Morboa eta turismoa (eta II)

Zigor Aldama 2011-09-23 12:11   Bidaide

Tailandian, Kwai ibaiaren ondoan, Tailandia eta Birmania lotzen zituan Heriotzearen Trenaren eraikuntzan hildako Koalizinoko 16.000 soldaduen (Danetara, 100.000 lagun inguru hil ziran) hilarriak agiri dira arduraz jagondako parkean.

Tailandian, Kwai ibaiaren ondoan, Tailandia eta Birmania lotzen zituan Heriotzearen Trenaren eraikuntzan hildako Koalizinoko 16.000 soldaduen (Danetara, 100.000 lagun inguru hil ziran) hilarriak agiri dira arduraz jagondako parkean. Nagasakin, barriz, gerra horren beste arpegia erakusten da, izan be, hildako soldaduen oroimenez, negozioa egin guran, aitatu trenak egiten eban ibilbidearen zati bati eutsi deutsie; ibilbide turistikoaren hasierea Kwai ibaiaren gaineko zubia filmari esker ezaguna egin zan zubi horretan hasten da. Burdinezko egiturearen ondoan, gerrako presoen bizimodua ezagutarazoten dauen museoa dago; bertan neurri errealeko etxolak, zuri-baltzeko zein sepia eszenak aberasteko panpinak eta makinatxu bat argazki dagoz ikusgai. Indarrez hartutako beharginen gorpuzkera ahul eta argala ikusita, bisitariak oro har hasarratu egiten dira eta japoniarrei, barriz, lotsa atzemoten jake arpegietan.

Era berean, lotsa sentiduten dabe Ho Chi Minheko, lehengo Saigon, Gerrearen Museora hurreratzen diran iparamerikarrek. Vietnameko gerrearen azalpena Mendebaldean ezagutzen ez dan ikuspegia erabiliz egiten da. Izan be, askatasunaren alde burrukan ebilzalakoan, sorbaldatan barra eta izarrez osotutako banderea eroien soldadu gazte zuri hareek egindako astakerien froga ugari dagoz ikusgai museoan. Argazkiotan barreka agiri dira soldadu gazte horreek gorpuzkinen ondoan eta zoritxarrez egungo gatazkak jatorkuz burura holakoak ikusita, berbarako, Irak eta Afganistanekoak. Horrezaz gan, herritar zibilen artean Napalmaren ondorioak erakusten dituen argazkiak be badagoz eta hegazkinek jaurtitako bonbetatik igesi, errepide batean biluzik korrika doan neskatoaren argazki saritua be hortxe dago.

Museoaren kanpoaldean neurri handiko gerrako tresnak dagoz, besteak beste, tankeak, hegazkinak eta soldaduen garraiorako kamioiak. Soldaduen eta armen erreplikak be badagoz baina deigarriena, duda barik, museoaren kanpoaldean bisitarien zain dagozan gerreak kaltetu eta zauritutako lagunak dira: elbarriak, napalmak erretako lagunak zein agente laranjak kaltetutakoak. Museoan ikusitakoakaz bisitariak hunkitu eta errukituko diralakoan, dongs batzuk jasoteko esperantzeagaz eskua luzatuta agiri dira danak. Zorionez, kasurik gehienetan jentearen txanpon apurrak jasoten ditue. Ez dago dudarik Vietnameko herritarrak izan zirala gerra horretako biktima nagusiak; berrogeita hamar urte geroago, ondorioak sufriduten jarraitzen dabe, izan be, gaur egun asko dira gerra kimikoaren ondorioz malformazinoakaz jaioten diran umeak.

Kanbodian, Tuol Slengeko kartzelak beste genozidio bat salatzeko balio dau. Halan da be, errua kasu honetan ezin jake leporatu kanpoko indarrei. Jemer Gorrien buruzagi Pol Potek Kampucheako Errepublikea, estadu komunistea, ezarri eban 1975. urtean eta mailua eta sega erregimen ezarri barriaren kontra azaltzen ziran guztiak akabetako ikur baino ez zan. Atara kontuak, herritarren heren bat, hiru miloe persona baino gehiago, garbitu zituen lau urtean. Zenbait belaunaldi birrindu eta herrialdea miseria gorrian itxi eben. Gerrea 1998an amaitu zan Nazino Batuen Erakundeko soldaduen urgentziazko esku-hartze eztabaidatuagaz.

S-21 kartzela Phnom Penh uriburuan dago eta edozein kikilduteko moduko lekua da, bertan ikusgai dagozan argazkietan odola eta gorpuzkinak agiri ez diran arren. Jemer Gorriek milaka gizon, emakume eta ume torturau eta hilteko erabili eben kartzela ez dabe bota, inork ez daian ahaztu han jazotakoa. Bildurgarria da, ze kartzelako areto, ziega eta enparauak orduko denporan lez dagoz eta, berbarako, tortura aretoetan koltxorik bako ohe inguruetan bilurrak eta bestelako tortura tresna batzuk dagoz bistan. Hil arte tortura ostean, presoei sua emoten eutseen. Horren barri daukagu torturatzaileek eurek egindako argazkiak topau ziralako kartzelan, gaur egun ikusgai dagozan argazkiak.

Hain makabroa ez bada be, sano hunkigarria da beste ziega batzuen edukia. Areto nahikoa handiak dira eta egun makinatxu bat argazki eta panel dagoz bertan; horreetan preso izandakoak agiri dira, baita umeak be eta harrigarria bada be, arpegikera lasaiagaz eta, kasu batzuetan, irribarre eta guzti.

Irribarre gitxi dago, ostera, alboko gelako argazkietan. Hor gorpuak, gorpuzkinak eta odola agiri dira, aurreko gelako argazkietan irribarreka agertutako lagunenak. Termometroak 30 gradu dagozala adierazoten dau baina hotza sentiduten da, aretoa ganezka dago baina isiltasuna da nagusi eta jazoera odoltsu horreetan bizia galdu ebenen senitarteko kanbodiar batzuen arpegietan behera malkoak doaz. Sufrimentua eta mina handiak izan arren, jemer idiosinkrasiak indar handia dauka eta gorrotorik ez da agiri. Hamar urtetik gora joan dira gerra zibila amaitu zanetik eta gaur egun Kanbodiak pausuak emon ditu bakearen alde. Baina pobrezia ez da desagertu eta arlo honetan asko dago egiteko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu