Egunerokoak literaturan bete izan dauen lekua izango dabe berbagai Iñaki Uriarte eta Enrique Vila-Matas idazleek Bilbon

Bizkaie! 2011-09-16 14:15   Kulturea

Oraingo honetan, topaketan, eguneroko personalek literaturearen barruan bete izan daben lekuari buruzko eztabaidea proposatzen da. Hitzordua, hilaren 20an, 19:30ean, Bilboko Bidebarrietako Liburutegian.

Eztabaidak literatureagaz, jentaurreko alkarrizketearen bitartez literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, datorren martitzenean, irailaren 20an, ekingo deutso barriro hileroko hitzorduari, udako oporraldiaren ondoren. Topaketa horretan Enrique Vila — Matas eta Iñaki Uriarte idazleek egunerokoari buruz berba egingo dabe, literaturako genero moduan.

Hitzordua, martitzenean, arratsaldeko 19:30etan hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek aurkezle eta gidari lana egiten dau. Oraingo honetan, topaketearen moderatzailea, Radio Euskadiko kultura.com saioko aurkezlea dan Idoia Jauregi izango da.

Oraingo honetan, topaketan, eguneroko personalek literaturearen barruan bete izan daben lekuari buruzko eztabaidea proposatzen da. Izan be, asko dira letren alorrean mugak gainditu dituen eta hilezkor bilakatu diran egunerokoak, Ana Frank neskatila judutarrarena, besteak beste. Beste batzuek errealidadea eta irudimena nahasten ditue, eta Frankenstein edo Drakula, lako lanen jatorrian dagoz. Beste batzuek polemikea be eragin dabe, sekretuak edo intimidadeak azaleratu dituelako. Esangura horretan, datorren martitzeneko hitzorduan zenbait gairi buruz berba egingo da, zein elementuk bilakatzen daben eguneroko bat literatura lan edo zertan oinarritzen dan irakurleak biografiaren azpi-genero honen aurrean dauen interesa, jazoeretan ala jazoerok kontetako moduan.

Enrique Vila - Matasek (Bartzelona, 1948) Zuzenbidea eta Kazetaritza ikasi zituan, eta zine kritikari izan da zenbait argitalpen espezializatutan. Saiakera eta fikzino erradikala erakusten dituan Historia abreviada de la literatura portátil (1985) lanari esker hasi zan ezaguna izaten. Ondoren, Una casa para siempre (1986), Suicidios ejemplares (1991) eta Hijos sin hijos (1993) kontakizun liburuak argitaratu zituan. Gero eleberriak idazteari ekin eutson, Lejos de Veracruz (1995), Extraña forma de vida (1997), El viaje vertical (2000), Bartleby y compañía (2001), El mal de Montano (2002) eta holan, liburu lan bat urtean, aurten argitaratu dauen Chef Baker piensa su arte lana tarteko.

Vila - Matasek ia hogeita hamar eleberrik eta saiakera liburu idatzi eta makinatxu bat sari irabazi ditu nazinoartean; haren obrak eta 30 hizkuntzatara itzuli dira.

New Yorken (1946) jaio eta Bilbon bizi dan Iñaki Uriarte literatur kritiko ohiak igaz argitaratu eban Diarios 1999 — 2003 (Pepitas de Calabaza Argitaletxea) bere lehen liburua. Lan horretan, bere eguneroko personaletan idatzitako zenbait testu batzen ditu, bere bizitzako anekdotak, bere adiskideei eta arerioei buruzko kontakizunak, bidaiak, euskal egoera politikoari buruzko aitamenak, disgresino filosofikoak eta ondo bizitzearen arteari buruzko hainbat gogoeta.

Laugarren edizinoa

2007ko urtarrilean, Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, José Andrés Rojo eta Manuel Vicent, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea edo María Dueñas eta Lorenzo Silva.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu