Zigor Aldama: 'Kapitalismoak danak atrapau ditu Txinan'

Koldo Isusi Zuazo 2011-10-17 12:38   Barriketan
Bizkaie!-ko kolaboratzailea

Orain 12 urte joan zan lehenengoz Txinara eta ordutik makinatxu bat joan-etorri egin ostean, azken 6 urteotan Shanghain bizi da. Asiako kontuetan espezializautako freelance kazetaria da eta Bizkaie! ataria jaio zanetik, datorren apirilean 10 urte izango dira, hor dabil kolaboratzaile, Bidaide atalaren arduradun. Egunotan, oporretan edo Bilbon dogu Zigor eta minutu batzuk kendu deutsaguz ondoko galderak egiteko:


1.- Oporretan edo esan dogu ze etxekoakaz eta lagunakaz egoteko astia daukazun arren, beharrean be bazabiz, berbaldiak emoten eta abar. Freelance kazetari batek ez dauka oporrik? Zelakoa da zure egunerokoa Shanghain zagozanean?

Ez. Onerako eta txarrerako freelance kazetaria bere buruaren jaube da, produziduten dauenagaz bizi da eta, beraz, pagautako oporrik ez dago guretzako. Oporrak gura izan ezkero, aurretik behar egitea toketan da.

Egunerokoari jagokonez, egun danak ez dira bardinak eta hori gustetan jatan gauzea da ze errutinak eta ez dodaz maite. Normalean aste bi baino gehaigo jarraian ez dodaz egiten Shanghain; bidaia asko egin behar izaten dodaz erreportajeetarako materiala batzeko. Edozelan be, Shanghain nagoanean, alkarrizketaren bat edo erreportaje bereziren bat ez badaukat, normalean 9:00ak bueltan jagiten naz ze ordu aldaketeagaitik, mendebaldeko medioakazko hartu-emonakaitik eta gauerdira arte edo goizaldeko ordubata arte egoten naz beharrean. Freelance kazetarion beharra idatea eta idaztea da eta boladak izaten dodaz, batzuetan zazpi, hamar egun egin neikez egunean 10 bat ordu beharrean eta beste batzuetan, barriz, hiru bat aste be egin behar izaten dodaz bidaietan.


2.- Urte batzuk daroazuz Txinan eta ondo ezagutuko dozu hango jentea. Oro har, zelakoa da txinatarra?

Txinaren ganean singularrean berba egitea sano gatxa da. Txina asko dagoz eta txinatar mota asko. Hori bai, guztientzat balio daben ezaugarriak badagoz, berbarako, nagusiena diruari daukotsien maitasuna. Bere burua komunistatzat daukan herrialdean oso indartsu sartu da kapitalismoa eta danak atrapau ditu. Topikoetan be sartzen da baina egia da txinatarrak oso beharginak dirala eta familia sano garrantzitsua dala eurentzat. Gauzaka aldatzen doaz baina oraindino familia oinarri sendoa da Txinan eta horren babespean ondo sentiduten dira Estaduarenean baino hobeto.

Gorabehera handienak, barriz, belaunaldien artean dagoz. Gazteen eta nagusien baloreak ez dira bardinak eta horregaitik gurasoen eta seme-alaben arteko tirabira ugari dagoz. 80 eta 90. hamarkadetan jaiotako gehienak seme-alaba bakarrak dira, indibidualistak, norberekoiak eta tiranoak senitartekoakaz eta enperadore txikiak esaten jake. Azken belaunaldi bi horreek izango dira nire ustez Txinako gizartea goiti, behera aldatuko dabenak eta, beraz, nik orain esandakoek ez dabe balioko orain urte batzuk.


3.- Txinan daroazuzan urteetan ze gorabehera igarri dozu Txinan, aldaketa sozialik edo?

Aitatu dogun belaunaldien arteko gorabehera horreek sano esanguratsuak, erabagiorrak izango dira bihar-etziko txinaren izaeran. Edozelan be, aldaketa sozial nagusiena askatasun indibidualen arloan ikusten dot. Gazteek euren garapen personalerako dituen aukerak sekulakoak dira eta horretan ez daukie bape zerikusirik euren gurasoek bizi ebenagaz; gaur egun 40 bat urte eta hortik gorako gurasoek askatasun faltea, eskasia, pobrezia bizi izan ditue eta gazteek, barriz, askatasuna, giro politiko eta sozial barria ezagutu ditue, sare sozialak erabilten ditue, Internet sareari esker gobernuaren kontrol handiagoa dabe, salaketak egin edota ezinegona adierazoteko erraztasunak... Jakina, askatasuna eta eskubideak aldarrikatzeko tripea beteta eukitea komenidu da eta azken hiru hamarkadetan pobrezia gorritik 400 miloa lagun ataratea upealako iraultza izan da.


4.- ¡Que vienen los chinos! berbaldia emon dozu egunotan Bilbon. Aspaldi entzun dogun abisua da eta zeozelan mehatxu kutsua dauka; ba al dago arrazoirik bildurtzeko?

Bai. Aspaldiko mehatxua da baina inbasino kutsua bazterrean itxita, egia da txinatarrek ekonomia oso indartsua dabela eta gero eta zeresan handiagoa izango dabela mundu mailan. Ganera, bizi dogun krisiak bizkortu egin dau txinatarren aurrerakadea; gaur egun munduko bigarren indar ekonomikoa da Txina, Japoniaren aurretik eta aurreikuspenen arabera, 2030. urterako edo Txina AEBen aurretik jarriko da. Baina, esandako moduan, krisi egoerak aurreratu egin leike aldaketea. datu horreen atzean, barriz, enpresa txiki, ertain eta gizabanakoen drama larrik dagoz. Sarritan, gurean ez dogu ondo ikusten euskal enpresak Txinan ezartzea produkzinoa, txinatarrek beharra kentzen deuskuelakoan eta abar. Ez da hori nire eretxia. Txinatarrek oso zuhur jokatu dabe, eredu ekonomiko sendoa eregi dabe eta orain fase barria dogu zabalik, izan be, oraintsura arte kalidade eskaseko produktuen munduaren fabrikatzat geunkan arren, txinatarrek pausu bat egin dabe aurrera kalidadearen alde eta badatoz gurera, merkatuan lehiatzeko prest; berbarako Txinako kotxe markea dan Great Wall etxeak Europako lehenengo produkzino gunea ezarri dau Bulgarian. Hori ez da txarra, besteak beste, lanpostuak sortuko diralako. Dana dala, arduratzeko motiboak badagoz ze gure produktibidadea nahikoa eskasa da, gure soldatak eurenakaz konparauta nahikoa altuak dira oraindino eta horri ezin izango jako eutsi, hor aldaketak behar dira ze bestelako ez da egongo zereginik. Ekonomiaren pastela hortxe dago baina orain jente gehiago dago jateko eta, beraz, konpartidutea toketan jaku.

Beste alde batetik, gure hezkuntza sistemea ez dago bolanderak botateko moduan eta politikarien maila eskasa be gogoan hartuta, lehian behar dan moduan sartzeko arazoak metatu egiten jakuz. Gure politikariek I+D eta barrikuntzea lako kontzeptu handiakaz osotzen ditue euren berbaldiak baina arazo txikiena agertzen danean, hezkuntzan, kulturan eta ikerketa arloetan egiten ditue lehenengo murriztak. Datu lez baino ez bada be, ikerketa, garapen eta barrikuntza arloetan gehien inbertiduten daben herrialdeen artean, Txina munduko bigarren herrialdea da. Unibersidadeen munduari jagokonez be euskal unibersidadeak zein espainiarrak ez dagoz munduko onenen artean eta horrek guztiak ez deusku bape mesederik egiten, oraintsura arte Txinaren aurretik izan dogun posizinoari eusteko.


5.- Herrialde komunistatzat geunkan Txina baina kapitalismoak be indar handia dauka han. Kontraesan handia da hori, zelan da posible?

Txinak ezin hobeto buztartzen ditu sistema politiko autoritarioa eta merkatu ekonomia, nahiz eta guk ezagutzen doguna modukoa ez izan ze Txinako gobernuak zehazten ditu oraindino arlo pribatuaren gidalerroak. Ekonomia planifikatua tarteko, bost urterako planak zehazten eta agintzen jarraitzen dau gobernuak eta horreen arabera jokatu behar da. Oraindino, beraz, komunismoaren ezaugarriak ez dira desagertu eta gauza asko dagoz egiteko, telekomunikazinoen liberalizazinoa, yuan dibisa nazionalaren balio gorabeherak baimentzea eta abar. Edozelan be, bizpahiru urtetan edo bide horretatik joko dabelakoan nago.


6.- Orain 25 bat urte hasi ginan lehenengo txinatar jatetxeak ikusten gure kaleetan. Ordutik herri eta bazter guztietan sano ugaldu dira eta oraintsuagokoak diran Dana euroan dendak be bai. Ganera, lokalik onenak eta lekurik onenetan erosten ditue. Krisiak jota, lokalak eta negozioak zarratzen diran honetan, txinatarrek ez dabe krisirik igarten?

Gauza bi bereiztu behar dira: batetik, Txinako txinatarrak eta, bestetik, emigrau eben txinatarrak. Txinan ez dago krisirik, sektore batzutan gure krisia igarten dabe esportazinoa dalako euren jarduna baina bestela krisirik ez dago. Datu lez baino ez bada be, Txinak 2,4 bilioi euro daukaz dibisetan. eta esango deutsut igaz, berbarako, Volvo erosi ebala Txinak; hori da diruak ahalbidetzen dauena.

Zehatz ez dakit baina gurean bizi diran txinatarrek be dirua daukie, aurrezteko jokera handikoak dira eta holako estutasun egoeretan, dirua eukitea abantaila handia da.


7.- Txinatarrek inork baino gehiago eta merkeago behar egiten dabela esaten da baina langileen esplotazinoan eta eskubideen urraketan be maisuak ei dira, ala ez?

Ez. Txina gaur egun ez da dana euroan herrialdea. Topikoetako bat da hori baina ez da egia. Gauzak goitik behera aldatu dira. Txinan ekonomiaren gainetik hazi dira, urtean % 15-20 inguru hazten dira soldatak eta gaur egun enpresentzako kostuak sano igon dira. Txina honezkero ez da herrialde merkea, eskulan merkea daukana, orain enpresak Indiara edo Vietnamera doaz horren bila, izan be, Bangladeshen hilean 35-40 euro pagetan jake beharginei eta Vietnamen 60-70 bat; Txinan, barriz, gaur egun sano gatxa da 200 euro baino gitxiagogaitik behar egiten dauen inor topetea.

8.- Txinako gobernua aurrekontu arazoakaz dabilzan Europako herrialdeen zorra erosi edo kentzeko prest ei dago. Zurrumurrua ala egia?

Zurrumurrua baino gehiago da. Txinak zor asko dauka erosita, ez bakarrik Europan, baita AEBetan be. Kontuan hartu, AEBen hartzekodun handiena Txina dala. Lehen be esan deutsut txinak likidezia handia, indar handia dauka eta zorra erosteko gaitasuna dauka. Era horretako eragiketek sendotasuna ekarri leike hankaz gora dagozan merkatuetara. Hori bai, tartean erabagi politikoak egongo dirala uste dot, Txinako gobernuak esanda dauka, gu prest gagoz laguntzeko baina horrek kostua eukiko dau eta ez interesetan bakarrik... Nik ez dakit trukean Txinak zer eskatuko dauen. Txinak ondo egin ditu etxeko lanak, aurreztu eta dirua metatu dabelako Europak eta AEBek euki dabena baino gehaigo gastau daben bitartean.


9.- Urte asko egin dozuz Txinan baina Euskal Herrira biziten etortea pentsau izan dozu?


Bai, jakina, helburua hori da, baina gaur egun bizi dogun egoereagaz... Orain ez da momentua, beharbada hemendik hamar urtetara...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu