Txinan bizikletak nagusi barriro be

Zigor Aldama 2011-08-23 15:40   Bidaide

Gaur egun garraiobiderik popularrena da bizikletea eta adituen kalkuluen arabera, 130 miloe bizikleta inguru ibiliko dira Txinan, kotxeak baino 30 miloe gehiago.

Pedalei eragiteaz gogaituta dagoz txinatarrak. Antza, jondako sasoietan nahikoa eta lar erabili izan dabe garraiobide hori eta gaur egun merkatuko motorrik indartsuenaz hornidutako lau gurpildun ibilgailuak dira txinatarren pasinoa eta helburu. Zorionez, planetearen mesederako Txinako 1.350 biztanle guztiek ez daukie kotxerik erosteko beste dirurik. Gauzak holan dirala, gaur egun be txinatarrak hara eta hona bizikletan dabilzala mendebaldean dogun irudia egia da; hori bai, egungo bizikleta asko energia elektrikoaren indarrez dabilz. Txinan, edozein lekutan, espaloi batetik aurrekora pasetea abentura arriskutsua izan daiteke, bizikleta elektrikoak jaun eta jaube dira asfaltoan, merke-merkeak dira, azkarrak eta ez dabe bape zaratarik egiten. Gaur egun garraiobiderik popularrena da bizikletea eta adituen kalkuluen arabera, 130 miloe bizikleta inguru ibiliko dira Txinan, kotxeak baino 30 miloe gehiago. Teknologia garbietan aditua dan Pike Research etxeak egindako ikerketa bat gogoan hartuta, datozen lau urteotan aitatu datuak hirukoiztu egingo dira. 2010 eta 2016 bitartean, munduan 466 miloe bizikleta elektriko salduko dira eta horreetatik gehienak, % 95 erabiltzaile txinatarrak izango dira.

Egoera horri erreparauta, ez da harritzekoa bizikleta elektrikoen fabrikatzaile nagusiak munduko herrialde populatuenean egotea. Xinri da planetan bizikleta elektriko gehien egiten dituan enpresea; urtean bost miloe bizikleta inguru egiten ditue eta bezeroen artean polizia txinatarra eta posta zerbitzu txinatarra dagoz. Jackie Chan aktorea da markearen irudia eta argi dago mundura zabaltzea dala enpresearen ardura nagusienetakoa. Igaz hasi ziran bizikletak esportetan AEBetara, Japoniara eta Nigeriara, beti be merkatu bakotxaren eskakizun eta beharretara egokituta. Itsaso Barea zeharkatzen dabenak eta Japonian geratzen diranak betiko bizikleta baten itxura eta neurrikoak dira baina Afrikara bialtzen dituenak, barriz, handiagoak dira. Han garraiobide legez ez eze, karga edo zamak eroateko ibilgailu moduan erabilten ditue eta, jakina, leku gehiago behar izaten dabe. Horrezaz gan, bizikleten bateriak kargetako puntuak edo entxufeak be ez dagoz edonon eta, beraz, bateriak handiagoak eta pisutsuagoak dira. Xinri enpresa arraldoiak garapen bidean diran herrialdeetan laster merkaturatuko ditu Pekineko Joku Olinpikoetan eta Shanghaiko Erakusketa Unibersalean ikusitako eta gaur egun Txinako hainbat uritan, garbiketa zerbitzuek erabilten dituen triziklo elektrikoak.

Bien bitartean, Wuxiko fabrika ikusgarrian bizikleta bat egiten dabe 11 minuturo. Bizikleta kontuetan Txina merkatu indartsua da eta leku ezin hobea teknologia barriakaz esperimentetako, forma, kolore, material eta modalidade guztiakaz 'jolasteko'. Emakumeei gehien gustetan jakezanak kolore biziko bizikleta txikiak dira, aurrean otzaratxua eta atzean parrillea dabenak; ganera, Chen Kaiya zuzendari teknikoak jakinarazo dauenez, elektrikoak izan arren, bizikletek pedalak eukitea be eskatzen dabe emakumeek, bateria barik gelditu ezkero, aurrera egin ahal izateko. Gizonezkoek, barriz, bizikleta handiak eta motor indartsua dabenak gurago izaten ditue; diseinuari be asko erreparetan deutsie gizonezkoek. Xinri enpreseak oraintsu atara dituanak scooter motorren itxurakoak dira eta orduko 70 kilometroko abiadurea hartu leikie; karga pisutsuak eroan arren, orduko 40 eta 60 kilometro egiteko kapaz dira baina kasu askotan ohikoa izaten da 40ko mugea ez gainditzeko sistemea ezartzea.

Sektoreak momentu gozoa bizi dau enpresako presidenteorde Hu Gang-en esanetan. Lehenengo bizikleta elektrikoa 1996an egin zan Txinan eta ordutik, 15 urteko epean, automozinoaren industriak 50 urtean izan dauen aurrerakadea izan dau. Garapen bidean dagozan herrialdeetan, bizikleta elektrikoek garraiobideen mundua hankaz gora jarriko dabela esango neuke. Alternatiba bikaina dira. Hu Gang-ek Txinako gaur aroko errefrauen bildumatik ondokoa proposatzen dau: Bizikletea nekagarria da, autobusa beti doa ganezka, kotxea karuegia da eta motorra sano arriskutsua.

Ingurumenari ez deutsiela kalte egiten da ibilgailu elektrikoen aldeko beste arrazoi bat. Baina ez da egia osoa. Izan be, bizikleta elektrikoen bateriak kargetako energia iturria gogoan hartzea komenidu da Guim Valls, azken urteotan planetan zehar bizikleta elektrikoan dabilen kataluiniarraren eretxiz. 2006an, Pekineko Joku Olinpikoakaz batera ekin eutson abentureari eta datorren urtean Londonera heltzeko asmoa dauka 2012ko Joku Olinpikoen hasierarako. Holan, energia garbia eta merkea erabiliz 8.000 kilometro egin daitekezala erakutsi gura dau. Egungoa lako krisi sasoian, garraiobide hau sustatu beharko litzatekela uste dot. Valls jn.ak darabilen bizikleteak litiozko bateriak ditu eta erremolkean daroazan eguzki-plakakaz kargetan dira. Edozelan be, Txinan bateria gehienak berunezkoak dira, sano kutsagarriak bai produkzinoa eta bai birziklapen prozesuan be eta sare normalean kargau ezkero, ikatza erreta lortuko da energia. Datua gogoangarria da: Txinako beharrizan energetikoen % 70 ikatza erreta lortzen da.

Halan da be, Xinri enpresako arduradunek badakie ondo ibilgailu elektrikoen aldeko jarrera horretan 'garbia' izatea ez dala txinatarrek gehien estimetan daben ezaugarria; txinatarrek merkeak diralako aukeratzen ditue ibilgailu elektrikoak. Gure baterien produkzinoan erabilten dogun teknologiari esker, urte eta erdi inguruko iraupena izaten dabe. Hortik aurrera, baterien birziklapenaz arduratzen gara eta barriak merkeago erosteko plangintzak darabilguz. Litiozko baterien alde gagoz, oraingoz karuagoak izan arren. Zoritxarrez, gure bezero gehienek 3.000 yuan baino gehiago (330 euro inguru) ez dabe pagau gura adierazo dau Hu Gang-ek.

Beste alde batetik, sektorea sano arduratuta dago seguridadeagaz. The Wall Street Journal egunkariaren arabera, 2007an, 2.500 lagun hil ziran Txinan bizikleta elektrikoetan joiazala izandako trafiko ezbeharretan. Berbarako Shenzhen urian galarazo egin ditue bizikletok igaz trafiko ezbehar guztietatik % 15,7tan bizikleta elektrikoak egon ziralako tartean. 'Hiltzaile isilak' dira askorentzat. Baina beste edozien produktugaz legez, garrantzitsuena erabiltzaileak zentzunez eta erantzukizunez jokatzea da adierazo dau Hu-k. Pausuak emon behar dira Txinako errepideetan seguridadea hobetzeko. Bizikleten harian, asko dira zeozelan erabilerea arautzea eskatzen dabenak eta ziklomotorrak gidatzeko behar dan moduan, bizikletok gidatzeko be karneta behar izatea eskatzen dabenak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu