Azken glaziazinoan giza kokalekuak egozan Araban
2011-07-21 12:59UPV/EHUko ikerlari-talde bat egiten dagoan ikerketa batean orain 12.000 urte inguru Socuevasen (Araba) giza kokaleku bat egoala baieztatzeko frogak topau ditue, Pobes (Araba) herritik hur; ikerlari-taldeak historiaurrea aztertzen dau, eta egindako aurkikuntzea Goi Paleolitiko amaiereari jagoko, azken glaziazinoaren amaierako garaiari, hain zuzen be.
UPV/EHUko ikerlari-talde bat egiten dagoan ikerketa batean orain 12.000 urte inguru Socuevasen (Araba) giza kokaleku bat egoala baieztatzeko frogak topau ditue, Pobes (Araba) herritik hur; ikerlari-taldeak historiaurrea aztertzen dau, eta egindako aurkikuntzea Goi Paleolitiko amaiereari jagoko, azken glaziazinoaren amaierako garaiari, hain zuzen be. Aurkikuntzeak sendotu egiten dau garai haretan Kantauri aldetik urrundutako guneetan, hango eguraldia hobea zalako bertan biziteko, kokaleku finkoak egozala ziurtatzen dauen hipotesi barria.
Handik gitxira, gaur egungo klimea finkatu zanean, Socuevasko jatorrizko estalkia jausi egin zan, eta kokalekua hutsik geratu zan bolada batez. 9500 eta 6700 artean, tarteka, beste komunidade batzuek hartu eben herrixkea: ehiztari edo kazeruen azken gizarteak izan ziran; ondoren, nekazaritzan eta abeltzaintzan sartu ziran buru belarri.
Indusketa-proiektuak Arabako Foru Aldundiaren babesa dauka, eta UPV/EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldearen lan-ildoaren parte da. UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko Alfonso Alday eta Ana Cava irakasleak dira aztarnategia ikertzen dagoan taldearen buru, eta hirugarren kanpaina honetan taldea beste zenbaitek be osotzen dabe: UPV/EHUko, Alcalá de Henaresko, Burgosko eta Granadako unibersidadeetako ikasleek.
Taldeak hiru aste egin ditu aztarnategian, eta beste lau aste, ostera, laborategian; udea eta gero, irailean, barriro ekingo deutso lanari. Kanpainearen helburu nagusia Madeleine aldian, Goi Paleolitikoan, izandako lehenengo okupazinoen ezagutzan sakontzea da, Santimamiñe, Ekain edo Altamira lako kokaleku enblematikoen garai berean gertatu baitziran; horrezaz gan, orain 6.500 urteko azken kokalekuak be aztertu ditue, neurri apalagoan baino ez bada be.
Orain arteko emoitzak oso baliogarritzat jo daitekez: landutako eta zizelkatutako milaka harri hondar, horreen artean nabarmentzekoak dira kazarako preparautako puntak, batzuk oso ederrak, baita harraskagailuak, burilak edota karrakagailuak be. Holako objektuak lantzeko, kokalekuko kideek distantzia luzeak egin behar izan zituen oinez, batzuetan 60 km. baino gehiago, Trebiñu, Loza eta Urbasako azaleratzeetaraino.
Era berean, nabarmendu behar da garai haretan ehiza edo kazea oso jarduera garrantzitsua izan zala, eta horri zor jako babeslekuaren kokapen estrategikoa. Glaziazino garaietan kazeak eukan garrantziaren isla dira kokalekuaren inguruan topau diran hazur zatiak.
Lan-metodologia
UPV/EHU orain hiru urte hasi zan hatx azpiko babesguneak sakon aztertzen, eta holan Amelia Baldeón paleolitistearen aurreko lanak zabaldu zituen; lanak garai horreei buruzko Arabako, Trebiñuko eta Nafarroako aztarnategietan izandako ikerketa plan bati jagokoz.
Socuevasen azken urteetan izan diran ikerketetan zenbait ikaslek be parte hartu dabe, Alday eta Cava irakasleen gidaritzapean. Indusketearen lehenengo bi urteetan lanak 9500 eta 6500 arteko kokalekuen aztarnak aztertzeari buruzkoak izan dira oro har, eta azken urte honetan aztarnategian Goi Paleolitikoko aztarnak ikertu ditue.
Topautako aztarnen data zehaztasunez finkatu ahal izateko, aldi bakotxean gehienez bost zentimetroko sakontasunez hondeatu da lurra. Objektuak lurpetik atara ondoren, laborategian landu ditue, eta han, materialak zorrotz garbitu ondoren, aztertu, inbentarioetan jaso, eta sailkatu egin ditue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!