Kukutza sortze-fabrikea dala azpimarratu eta gaztetxea zarratzearen kontra agertu da sortzaile talde zabal bat

Dabi Piedra Robledo 2011-09-23 15:46

Arkaitz Estiballesek azaldu dauenez: Xalbadorrek esan eban, herria dala gorputza eta hizkuntza bihotza eta ideia horretatik tiraka, guk esan geinke Kukutza dala gorputza eta sorkuntzea bihotza.

Bilboko Errekalde auzoan, harainegun Ertzaintzak prezintautako Kukutzaren aurre-aurrean, egin dabe sortzaileek agerraldia, gaztetxean egiten izan dan lana goraipatu eta berau zarratzea akats larria dala nabarmentzeko. 13 urtean Kukutzak auzoari eta uri osoari emon deutsena neurtu ezina da, zenbat tailer, berbaldi, ikastaro, kultur ekitaldi, gogora ekarri dau Arkaitz Estiballes bertsolariak, gaurkoan Lutxo Egia idazleagaz batera sortzaileen bozeroaile jardun dauenak. Kukutzaren aldeko adierazpena plazaratu dabe sortzaileek eta dokumentuagaz ehun personak baino gehiagok egin dau bat, bertsolariak, idazleak, musikariak, blogariak, aktoreak, eta abar dagoz tartean.

Adierazpena preparetan hasi zanean, Kukutzaren kontrako mehatxua salatu gura eban sortzaile talde horrek, baina gero, eraikinaren hutsitzea edo desalojoa gertatu eta mezua egokitu behar izan dabe. Ganera, agerraldia amaitu eta gero jakin danez, epaileak Kukutzaren eraikina botateko baimena emon dau eta egun bian geratuta egon eta gero, eraikina botateko prozesuagaz jarraitu ahal izango dau jaubeak.

Kukutza sortze-fabrikea da eta bertako jentea sortzailea da, mobimentu geraezina eratu dabe Errekalde auzoan, aldarrikatu dau Arkaitz Estiballesek, eredu horren alde gagoz, horixe defendiduko dogu, holako lekuak beharrezkoak diralako gizartean. Ganera, adierazpenaren sinatzaileek, kulturearen alde Kukutza gaztetxeak egindakoa azpimarratu gura izan dabe, auzoak eta uriak ez eze, euskereak, feminismoak, gazteriak, ekologiak, asko zor deutse gune horri.

Itxurakerien ganetik, benetako gizarte parte-hartzaile eta aktiboak muina behar dau eta Kukutzaren sormen ahalmenak hori eskaintzen izan dau, Arkaitz Estiballesek azaldu dauenez: Xalbadorrek esan eban, herria dala gorputza eta hizkuntza bihotza eta ideia horretatik tiraka, guk esan geinke Kukutza dala gorputza eta sorkuntzea bihotza. Agintari eta erakunde batzuek eredu hori suntsitzen tematuta dagozala salatu dabe sortzaileek eta haraineguneko desalojoan Ertzaintzak izandako jarrera oldarkorra gaitzetsi dabe, zauritu asko egon zan eta alkartasuna adierazo gura deutsegu eta ganera, salatzen dogu Kukutzaren barruan erabilitako grina apurtzailea; ertzain batzuek liburutegia txikitu eben, Estiballesen esanetan.

Bilboko Udalaren jarrerea be ez dabe ontzat jo sortzaileek, ezin deutsie erantzunkizunari uko egin, uritar guztien ordezkari diran heinean, Kukutzan dagoan mobimentua babestea da euren eginbeharra, uriari emoten deutsana kontuan hartuta. Beste aldera ez begiratzeko eskatu deutsie Udalari, izan be, Bilboko Udalaren jarrerea da, eraikina pribadua dala eta jaubeak bota gura badau erakunde publikoek ez daukiela zereginik horretan. Proiektu pribadutzat hartzen dabe Kukutza, baina auzolanari esker eregitako egitasmoa da, espazio publikoa sortu eta bertan eragiten dau, esan dau Estiballesek.

Bilboko Udalak negoziazinorako atea zabalik euki dau beti Kukutzaren arloan. Alkarrizketak egon dira, eta gaztetxearen jarduerea beste lokal batera eroatea eskeini deutsie Kukutzakoei. Guk Kukutza defendidu dogu beti eta Kukutza orain dagoan lekuan, esan dabe sortzaileek, gaztetxearen jarrereagaz bat eginda. Horregaitik, Udalak Kukutzakoei leporatu deutsie akordiorik egin nahi ez izana eta azpimarratu dau alternatibak eskeini bai, baina gehiago ezin dabela egin. Kukutzak Errekalden daukan garrantzia autortu eta negoziazinorako atea ez dau zarratu erabat Bilboko Udalak. Baina Iñaki Azkuna alkateak adierazo eban gaztetxearen atzean Bildu dagoala eta kale burrukearen garairik gogorrenak etorri jakozala burura hutsitzearen momentuko irudiak ikusita eta horrek gaiztotu egin leikez alde bien arteko hartu-emonak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu