Mondragon Unibersidadea eta Australiako Gold Coasteko unibersidade bat surfaren industria sustatzeko alkartu dira
2011-07-19 11:29Hitzarmenaren arabera, bi unibersidadeek ikasleak trukatuko ditue eta irristatze-kirolen sektorean nazinoarteko lankidetza-sare unibersitarioa sortuko dabe.

Australia ez da bakarrik surfaren munduko gunerik esanguratsuena, kirol horren inguruko industriaren sorleku be bada. Esangura horretan, Mondragon Unibersidadea eta Australiako Gold Coasten bihotzean dagoan Southern Cross University surfaren industria sustatzeko alkartzea benetan garrantzitsua da. MUko Enpresa Zientzien fakultadeak lankidetza-hitzarmena sinatu dau Australiako unibersidadeagaz, eta horri esker, bateko eta besteko ikasleek lankide daben atzerriko unibersidadean egin ahal izango ditue ikasketak.
Surf eta Irristatze Kiroletan marketin eta management aditu-ikastaroaren hirugarren edizinoan izena emoteko epea zabaldu dau Enpresa Zientzien fakultadeak. Sektoreko etorkizuneko profesionalak trebatzeko Estaduan eskaintzen dan lehen graduondokoa da. Aurten, lehenengoz, ikasleek Australiako Southern Cross Unibersidadean egin ahal izango dabe ikastaroa. Hitzarmenaren arabera, bi unibersidadeek ikasleak trukatuko ditue eta irristatze-kirolen sektorean nazinoarteko lankidetza-sare unibersitarioa sortuko dabe.
Southern Cross Unibersidadea aitzindaria izan zan surfaren industriako profesionalak trebatzeko unibersidade-ikasketak abian jarten, 2005. urtean. Unibersidadea Gold Coast esaten deutsen kostaldean dago, surfaren munduko erdiguneetako batean. Surflari profesional ugari bazten dira bertan, txapelketak eta worldclass olatuak ditue, eta irristatze-sektoreko hainbat enpresa dagoz bertan, besteak beste, Quiksilver, Billabong edota Rip Curl.
Mondragon Unibersidadea 2009/2010 ikasturtean hasi zan aditu-ikastaroa eskaintzen, bertako irristatze-industria zabaltzeko eta sendotzeko helburuagaz. Dagoeneko promozino bi graduau dira, eta enpresa barriak eta lanpostuak sortu dira sektorean.
Irungo Bidasoa Campusean eskainiko dan graduondoko ikastaroa intensiboa izango da aurten, hilean hiru egunetan bertaratuko dira ikasleak eta ganerakoan online metodologia erabiliko dabe. Ikastaroa aurtengo urrian hasiko da eta 2012ko bagilean amaitu. Hirugarren edizino honetako ikasleek 9 modulutan banatutako ikastaroa egingo dabe, danetara 205 orduko prestakuntzea.
Ikastaroan askotariko eduki teorikoak eta praktikoak landuko ditue, eta nazinoarteko marketin-adituek eta surfaren eta irristatze-kirolen sektoreko profesionalek hartuko dabe parte. Ikasleak munduan lehen mailakoak diran ekitaldietara joango dira, irristatze-materiala produzidu eta horregaz lan egiten daben lantegiak bisitauko ditue, baita barrikuntzarako eta produktu-garapenerako zentroak be.
Irailean emon behar da izena ikastaroaren hirugarren edizino honetan parte hartu ahal izateko. Surfaren eta irristatze-kirolen industrian jardun nahi daben guztiei eta euren ezagutzak, gaitasunak eta trebetasun espezifikoak dinamizau eta sendotu nahi dituen sektoreko profesionalei bideratuta dago ikastaroa.
10.000 surflari Euskadin
Azpimarragarria da sektoreak Euskadin dauen garrantzia, izan be, surfak milaka lagun erakarten ditu gure hondartzetara urte osoan; 4.000 lagun dagoz federauta eta 10.000 inguru dabilz kirol horretan. Surfa eta bestelako irristatze-kiroletan dabilzan lagunen eta turisten kopuruak etenbarik egin dau gora, eta ondorioz, hainbat eskola, denda eta tokiko produktore sortu dira. Enpresa horreek kudeaketan eta marketinean preparautako profesionalak behar ditue. Ikuspegi horregaz bat dator Surfing Euskadi proiektua be, Merkataritza eta Turismo sailburuordetzeak landu dauena Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez. Ekimen horrek ikastaroagazko lankidetzea areagotuko dau aurten, sektoreko agente turistikoen prestakuntzea sendotzeko asmoagaz. Beraz, ikastaroak sektorearen prestakuntza-eskariari erantzungo deutso, eta era berean, enpresaren eta unibersidadearen arteko loturea sendotze aldera Mondragon Unibersidadeak egina dauen apustuari eutsiko deutso.
Ikasleen lan-munduratzea errazteko asmoz, amaierako proiektua irristatze-sektoreko edo marketineko enpresetan lantzeko aukerea izango dabe ikastaroan parte hartuko dabenek. Wave Garden, Pukas Surfboards edota Loreak Mendian bertako enpresek, eta nazinoarteko Quiksilver edota Billabong etxeek hasieratik adierazo dabe egitasmoagazko interesa, eta gaur egun modu aktiboan hartzen dabe parte graduondokoan.
Informazino gehiago:
http://www.mondragon.edu/muplus
http://surfmarketingmanagement.blogspot.com/
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!