Bermeoko XXVI. Nazinoarteko Musika Asteak bost kontzertu eskainiko ditu
2011-08-01 12:15 MusikeaBermeoko XXVI. Nazinoarteko Musika Astea abian da, abuztuaren 1ean hasi eta hilaren 5era arte. Danetara, bost kontzertu izango dira aurtengo egitarauan. Lehenengo emonaldia astelehenean izango da, Acords i desacords hirukotearen eskutik, 20:00etan, Santa Maria elizan. Kontzertu guztiak leku eta ordu berean izango dira, azkenengoa izan ezean.
Bermeoko XXVI. Nazinoarteko Musika Astea abian da, abuztuaren 1ean hasi eta hilaren 5era arte. Danetara, bost kontzertu izango dira aurtengo egitarauan. Lehenengo emonaldia astelehenean izango da, Acords i desacords hirukotearen eskutik, 20:00etan, Santa Maria elizan. Kontzertu guztiak leku eta ordu berean izango dira, azkenengoa izan ezean.
Acords i desacords 2006an sortu eben Teresa Galceran Anguera flautisteak, Laia Besalduch López bilonista eta biola-joleak, eta Raul Cañizar Bel gitarristeak. Ganbera- eta saloi-musikea joten dau hirukoteak. Estilo askotako errepertorio dauke, Bachen ganbera-musikatik Piazzollaren tangoetaraino.
Ara Malikianen kontzertua abuztuaren 2an izango da. Malikian bere belaunaldiko biolinista onenetakoa eta adierazkorrenetakoa da. Libanon jaioa da, familia armeniar batean, eta umetan hasi zan biolina joten aitagaz. Lehenengo kontzertua hamabi urtegaz eskaini eban. Zuztar armeniarretan sakondu dau, eta beste kultura batzuetako musikea be jaso dau; musika arabiarra eta judua, flamenkoa, tangoa eta abar.
Musika Asteko hirugarren hitzorduan Pablo Sorozabal haize boskotea izango da protagonistea. Jesus Solabarrieta Garro (flautea), Mikel Olazabal Alberdi (oboea), Emilio Chirivella Alfonso (klarinetea), Jose I. Etxeberria Gaztelumendi (fagota) eta Jon Lizaso Loidi (tronpea) musikariek osotzen dabe taldea. Ganbera-musikea zabaltzea da boskotearen asmo nagusia. Emonaldi ugari izan ditue urteotan, eta hiru disko atara ditue. Eusko Jaurlaritzearen Ganbara Musikako I. Saria irabazi eben. Erdi Arotik gaur egunera bitarteko ibilbide musikala eskainiko dabe abuztuaren 3an, sei ataletan: Erdi Aroa-Errenazimentua, Barrokoa, Klasizismoa-Erromantizismoa, Abertzaletasuna, Musika latinoa eta XX.-XXI. mendeak.
Abuztuaren 4an, Bermeoko Abesbatzak emonaldia egingo dau, Karmele Barrena Santamariaren zuzendaritzapean, Jose Ramon Rodriguez Vadillo organisteagaz batera. Abesbatza 1956an sortu zan, eta kanta bilduma zabala dauka; euskal musikea, polifonia, olerki lirikoa, nazinoarteko musikea, musika sakroa eta abar.
Azkenengo kontzertua, B Vocal taldearena izango da, Bermeoko Kafe Antzokian, 20:00etan. Alberto Marco, Fermin Polo, Carlos Marco, Augusto Gonzalez eta Juan Luis García dira kideak. A capella abesten dabe, eta estatu espainiarrean erreferentziazko taldea dira. Musikeaz gan, umorea eta antzerkia be erabiltea ditue euren emonaldietan.
Musika Astearen helburu nagusiak dira, antolatzaileek nabarmentzen dabenez, herrian dagoan musika zaletasuna bultzatzea, kalidadezko kontzertuak eskaintzea eta adin guztietako publikoarentzako musikea ekartea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!