulturea irakasle baten eskutik ezagutzeko asmoagaz etorri zan Txinara. Dana dala, kung fu tradizionala baino, gurago dau ezezagunagoa dan yi chuan aldaerea, intentzinoaren boxeoa. Eta Nimri ez da egon sei urtean Pekineko monastegi baten bere burua topau gurean. Txinako tradizino medizinalean sakontzeko helburuagaz ailegau zan Nimri, eta orain Nexus China egitasmoa dauka eskuartean. Proiektuaren helburua gaiari buruzko testuak itzultzea eta zabaltzea da, bai euskeraz bai gaztelaniaz, eta jentea horren ganean formetea.

Amak medizina alternatiboko konsultea dauka Bilbon, hortik dator nire jakin-mina, autortzen dau. Txinera ikasten ibili nintzan bost hilean, irakasleekaz eta gaixoekaz komuniketako beharrezkoa dalako, itzultzaile barik. Ostean, hiru urtean akupuntura konsulta baten lan egin neban, batez be arazo neurologikoak tratetan, gogoratzen dau.

Gaur egun, bilbotarraren helburu nagusia gorputzaren orekea lortzea da, hori da-eta txinatar medizina tradizionalaren oinarria, eta natureagaz bat eginez bizitea bere bai. Osasuna ardura personala da, eta osasuntsu egoteko gakoa inguruagaz hartu-emon ona izatea da, beti be norberak bizi dauan sasoia kontuan hartuta, azaltzen dau Nimrik. Txinan, esaterako, jenteak bizimodua egokitu egiten dau hamabostero, konturatu barik. Egutegia data garrantzitsuz beteta dago, jatekoa edo egin beharreko ariketa fisikoen aldaketak zehazten ditue horreek datek. Zientziak, sarritan, aldaketok egokiak dirala erakutsi dau.

Kosmosagaz be -esoterismo kontua dala pentsau geinken arren- antzeko zeozer azaltzen dabe. Gaur egun danok onartzen dogu ilargiaren zikloek gure organismoan eragina daukela. Ba, txinatarrek aspalditik dakie hori, orain dala milaka urtetik, eta zientziak arrazoia emon deutse. Modu berean, badakigu, Jupiterrek, esaterako, loturea daukala gibelagaz, eta izan leike egunen baten horren erantzun zientifikoa topetea, dino Nimrik, baina badaki holango adierazpenek jentea harritu egiten dabela.

Urteotako garapen ekonomikoak nabarmen aldatu ditu Txinako gizartearen sinismenak, baina tradizinoaren zuzterrak sakonak dira, eta jentearen ADNan grabeta dagoz. Mendebaldartutako gazteek be betiko osabideetara joten dabe, edadekoen antzinako errezetetara, gaixotasuna larria ez danean behintzat. Danak dakie zer jan behar dan neguan eta zer udan, zer dan ona katarroa osatzeko -parazetamola ez, jakina-, eta, azken batean, zeintzuk diran osasuntsu egoteko jarraibideak. Txinatar askok, oraindino be, gurago dabe akupunturea (gorputzeko energiaren jarioa kontroletan dau) edo bentosak (tenperaturea erreguletan dau) erabiltea gorputza orekatzeko, ospitalean pilula piloa hartu baino.

Mendebaldean gaixotasunaren sintomak daukaguzanean larritzen gara, orduan botikak hartzen doguz, eta azenean kroniko bihurtzen dogu logika bako bizimodu hori. Garrantzitsuena produzidutea da, gorputza mugaraino eroatea. Jenteak ez dau ezer egiten min izan arte, aztertu dau Nimrik. Txinan, barriz, prebentzinoa da nagusi. Izan be, gaixotasuna osatzea besteko garrantzitsua da jakitea zergaitik gagozan gaixorik. Zergaitia da gakoa. Mendebaldean guntzurrun arazo bat, guntzurru arazoa da, eta kito; hemen gorputza osotasunean hartzen da kontutan, organo guztien artean loturea dagoalako.

Txinako medizina tradizionala familia-medikuentzako sano aproposa dala uste dau Nimrik, prebentzinoari emoten deutson garrantziagaitik. Baliabide asko aurreztu daitekez; gaur egungo krisi ekonomikoagaz interesgarria izan daiteke. Edozelan be, proposamen honek interes ekonomiko handien kontra egiten dau. Medizina normalak errespetua merezidu dau, jentearen bizimodua nabarmen hobetu dauelako. Kimioterapia behar dauenak, kimioterapia behar dau, beste edozein tratamenduk ez dau emoitza hobeagorik lortuko. Baina, nire eritxiz, medikuek jentea osasuntsu eukitearren kobrau beharko leukie, ez gaixoak osatzearren. Sistema horri esker etekin ekonomikoa ataraten da gaixoengandik. Gaixotasunagaz irabazten da, botikekaz eta eskupekoakaz bere bai. Mediku batzuei 'minbizia euki arte ez etorri' esatea besterik ez jake falta, eta hori ikaragarria da.

Dana dala, ikertzaile bizkaitarrak onartzen dau Mendebaldeko medikuntzeagaz lez, txinatarrean be diruak garrantzi handia daukala. Zientzia, siniskeria eta folklorea dagoz, zalantza barik. Eta gatxa da mediku txinatar zintzo bat topetea. Makina bat mediku dagoz, izan be txinatarrak hipokondriakoak dira, eta hemen normala da medikuei eskupekoak emotea. Neuri be, laguntzaile hutsa izan arren, aparte ordaindu gura izan nabe! Holan hurreko hartu-emona lortu gura dabe, baina dana usteltzen da era horretan. Siniskeriak albo batera itxi behar dira.

Baina, ez da erraza. Wei Zhu Euskal Herrian sasimedikua edo belagilea izan leike; diagnostikoak egiteko ez dau inolako analisi zientifikorik erabilten. Gaixoak zer daukan jakiteko nahikoa da begietara eta mihinera begiratzea, han edo hemen ukutzea, eta lau-bost galdera egitea. Sarritan zeozer topetan dau, eta konpontzen ahalegintzen da, eta beste batzuetan gaixotasunik ez dagoela erabagiten dau. Ez badeutsat zeozer emoten, ez da gustura joango. Ezin geinke ahaztu plazebo efektuaren garrantzia, horregaitik holango kasuetan ondoriorik eragiten ez dauen zeozer emoten deutset. Mendebaldeko medikuntzeagaz gatxa da hori egitea, botikak askozaz gogorragoak dira, eta bigarren mailako ondorioak ditue beti, epe laburrean edo luzean.

Garrantzitsuena -dino Nimrik- zer pasetan dan eta zergaitik pasetan dan jakitea da. Gaixoa gehiago inplikau beharko litzatekez, eta medikuaren esku gauza gitxiago itxi. Gaixoak ulertu behar dau aldarte jakin batek gaixotasun baten sintomak eragin leikezala. Emozinoek organo garrantzitsuenetan eragina dauke, lehenengo gibelean eta gero urdailean. Akupuntureak lagundu leike hori danori kontroletan.

Mendebaldean adierazpenok harriduraz hartzen dira. Medizina tradizinionala 'normala'ren ordezkoa da persona askorentzat, eta makina batek azkenengo urtenbide lez dauke, ospitaletan inork erantzunik emoten ez deutsenean. Karin Nimri ez dago konforme. Lehenengo eta behin, medikuntza txinatarrera jo behar da, hori izan behar da lehenengo pausoa, eta ostean ospitalera joan, gaixotasun larriak han bakarrik osatu daitekez eta.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu