Musikari, poeta eta bertsolariek bat egingo dabe Xabier Leteri omenaldia egiteko
2011-09-14 18:44 MusikeaXabier Leteren heriotzearen I. urteurrenaren harian, musikariek, poetek eta bertsolariek bat egin dabe haren omenezko bira batean, jenteari musikari eta poeta oiartzuarraren doinurik ezagunenak gogorarazoteko asmoz, gaur egungo euskal artistarik ezagunenetako batzuen ahotik, besteak beste, Pier Paul Berzaitz, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi taldeko kantaria), Antton Valverde, Erramun Martikorena, Arantxa Irazusta eta Petti.
Xabier Lete euskal kantautorearen heriotzearen lehenengo urteurrenaren harian, musikariek, poetek eta bertsolariek bat egin dabe haren omenezko bira batean, jenteari musikari eta poeta oiartzuarraren doinurik ezagunenak gogorarazoteko asmoz, gaur egungo euskal artistarik ezagunenetako batzuen ahotik, besteak beste, Pier Paul Berzaitz, Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi taldeko kantaria), Antton Valverde, Erramun Martikorena, Arantxa Irazusta eta Petti.
Hondarribian eta Usurbilen lortutako arrakasta handiaren ondoren —sarrerak agortu ziran batean zein bestean—, Kutxak babestutako bira hau Iruñera helduko da hilaren 23an, barikuan, eta hortik aurrera, Baiona, Bilbo, Urnieta, Gasteiz eta Donostia bisitauko ditu. Kontzertua Gaiarre Antzokian izango da, 20:00retan, eta sarrerak salgai dagoz honezkero, Antzokian bertan eta Karrikirin (Xabier Jaitsiera, 4, behealdea).
Iruñeako emonaldia gaur goizean aurkeztu dau prentsaurrekoan Arantxa Irazusta kantariak, gala gidatzeaz arduratuko dan Noel Elorga eta kontzertua antolatu dauen Joxeanjel Arbelaitz aldean zituala. Kontzertu sorta honen bitartez, gure mirespena azaldu nahi deutsagu, euskal kulturea maitatu eta doinu eta poemen bitartez, maitasun hori era askotako musikazaleei txertatu eutsen musikagile handi horri. Lete euskal musikaririk maitatuenetakoa izan zan publikoarentzat eta geuretzat, bere lankide izan ginanontzat, azaldu dau Irazustak.
Hilaren 23ko kontzertuan, Pier Paul Berzaitz, Eñaut Elorrieta, Antton Valverde, Erramun Martikorena, Arantxa Irazusta eta Pettigaz batera, Hedoi Etxarte poeta eta Amets Arzallus bertsolaria taularatuko dira. Birearen barruan, besteak beste, Bernardo Atxaga, Mikel Urdangarin, Paco Ibañez, Txomin Artola, Amaia Zubiria, Jabier Muguruza, Anje Duhalde, Kirmen Uribe eta Xabier Euzkitze, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariak be tartean izango dira.
Lete euskal musikearen ezinbesteko erreferentzia bilakatu zan 1974an argitatu eban lehenengo diskoaz geroztik, eta Iruñean entzungai izango dan omenezko emonaldi honi esker, publikoak, haren doinuen nostalgiaz eta konpromisoaz zuzenean gozetako aukerea izango dau barriro be. Kontzertuko partaideek Amodio, amore, San Martin, azken larrosa, Habanera, Haizea dator ifarraldetik, Haur andaluz bati seaska kanta, Heriotzaren begiak, Itsasoan urak handi dire, Izarren hautsa, Izotz-Ondoko eguzki, Kontrapas, Lore bat, zauri bat, Nafarroa arragoa eta Ni Naiz kantuen bersino hunkigarriak eskainiko ditue kantautorearen ibilbide artistiko luzea laburbiltzeko asmoz, eta oiartzuarrak poeta eta bertsolari moduan egindako lana nabarmendu guran, Hedoi Etxartek eta Amets Arzallusek haren poema eta bertso batzuk errezitauko ditue.
Artista horreek guztiak Karlos Gimenez piano-jotzailea, Joxan Goikoetxea teklatu-jotzailea, Xanet Arozena gitarra-jotzailea, Francisco Herrero biolin-jotzailea, Luis Fernandez biolontxelo-jotzailea, Txema Garces baxu-jotzailea eta Juatxo Zeberio piano-jotzailearen akonpainamenduaz taularatuko dira.
Xabier Lete, euskerazko kantagintzearen aitzindaria
Xabier Lete joan dan abenduaren 4an hil zan. Literatura nahiz musikearen alorrean, ekarpen aparta egin eutson euskal kultura herrikoiari, izan be, kantuak konposatzeaz gan, beste egile batzuen poemak eta bertsoak (Txirrita edo lizardirenak, kasu) zabaltzen lagundu eban musikearen bitartez. 1965ean, 21 urte besterik ez zituala, Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu eban Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Jose Anton Artze, Jose Angel Irigaray eta Lourdes Iriondogaz batera. Taldea desagertu ondoren, bakarka edota Antton Valverdegaz batera kantetan segidu eban. Diskoak grabeteaz gan, poema bilduma zabal-zabala landu eban, eta honi esker, euskerazko poesiaren Kritika Saria eta Euskadiko Literatura Saria eskuratu zituan.
Xabier Leteren omenezko kontzertuaren egitaraua (Gaiarre Antzokian, hilaren 23an, 20:00retan)
- Pier Paul Berzaitz: Lore gorrien balada; ‘Negarra begian; Habanera.
- Erramun Martikorena: San Martin azken larrosa; Nafarroa, arragoa; Kontrapas.
- Antton Valverde: Amodio amore; Jardin bat zuretzat; Hitzez hitz.
- Arantxa Irazusta: Haur andaluz bati seaska kanta; Heriotzaren begiak; Izotz-Ondoko eguzki; Itsasoan urak handi dire.
- Petti: Lore bat, zauri bat; Altzateko jaun; Euskal Herri nerea; Haizea dator Ifarraldetik.
- Eñaut Elorrieta: Ni naiz; Izarren hautsa; Nik ez dut amets handirik.
- Hedoi Etxarte: poemak
- Amets Arzallus: bertsoak, errezitatuak eta musikaz lagunduta.
Aurkezlea: Noel Elorga.
Kontzertu hau, datozen egunotan Baiona, Bilbo, Urnieta, Gasteiz eta Donostia bisitauko dituan Leteren omenezko birearen barruan antolatu da:
- Baiona, irailak 24 (20:30etan), Udal Antzokian.
- Bilbo, urriak 8 (20:00etan), Euskalduna Jauregian.
- Urnieta, urriak 11 (22.00etan), Kiroldegian.
- Gasteiz, abenduak 2 (20:00etan), Principal Antzokian.
- Donostia, abenduak 4 (20:00etan), Kursaalen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!