Arte txinatarra, politikaz berba egiteko atxaki
2011-07-29 15:08 BidaideOsama Bin Laden, Adolf Hitler, Saddam Hussein, George W. Bush eta Hirohito, Japoniako enperadorea Bigarren Mundu Gerran. Moganshan 50, fabrika zaharra, gaur egun Shanghaiko arte galeria eta estudio multzo garrantzitsuenaren korridore estuan dagoan neurri handiko erretratu multzo hau sano deigarria da.
Osama Bin Laden, Adolf Hitler, Saddam Hussein, George W. Bush eta Hirohito, Japoniako enperadorea Bigarren Mundu Gerran. Moganshan 50, fabrika zaharra, gaur egun Shanghaiko arte galeria eta estudio multzo garrantzitsuenaren korridore estuan dagoan neurri handiko erretratu multzo hau sano deigarria da. Edozelan be, Tian Mangzi (Shenyang, 1968) artistearen estudioan sartzeko atean inkautako argazki batek argi adierazoten dau Zibilizazinoaren azkena serie harrigarriari arpegi bat falta jakola, Mao Zedongena, hain zuzen be.
'Txina Barria'ren aitaren marrazkia trastelekuan gordeta dago. Jakina, Txinako Alderdi Komunistearen 90. urteurrenaren ospakizunek garbiketa ideologikoa ekarri dabe eta ez da bape zuhurra Lemazain Handiaren erretratua bistan eukitea, eta gitxiago bonba atomikoak itxitako arrastoa haren burezurra balitz legez irudikatuta agertzea. Galarazota dago adierazo dau Tianek bere erantzunak Txinatik kanpoko komunikabide batean argitaratuko dirala jakin ostean. Nire kontzientziaren aginduz gure liderrik entzutetsuenak sortarazoten deustazan sentimentuak adierazo dodaz eta argi esan behar dot ez zala gizon ona izan.
Tian obsesionauta dago gerreagaz eta heriotzeagaz eta zeozelan giza sufrimentua adierazo gura izan dau Gizateriarentzat kaltegarriak izan diran gizabanakoen bitartez. Esangura horretan, Osama Bin Ladenen zamea sutan diran New Yorkeko torre bikiakaz irudikatu dau; Sadam, barriz, sutan dan petrolio-hodi batek eragindako ke beilegiagaz agiri da; eta Maoren arpegi lausotua, ia-ia X izpien plaka bihurtuta, Iraultza Kulturala pil-pilean dala, 'goardia gorrien' martxa bat jagoten agiri da; Txinako komunismoaren hamarkada zitala izan zan hori, izan be, 30 miloe lagunetik gora hil ziran.
Artistok Gizateria gidatzeko betebeharra daukagu eta Txinan oihu egin behar dogu, han danak preso dira eta. Hilzorian gagoz eta zeozelan geldiarazo eginbehar dogu hilketa espiritual hori, dino Tianek. Arpegikerea aldatu egiten jako Ai Weiweiren izena entzuten dauenean baina ez dau ezer esan gura artista polemikoaren liberazinoari buruz. Pekineko gobernuak zerga-igesa leporatu deutso eta horri esker edo artistea isilarazotea lortu dau. Zorionez, artea da daukagun esparru bakarra polikearen ganean berba egiteko' adierazo dau Tianek. Oraindino ez dau zentsurearen zigorrik jaso, 'baina leitekeana da eta kontu handiz ibili behar da.
Tian Mangziren estudiotik hur, Maoren erretratu multzo batek zur eta lur ixten zaitu. Bistarako gozamena da ze lider komunistearen irudia kolore ugarigaz agiri da eta arpegian dragoi bat dauka gainjarria. Parekorik ez dauen lider handi baten indarra sinbolizau gura izan dot. Estratega bikaina, japoniar inbaditzaileak menperatu eta Txina zapalkuntza feudaletik askatzeko kapaz izan zan adierazo dau A Lin (Shanghai, 1957) artisteak, Tongjiko unibersidade ospetsuko Arte Eder irakasleak.
Pekineko gobernuagaz bat eginik, A Linek Maoren balioa eta indarra erreibindikau eta autortu gura ditu, batez be iraultzea bizi ez eben gazteek horren barri izan deien, izan be, eurentzat Mao ezezaguna da. Gazte askok ez dakie komunismoa zer dan be eta, esangura horretan, egungo ongizatea Mao lako lagunen sufrimentuari esker daukagula ezagutarazotea nahitaezkoa begitantzen jat.
Shen Jindong (Nanjing, 1965) be miresmenaren bitartez hurreratzen da Maoren irudira. Askapenerako Herri Armadan izan zan bera, eta horrek bere lanean eragin handia dauka. Jindongen beharren artean, aitatzeko modukoak dira hainbat uniformegaz erakusten dituan ume itxurako dauken militarren irudiak. Nik ez dot propagandarik egiten, artearen munduan hainbatek egiten daben moduan. Dana dala, argi dago Armadea begiko dodala, dino. Nire asmoa heroien eta politikearen inguruan ironia erabiltea da, baina errespetuz, azaltzen dau.
Halanda ze, Mickey Mouseren belarriak ipinten deutsoz soldadu 'gorri¡ bati, argitzen dauenez, irudi dibertigarriagoa, erakargarriagoa eta gaur egunekoa eskaintzeko, gaurko Txina dan modukoa. Kanpoko komunikabideen ganean eritxi kritikoa dauka: Esaten dabena baino askatasun handiagoa daukagu, eta agiri-agirian geratu da Maoren sistemeak Txina superpotentzia bihurtuteko funzionau dauela. Badakizue, katu zuria edo baltza izan, kontua da arratoiak harrapetea. Lider komunista ezagunen beira-zuntzezko eskulturak egiten baditu be, pinturan Shenek gurago dau bere burua erakustea. Maoren irudiagaz ez dau olgetan. Badakit erraz saltzen dala, batez be mendebaldekoen artean, baina nik ez dot gura horretam jausi.
Dana dala, aberriaren aitaren erretratuak egitea belaunaldi guztietako artistentzako ezinbeztekoa dala emoten dau. Haren irudiaren, edo harek zuzendu eban mobomentuaren, elementu batzuk hartzea artista txinatarren geure ideia politikoak eta gziaretan ezatbaida sortzeko daukagun bidea da, ganeratzen dau Liu Feik (Nanjing, 1964). Feik sortutako neskato ulebakoek arrakasta handia euki dabe kanpoan. Neskato ezpan mamintsu eta irribarre bihurridunak beti dagoz edozein armagaz tiro egiteko prest. Txinan buruko min bat baino gehiago eragin dabe Feiren lanek, nahiz eta bere artea ez dala politikoa azpimarratzen dauen.
Sortzaile guztiok badakigu badagozala muga batzuk, eta hobe dala harantzako ez joatea. Ez dagoz inon idatzita ez dalako beharrezkoa. Guk geuk zensuretan doguz geure buruak. Pentsetan dot Francoren sasoian Espainian pasetan zan gauza bera izango dala. Gobernua kritikau nahi dauenak alegorien bitartez -ez oso agerikoak, jakina- egin behar dau. Halan be, gero eta artista gehiago ausartzen dira sistemearen kontra modu argiak agertzen, azaltzen dau Liuk. Maoren irudia Che Guevararenagaz paretu daiteke. Esangura handia dauka gure kulturan, nahiz eta alde bi dituan, yin eta yang moduan, komunismo txinarrak lez, amaitzen dau. Alderdiaren webgune ofizialean, edozelan be, interpretrazino bakarra dago: Argi probau da Iraultzaren alde egindakoek gainditu egiten dituela hutsak"
Artista txinatarren belaunaldi gazteenek ez dabe Mao serioan hartzen; gurago dabe haren liburu gorritik eratorritako kapitalismo basatiaren kontra egitea. Gaur egun, liburu gorria lehenaldiari begira dagozan turistentzako bitxikeria bihurtu da. Sun Zhe Zhengek, esaterako, Mao gozotu egiten dau, irrabarretsu agertuz.
Beste batzuk, berbako Chen Feik (Maoming, 1972), liderra ahaztu, eta herria mehatxatzen dauen materialismoaren kontra egin gura dabe. Pinturetan erakusten dituan personaiek, lodi eta desitxuratuek, gaur egun Txinan miresten diran objektuak, esaterako perlak eta autoak, agirian ditue euren sabel edegietan. Dirua da Txinako erlijinoa. Komunismoa mailua eta igitaia eskuetan dituen gutxi batzuk aberasteko guzur politikoa besterik ez da. Ezin dogu esan, baina bai adierazo.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!