Hiru egun folk onenagaz gozetako XI. Bidasoafolk jaialdian
2011-08-19 10:54 MusikeaBidasoafolk jaialdiari hasierea emoteko, gaur, hilak 19, Vieux Farka Tour (21:30) eta Xabier Aburruzaga (20:30) aukeratu ditue antolatzaileak. Lehenengo hitzordua Hobndarribian izango da.
Bidasoafolk jaialdiari hasierea emoteko Vieux Farka Tour aukeratu dabe antolatzaileek. Umetatik jaso eban musikarako pasinoa, Ali Farka Toure aitaren eskutik. Bamako eta Niafunke (Mali) artean hazi zan, musika uniberso aberats batean. Laster geratu zan agirian calabash eta perkusinoak joteko eukan talentu handia. Gaur Hondarribian konprobau eta gozau ahal izango da talentu hori, Arma Plazan (21:30). Haren aurretik Xabier Aburruzaga trikitilariaren txandea izango da leku berean (20:30).
Tounami Diabate musikari handia izan eban aitaponteko Vieux Farka Tourek. Haren babesean Frantzian eta Afrikako hegoaldean bira bat egin eban. Gero, aitagaz batera gitarrea joten hasi zan. Aldi berean, hots eta eragin barriak sartu zituan Maliko iparraldeko betiko musikan.
2005ean, Vieux Farka Toure barriro jarri zan hartu-emonetan Eric Herman-egaz, Bamakoko Institutuan ezagututako musikari estadubatuarragaz. Alkarregaz erabagi eben Farka Toureren lehenengo diskoa grabetea. 2009an, bigarren lana argitaratu eban, Six Degrees Records zigiluagaz.
Xabier Aburruzaga, barriz, Portugaleten jaio zan. Zortzi urtegaz eskusoinua eta pianoa joten hasi zan. Hainbat sari lortu eta gero, trikitia aukeratu eban, eta ordutik jo eta su dabil bazterrak astintzen. 33 urtegaz, eskarmentu handia pilatu dau musikearen munduan. Bere estiloa garatu dau, bere jatorriari uko egin barik. Sei disko kaleratu ditu, eta Denboraren naufragoa da orain arteko azkena.
Bidasoafolk jaialdiak Irunen izango dau jarraipena bihar. Hiru kontzertu izango dira. Jacine Balahcene, Iannis Papaioannu & The Oriental Groove taldeak (Aljeria, Grezia) Mediterraneoko musikearen aldaera barria eskainiko dau, soinu elektriko eta elekronikoak buztartuz. Kontzertua Oiasso museoan izango da (19:30).
Juncal plazan, barriz, Olga y Los Ministrilles Aragoiko (Espainia) taldeak joko dau gaueko 21:00etan hasita. Aragoiko herri musikearen berrirakurketea egiten dabe, antxinako eta gaur egungo musika tresnak erabiliz. Haren ondoren, Coetus taldeak joko dau leku berean; Tactequete Kataluniako perkusino taldearen eta Eliseo Parra musikariaren arteko alkarlanaren emoitzea da Coetus. Hamalau perkusino jotzailek Parragaz konpartiduten dabe agertokia. Parrak gaztelaniaz, katalanez eta galegoz abesten dau.
Azken buruan, domekan Hendaian egingo dan saioan, bost musika emonaldi izango dira. La Fanfare Des Goulamas fanfarre taldea Hendaiako kaleetan ibiliko da (18:00etatik aurrera); Txomin Artolak Bixintxo eleizan emongo dau kontzertua (19:30ean); Lengualerta Mexikoko taldeak Gaztelu Zahar frontoian joko dau (21:00etan); eta amaitzeko Macka B & The Roots Ragga Band reggae talde ingelesagaz (22:00etan) eta Bad Sound System taldeagaz gozetako aukerea izango da (23:45ean).
Aurten Bidasoafolk Jaialdia 2011, Pirinioetako urtea proiektuaren parte izango da. Ekimen horren helburua kultur eta kirol ekitaldi guztiak europar mailan sustatzea da. Horretarako, kultura izaerako ekimen hau aurrera eroan da, haren partaide Bidasoafolk Jaialdia dalarik. Europar mailako komunikazino ekintzen bitartez jakinarazoko dira proiektuaren parte diran ekimenak.
Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoak antolatu dau Bidasoafolk jaialdia Hendaia, Irun eta Hondarribiko udaletako kultura arloakaz koordinauta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!