Bilboko Zirkuituak udagoieneko denporaldiari ekingo deutso
2011-09-28 13:03 KultureaBilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu dauen Bilboko Zirkuitua programeak udagoieneko denporaldiari hasierea emongo deutso eguenean, hilaren 29an, bederatzi antzerki ikuskizunakaz, gehienak estreinaldiak.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatu dauen Bilboko Zirkuitua programeak udagoieneko denporaldiari hasierea emongo deutso eguenean, hilaren 29an, bederatzi antzerki ikuskizunakaz, gehienak estreinaldiak. Lan horreek txandakatuz joango dira gure uriko auzoetatik, zemendiaren 30era arte. Emonaldiak ohiko eszenatokietan eskainiko dira, Barrainkuako, Otxarkoagako, San Frantziskoko eta Altamirako udaltegietan, Solokoetxeko institutuan, Iturrigorri-Peñascal eta Zurbaranbarri ikastetxe publikoetan, eta, denporaldi honetan, lehen aldiz, Basurtuko eta Castañoseko udaltegietan.
Bilboko Zirkuituak 9 antzerki konpainia afizionatu edo erdi-profesional izango ditu urteko azken hiruhileko honetan: Totum, Enriqueta Vega, Burbujas, Nexo Teatro, Luna Llena, Tandem Teatro, Atacados, eta denporaldi honetan geugaz lehen aldiz izango doguzanak, Plataforma Tirante eta En la Inopia, azken hori 16 urteko neska talde batek osotua.
Totum konpainia izango da programazinoa zabaltzearen arduraduna, eguenean, Otxarkoagako udaltegian estreinauko dan De 16:00 a 18:00 horas lanagaz (19:30ean). María Urcelayk zuzentzen dauen konpainia aspalditik da ezaguna Bilboko Zirkuituaren programazinoaren barruan. Oraingo honetan, behatxulo lez funtzionetan dauen euren azken ikuskizuna aurkeztuko deuskue. Behatxulo horretatik ikus-entzulea, bost emakumek osotutako talde baten antzerkiko errutinan sartuko dabe.
Hurrengo egunean, barikuan, Barraikunako udaltegiak, Enriqueta Vega antzezlea protagonista izango dauen Yo tan tan Yo lana jasoko dau. Lan horrek, existentziaren nahasketea eta bizirik egotearen pasinoa jarriko ditu agirian. Protagonistea bere neurririk bako zorakerian mobiduten da, errealidadea bere moldeetatik atarata, biziteko indar guztiak goretsiz, umore poetiko zorrotzez betetako giroaren gozotasunean instalatuz.
Urrian, Bilboko Zirkuituaren beste edizino batzuetan parte hartu daben konpainia beteranoetako hiruren txandea izango da: Burbujas taldeak La Encerrona aurkeztuko dau, Nexo Teatrok Itaca eta Luna Llenak Amor al fresco.
Urriaren 20an, Otxarkoagako udaltegiak, denporaldi honetan lehen aldiz parte hartuko dauen Plataforma Tirante taldearen La 52 lana jasoko dau. Hiru personaiak jolasten dabilz, erregela faltsuen gainean orekeari eusten. Laugarren bat gehitzen jake gero. Jolas horretan, lauak euren senaren eta euren arteko hartu-emonen muturreraino helduko dira
Bilboko Zirkuitua programea eten egingo da Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia ospatzen dan bitartean –urriaren 28tik zemendiaren 4ra– eta barriro ekingo deutso bere bideari zemendiaren 9an, Iturrigorri – Peñascal ikastetxe publikoan, emakumez osotutako Luna Llena talde beteranoaren Amor al fresco lanagaz.
Hurrengo egunean, programan lehen aldiz parte hartuko dauen konpainietako baten txandea izango da, En la inopia, eta Solokoetxe Institutuan egingo dabe, Materia gris lanagaz. En la inopia taldea, Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dituan prestakuntza programen barruan antzerki klaseak jasoten hainbat urte daroezan 16 urteko neskek osotzen dabe. Egitarauari amaierea emoteko, Tandem Teatrok Marca blanca aurkeztuko dau, eta Atacados taldeak, umorez betetako Incontinencia verbal ikuskizun dibertigarria eszenaratuko dau barriro.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzinoa jasoten dauen Bilboko Zirkuitua programea, genero horretako ekimen aitzindaria eta bakarra da Euskadi osoan. Gure uriko antzerki taldeei euren lanak aurkezteko aukerea eskaintzeaz gan, programa honek Bilboren kultur eskaintza deszentralizetan be laguntzen dau, izan be, Bilboko hainbat barrutitan eskaintzen baita urte osoan.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak argiztapen eta soinu zerbitzu teknikoa eta publizidadea eskaintzen deutse konpainiei, eta baita konpensazino ekonomiko bat be. Programazinoan formatu txikiko lanak eskainiko dira, gaztelaniaz eta euskeraz.
Bilboko Zirkuituaren egitaraua (2011ko irailetik abendura)
- Irailak 29: De 16:00 a 18:00 h. (Totum taldea) Otxarkoagako udaltegian.
- Irailak 30: Yo tan tan Yo (Enriqueta Vega taldea) Barrainkuako udaltegian.
- Urriak 5: La encerrona (Burbujas taldea) Iturrigorri-Peñaskal ikastetxe publikoan.
- Urriak 6: Itaca (Nexo Teatro taldea) San Frantziskoko udaltegian. Ordua: 19:00
- Urriak 19: Itaca (Nexo taldea) Altamirako udaltegian.
- Urriak 20: La 52 (Plataforma Tirante taldea) Otxarkoagako udaltegian.
- Urriak 21: Amor al fresco (Luna Llena taldea) Zurbaranbarri ikastetxe publikoan.
- Zemendiak 9: Amor al fresco (Luna Llena taldea) Iturrigorri-Peñaskal ikastetxe publikoan.
- Zemendiak 10: Materia gris (En la inopia taldea) Solokoetxe institutuan.
- Zemendiak 15: Marca blanca (Tandem Teatro taldea) Barrainkuako udaltegian.
- Zemendiak 17: La encerrona (Burbujas taldea) Otxarkoagako udaltegian.
- Zemendiak 23: Atacados (Incontinencia verbal taldea) Altamirako udaltegian.
- Zemendiak 24: Yo tan tan Yo (Enriqueta Vega taldea) Castañoseko udaltegian.
- Zemendiak 30: Marca blanca (Tandem Teatro taldea) Basurtuko udaltegian.
Emonaldi guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!