Galeuscak idazle galiziar, katalan eta euskaldunen onarpenean atzerapausuak ikusten ditu

Bizkaie! 2011-10-03 14:14   Kulturea

Galeusca idazle galiziar, kataluniar eta euskaldunen fedarazinoa Bartzelonan batu da asteburuan. Topaketa horretan ondoko adierazpena onartu dabe.

Galeusca Federazinoaren adierazpena

Bartzelonan, 2011ko urriaren 1ean baturik, idazle euskaldun, galiziar eta katalanok adierazoten dogu:

1. Gu ikusezin bihurtzeko eta gure izaera kultural nahiz nazionala manipuletako eta lausotzeko ahalegin guztien kontra, sormen lanetan geure hizkuntzea erabilten dogunak gara idazle euskaldun, galiziar eta katalanak, hau da, euskerea, galizierea eta katalana darabilgunak.

2. Normalizazinoan aurrera egin dan arren, batetik, oso urrun gagoz gizarte nazional finkatu batek eskatzen dituan gitxieneko baldintzetatik, eta, bestetik, gaur egun geure nortasunaren onarpenean atzerapausutzat joten doguzanak ikusten doguz. Beste behin be ohartarazo behar dogu Espainiar estasuan ez dagoala hizkuntza-aniztasunaren kulturarik, azken hogeita hamar urteetan ez dabe-eta erakutsi hezkuntza girorik sortzeko borondaterik bizikidetza demokratiko egiazkoa eta alkarren arteko ulermena egon daiten Estadu horren eremuko hizkuntzen eta literaturen artean, beti be kultura espainolaren destino historikoaren mito anakroniko horren menpekotzat joz.

3. Estadu espainol bateratua birzentralizetako ahalegin barrien aurrean barriz be gogoratuarazo behar dogu hemen ordezkaturiko nazinoen burujabetza-maila handiagoak bakarrik bermau daikela gure normaltasun egiazko eta osoa berreskuretea.

4. Gure babesa adierazoten deutsegu, ostera be, geure hezkuntza-sistemetan ezarritako murgiltze-ereduei, hori da-eta modu egokia geure hizkuntza eta kultura minorizauak berreskuretako.

5. Poblet-eko Adierazpenetik hogeita zazpi urte igarota, geure urteroko topaketek urtez urte erakusten deskue idazleek kezka sakona dabela estadurik bako gure nazinoen arazoaz, konstatau beharra dogu-eta oraindino be badirala zentsura-modu ekonomiko eta ideologiko barriak, idazleon lanean be eragiten dabenak.

6. Geure konpromiso sendoa berresten dogu Euskal Herria, Galizia eta Kataluniako literaturen arteko alkartruke eta alkarlaneko hartu-emonetan sakontzeko, Galeusca Federazinoaren bitartez. Zehatzago:

- Herri batzuetako eta besteetako idazleen eta literatur lanetako esperientzien arteko trukeak bultzatuz.
- Edizino digitalen formatu barrietara egokitutako argitalpen bateratuak martxan ipiniz.
- Alkarren arteko itzulpenak sustatuz, kultur esperientzien truke eta aberastea errazteko.
- Idazleen interes profesionalak modu bateratu eta alkartasunezkoan zainduz.

Poblet-en 1984ko bagilaren 24an egindako topaldian abiarazotako bidean, konpromisoa hartzen dogu orduan hasitako lanari jarraipena emoteko, 2009an sortutako Galeusca Federazinoaren bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu