2011ko Aste Nagusiko Txupinerea eta Pregoilaria aurkeztu ditue jentaurrean
2011-08-18 15:25Mekauen konpartsakidea Patrizia Lezama da aurtengo txupinerea. Eta Bilbao-New York-Bilbao eleberriari esker Bilboren izena munduan zabaldu dauen Kirmen Uribe, barriz, pregoilaria.
Jai Batzordeko presidentea eta Bilboko Udaleko Jaietako zinegotzia dan Itziar Urtasunek 2011ko Aste Nagusiaren pregoilari eta txupinerea aurkeztu ditu modu ofizialean, Jai Batzordeagaz batera. Aurkezpena Arriaga Antzokian izan da. Bertan 2011ko Aste Nagusiko Zesta Punta Liga Profesionalera Iparralde, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Bizkaitik etorritako 12 zesta-punta pelotari profesionalek ohorezko arkua egin deutsee eguneko bi protagonistei.
Mekauen konpartsakidea Patrizia Lezama da aurtengo txupinerea. Eta Bilbao-New York-Bilbao eleberriari esker Bilboren izena munduan zabaldu dauen Kirmen Uribe, barriz, pregoilaria
Jaietako Zinegotzia zain euken eta danak batera foyerera igon dabe Jai Batzordeko eta Bilbao Konpartsetako kideakaz eta Jon Aldeiturriaga, Alde Zaharreko Merkataritza Alkarteko gerenteagaz alkartzeko. Alkarte horrek orain dala 33 urte, Aste Nagusia jaio zanetik, jaiaren bi ikono horreek jazteko ardurea dauka.
Pregoia eta txupina
Datorren zapatuan, abuztuak 20, arratsaldeko zazpiak baino minutu batzuk lehenago Kirmen Uribek jaietako pregoi literarioena irakurriko dau. Amaitutakoan, arratsaldeko zazpietan puntu-puntuan, Patricia Lezama txupinereak eta Mekaueneko konpartsakideak, txupina piztuko dau Arriaga Antzokiko balkoi nagusitik, milaka personen aurrean.
Momentu horretan, dibertimenduz betetako bederatzi egun luze eta bizi hasiko dira, musika, txosna, antzerki, barraka, zirko, ume zein gazteentzako joku zein kirolak lako jarduerez beteta. Bilboko Udaleko Jaietako Sailak eta Jai Batzordeak antolatutako egitarau honek 300 ekitaldi baino gehiago batzen ditu.
Pregoilaria eta Txupinerea Aste Nagusiko hasierearen personaia nagusiak dira eta urteak pasa ahala gero eta garrantzi gehiago hartu dabe jaietako bederatzi egunetan zehar. Gehien bat txupinerea, bere lana hasierako txupina botateaz gan, egunero, goizeko hamarretan, suziria bota behar dauelako jaietako egun barri bati hasierea emoteko.
Konpartsetako eta Udaleko ordezkariek osotutako batzorde misto batek pregoilaria hautatzen dau eta Bilboko Konpartsek txupinerea izentetan dabe, baina beti be kontuan izanik pregoilaria gizona ala emakumea izan daitekela eta txupinerea beti emakumea.
Guda Karlistetan oinarritutako uniformea daroe biek: Pregoilariak frak-jake beilegia daroa, puntako txapelokerra baltza, gerriko zuria eta galtza zuriak egunerorako eta baltza zeremonietarako; Txupinereak sorbaldako handiko kasaka gorria, lepo baltzakaz, txarratelagaz eta lerro bikotxeko urre kolorezko botoiakaz, artile-harizko gona baltza (ala prakak, berak aukeratutakoa), txapel gorria Bilboko ezkutuagaz bordatua eta txarolezko zapata baltzak galtzerdi zuriakaz.
Jantzi horreezaz Bilbao Zaharreko Merkatarien Alkartea arduratzen da, Alde Zaharreko jostun onenaren eskuetatik pasaU eta gero personaien gorputzetara egokitzeko.
Zapatuan, abuztuak 20, Arriaga Antzokiak jaiagaz bat egingo dau. Hamaika urte pasau dira gune honek Aste Nagusiari ondo etorria emoteko Plaza Barria ordezkatu ebanetik, barruti arkupetuaren neurria txiki geratuta.
Egun handi hau dala-eta, Jai Batzordeak eta Bilboko Udalak herritarren laguntzinoa zin-zinez eskatzen dabe uruna eta arrautzarik bako txupin garbia izan daiten.
Txupinaren jaurtiketea ikusteko Arriaga Plazan milaka persona pilatuko dira urtero legez. Bitartean, Arriaga antzokiaren barruan, harrera ofiziala egingo da. Bertara Bilboko Udaleko ordezkari nagusiak, alkatea buru dalarik, Jai Batzordeko eta Uribilduko gizarte zibileko kideak joango dira, pregoilari eta txupinereagaz batera.
Arriaga antzokiaren sarreran, ohorezko aurresku baten ondoren, konbidatuak barrura sartuko dira. Bertan pasa dan urteko pregoilariak eta txupinereak boteren intsuldaketea egingo dabe aurtengoakaz.
Ondoren, Juan Carlos Eguillor, historietista, ilustratzaile, marrazlari eta grabatzaile zanari Ohorezko Bilbotarraren titulua emongo deutsie. Aste Nagusiagaz eta Bilboko uriagaz orokorrean oso lotuta egoan artistea Gargantua Alkartearen kidea zan eta 1978 eta 1987ko Aste Nagusiko kartelak egin zituan besteak beste. Gainera, Eguillor-i, Miss Martiartu, Mari Aguirre edo eta Max Bilbao lako personaiak zor deutsaguz. Saria emon ondoren, batutako guztiek jai zapia lepoan ipiniko dabe Marijaiari behar dan moduko harrerea egiteko.
Arratsaldeko 19:00ak bueltan, Marijaiak pregoilari eta txupinereagaz batera balkoi nagusira urtetan dauenean, bertaratuen zoramena eragingo dau megafoniatik Kepa Junkerak konposaturiko Badator Marijaia abestia entzungo dan bitartean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!