Hainbat poetek parte hartuko dabe Poesia Mobimentua ekimenean, Bilbon
2011-09-22 17:36 KultureaBilbok bat egingo dau zapatuan, hilaren 24an, Munduko Poesia Mobimentuaren ekimenagaz. Hainbat egileren olerkiak irakurriko dira Berastegi kalean eta Erriberako, Deustuko eta Labayruko udal merkatuetan. Jardunaldia munduko 530 uritan, aldi berean, egingo da. Irakurketetan biziaren eta Lurraren aldeko aldarrikapena zabalduko da.
Bilbok bat egingo dau zapatuan, hilaren 24an, Munduko Poesia Mobimentuaren ekimenagaz. Hainbat egileren olerkiak irakurriko dira Berastegi kalean eta Erriberako, Deustuko eta Labayruko udal merkatuetan. Jardunaldia munduko 530 uritan, aldi berean, egingo da. Irakurketetan biziaren eta Lurraren aldeko aldarrikapena zabalduko da.
Zapatuan, 12:00etan, Kirmen Uribek, José Fernández de la Sotak , Pablo González de Langarikak eta Edorta Jiménezek olerkiak irakurriko ditue Berastegi kalean. Horregaz batera, udal merkatuetan olerkien irakurketa edegia egingo da, eta Bilboko Kultura eta Hezkuntza Sailak parte hartzeko deialdia zabaldu dau, gura dauenak gustuko dituan poemak irakurtera joan daiten.
Munduko Poesia Mobimentua 2011ko garagarrilaren 4tik 8ra bitartean Medellinen (Kolonbian) egindako nazinoarteko poesia jaialdietako 37 zuzendariren topeketen barruan sortu zan. Batzarrotan poesiaren eta bakearen arteko loturea, gizakiaren espirituaren berreregitea, naturearen berreskuratzea, herrien arteko batasuna eta kultur aniztasuna, miseria materiala eta justizia poetikoaz eztabaidatu eben. Poesiaren globalizazinoaren alde egin daitezkeen ekintzei buruz be egin eben berba. Hilabeteren ostean, Poesia Mobimentuak nazinoarteko 96 poesia jaialdiren, poesia arloko 54 talderen eta 485 poetaren partaidetzea lortu dau.
Mobimentuaren helburuetako bat nazinoarteko poesia jaialdi nagusiak, poetak, poesia eskolak eta argitalpenak (paperezkoak eta birtualak) batzea da, alkarlana indartzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!