Guggenheim Bilbao Museoko 'Bitarte argitsua: The D.Daskalopoulos Collection' erakusketeak ia 514.000 bisitari izan ditu

Bizkaie! 2011-09-06 11:29   Kulturea

Guggenheim Bilbao Museoan Bitarte argitsua: The D. Daskalopoulos Collection erakusketea ikusteko azken astea da hasi barri dana, irailaren 11n amaituko baita, eta orain arte 513.492 bisitari jaso ditu.

Guggenheim Bilbao Museoan Bitarte argitsua: The D. Daskalopoulos Collection erakusketea ikusteko azken astea da hasi barri dana, irailaren 11n amaituko baita, eta orain arte 513.492 bisitari jaso ditu. Erakusketeak izandako arrakasteari esker, uda honetan museo bilbotarraren bisitarien kopurua % 23 igon da 2010eko udakoaren aldean.

Erakusketea apirilaren 12an inaugurau zan. Iberdrolak babestu dau eta 30 bat artisten 60 lan inguru ditu erakusgai museoaren bigarren pisuan eta lehenengo pisuko zati batean. Lanok baliabide ugari batzen baditue be, arreta berezia emon jake eskultureari eta neurri handiko instalazinoei, pinakoteka bilbotarretik gogoratu dabenez.

Erakusketeak oinarri ditu 1980ko eta 1990eko hamarkadetako lanak, izen handiko artistenak -besteak beste, Matthew Barney, Louise Bourgeois, Robert Gober, Mike Kelley, Martin Kippenberger, Paul McCarthy, Annette Messager eta Kiki Smith-; dana dala, artista gazteen proiektuak be ikusgai dagoz, esaterako, Paul Chan-enak, Guyton\Walker-enak, Nate Lowman-enak eta Wangechi Mutu-renak.

Esandako moduan, publikoarentzat zabalik egon dan hilebetetan, erakusketeak 513.492 bisitari jaso ditu irailaren 4ra arte. Datu horrek agirian ixten dau gure hurreko ingurunean erakusketeak harrera ona izan dauela, bai estaduko bai nazinoarteko bisitariak hurreratu baitira museora azkeneko hilebeteotan, azaldu dabe.

Erakusketea behin betiko zarratu eta gero, Guggenheim Bilbao Museoak datorren irailaren 13an, Laborategiak. Bilduma Iraunkorrari begira: Aitor Ortiz erakusketea inaugurauko dau eta aurrerago, Brancusi-Serra erakusketea inaugurauko dau urriaren 8an. Erakusketeak XX. mendeko bi eskultorerik garrantzitsuenetakoen arteko alkarrizketa bikaina islatzen dau: Constantin Brancusiren eta Richard Serraren artekoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu