Badatoz Bilbon Eskolatik Antzerkira, Eskolako Antzerki Lehiaketea eta Bilbaoeszenaren tailerrak

Bizkaie! 2011-09-27 14:17   Kulturea

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak aurrera jarraitzen dau Bilbon Eskolatik Antzerkira programeagaz. Honezkero ohikoa dan —aurten XVII. edizinoa beteko dau— Eskola Antzerki Lehiaketeagaz batera, Arte Eszenikoetarako ikus-entzule barriak trebatzea dau helburu, txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzeaz gan.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak aurrera jarraitzen dau Bilbon Eskolatik Antzerkira programeagaz. Honezkero ohikoa dan –aurten XVII. edizinoa beteko dau– Eskola Antzerki Lehiaketeagaz batera, Arte Eszenikoetarako ikus-entzule barriak trebatzea dau helburu, txikienen artean antzerkiko sorkuntza lana bultzatzeaz gan. Holan, ekimen horreetan, alde batetik, konpainia profesionalek umeei zuzenduta preparau dituen lanen emonaldiak sartzen dira, eta, bestetik, sorkuntzea bultzatzea, Bilboko ikastetxe guztientzat zabalik dagoan eta muntaiak aurrera eroan ahal izateko laguntza ekonomikoa eta teknikoa daben antzerki ikastaroen eta lehiaketearen bitartez.

2010/2011 ikasturtean, 37 ikastetxetako 7.991 ikaslek hartu dabe parte Bilbon Eskolatik Antzerkira programan, aurreko urtean izandako antzeko partaidetza kopurua –7.980 ikasle–. Horrek argi eta garbi erakusten dau umeentzako urte osoko programazino egonkor berezia eskaini nahi dauen ekimena finkatzen dagoala. Holan, 2010eko zemendia eta joan dan 2011ko maiatza bitartean, 16 ikuskizun eskaini ziran (euskeraz eta gaztelaniaz). Ikuskizun horreek zazpi konpainiak eskaini zituen, Bilborock-en, Campos antzokian eta Otxarkoagako eta Deustuko udaltegietan.

Ikasturte honetako barrikuntza nagusiak, proiektuaren barruan bi gune barri sartu izana da, San Frantziskoko Udaltegia eta Alondigea. Azken hori lengoaia garaikideetara hurrratzeko, jantzara batez be. Beste alde batetik, programazinoaren barruan, ingelesez preparautako ikuskizun bat sartu da, Haur Hezkuntzako ikasleei zuzendua, aurten Euskadiko Hiru Hizkuntzako Eskola proiektuan hasi diran ikastetxeei tresna artistikoak eskaintzeko asmoz.

Emonaldietara joateko aukeraz gan –horretarako aurretik ikastetxeek erreserbea egin behar dabe– Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenaren barruan, Kultura eta Hezkuntza Sailak material didaktikoak be jarriko ditu irakasleen esku, taldeakaz lan egin ahal izateko, ikastetxeetan bertan, eta ikus-entzule barrien prestakuntzan aurrera egin ahal izateko.

Era berean, Kultura eta Hezkuntza Sailak Eskola Antzerki Lehiaketearen edizino barri bat antolatuko dau 2011/2012 ikasturtean. Lehiaketearen helburu nagusia, Arte Eszenikoak ikastetxeetan tresna didaktiko lez erabiltea sustatzea da. Esangura horretan, antzerki emonaldien lehiaketa bat da, egokitutako lanak edo ikasleek eurek sortutakoak aurkeztuko dituana. Ondorioz, Bilbon Eskolatik Antzerkira programearen osogarri egokiena da, izan be, ikasleak ikus-entzule izatetik protagonista izatera pasetan dira.

Lehiaketearen azken edizinoan Bilboko 17 ikastetxe publikok eta pribatuk hartu eben parte. Euskerazko (26) eta gaztelaniazko (5) 31 antzezlan aurkeztu ziran. Eskola Antzerki Lehiaketea, Kultura eta Hezkuntza Sailak aspalditik bultzatzen dauen ekimena da, izan be, orain hogei bat urte sortu zan, umeen artean Arte Eszenikoak sustatzeko asmoz.

Igaz lehiaketearen oinarriek zenbait barrikuntza garrantzitsu jaso zituen. Horreen arten azpimarratzekoa da desagertu egin dirala edadearen araberako kategoriak (ikas-mailen artean alkarregaz egindako lana bultzatzeko) eta zenbait alderdi barri sarituko dirala, besteak beste, lan eszenikorik onena, proposamen eszenikorik bereziena, alderdi teknikoei emondako konponbiderik onena zein interpretazinorik onena. Kategoria bakotxeko lan irabazleek diploma bat eta 375 euro jasoko ditue, eta, horrezaz gan, euren lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, Arriaga Antzokian egiten dan Eskola Antzerki Jaialdiaren barruan.

Lehiaketan Bilboko ikastetxe guztiek hartu ahal izango dabe parte, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBH-ko eta Batxilergoko ikasleek, 3 eta 17 urte artekoek.

Arte eszenikoen alorreko eskaintzea, BilbaoEszenak, bariku arratsaldetan, euskeraz, eskaintzen dituan antzerkiaren hastapen ikastaroakaz osotuko da: bat 8 eta 11 urte arteko umeentzat, eta bestea 12 eta 16 artekoentzat. Ikastaro horreetarako aurre-inskripzinoa urriaren 7ra arte dago zabalik www.bilbao.net helbidean.

Eskola Antzerki Lehiaketak eta Kultura eta Hezkuntza Sailak umeei begira antolatutako ganerako antzerki jarduerek honako helburuak konpartiduten ditue: gure urian umeei eta gazteei zuzendutako antzerki programazinoa indartzea, gazteen artean antzerkirako zaletasuna sortzea, familia osoa kulturea konsumiduteko ohituran inpliketea, arte eszenikoen alorrean eskolakaz egiten dan lana indartzea eta aintzatespena eta garrantzia emotea ikastetxeek kultur hezkuntzan, oro har, eta antzerkiaren alorrean batez be, egiten daben lanari. Izan be, antzerkia ames iturri eta irudimen isla da, eta umeei zuzendutako antzerkia etorkizuneko antzerkia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu