'Zaharrei gorazarre' egingo deutse aurten GetxoPhotok
2011-07-12 18:21 KultureaBegihandi kolektiboak eta Imanol Landak, Getxoko Alkateak, GetxoPhoto Jaialdiaren irudi barria eta egitarauaren aurrerapena aurkeztu ditue gaur goizean Algortako Portu Zaharrean. Bosgarren edizinoa beteko dau Jaialdiak eta oraingoan zahartzaroa goraipatzea proposatuko dau, datorren irailaren 1etik 30era.
Begihandi kolektiboak eta Imanol Landak, Getxoko Alkateak, GetxoPhoto Jaialdiaren irudi barria eta egitarauaren aurrerapena aurkeztu ditue gaur goizean Algortako Portu Zaharrean. Bosgarren edizinoa beteko dau Jaialdiak eta oraingoan zahartzaroa goraipatzea proposatuko dau, datorren irailaren 1etik 30era.
Jaialdia udan dagozan beste proposamen finkatuetara gehitu behar da, esate baterako, Jazz, Blues edo Folk Jaialdiak eta azken urteotako kultur eskaintzaren apustu barritzaileena eta freskoena da, Getxon kultur bizitzaren dinamizazinoa dakarrelako eta gure udalerriaren profil kosmopolitena adierazoten dauelako nabarmendu dau Imanol Landa Alkate getxotarrak. Bere berbetan, ekimenak konplize egiten dau Getxo, toki estrategikoen okupazino probokatzaileagaz; gune horreek ez dira konbentzionalak, publikoak edo pribatuak izan daitekez eta ekimena auzokideen pataidetza aktiboan oinarritzen da, alkarteetatik sortua.
Imanol Landak bere barriketaldia amaitzeko ez dau nahi izan bosgarren edizinoaren gaia, zahartzaroa, aitatu barik itxi. Profil urratzaileagaz Jaialdiak gori-gori dagozan eta ebitau ezin diran gaiei buruzko hausnarketeaahalbidetzen dau, kasu honetan zahartzaroaren inguruan, gaztaroa neurri handi batean baloretan dauen gizarte baten barruan. Itzel gustetan jakun Jaialdia da eta horregaitik Getxora datozen persona guztiak GetxoPhotogaz gozetea nahi dogu eta horretarako konbita egiten deutsagu mundu guztiari.
Erakusketak
Jokin Aspuruk, GetxoPhotoko zuzendariak Jaialdiaren 'Zaharrei gorazarre' lemeari buruzko batzuk eskaini ditu; Euskadik Europako bizi esperantzarik altuenetako bat dauka; Euskal Autonomi Erkidegoan 65 urtetik gorako 400.000 persona doguz. Hau alde batera itxi ezin genduan errealidadea da eta 'begiratu' nahi izan dogu. Gaur egun zahartzaroa ezkutatu egiten da; jasoten dugun irudiak gaixotasunagaz edo dementziagaz zerikusia dauka eta zahartzaroari aurrez aurre begiratu nahi izan deutsagu, zehaztu dau Aspuruk.
Aurtengo erakusketak irailaren 1etik 30era izango dira, batez be Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera arteko ardatzean. Herriko goiko partean aretoko erakusketak izango dira. Danetara, 20 bat erakusketa ikusi ahal izango dira, zahartzaroa biziteko era desbardinakaz, tartean jakituria (Andrew Zuckerman), edadetuentzako edertasun lehiaketak (Luis Cobelo), bizitza geriatrikoetan (Josep Echaburu), urietako ortuak (Vicente Paredes), transexualidadea hirugarren adinean (Sander Marsman), ehun urte betetearen poztasuna (Patrick Duncan) edo bizitzatik heriotzara igarotea (Walter Schels)…
Andrew Zuckerman alemanaren Wisdom seriea azpimarratu behar da. Horretan egileak 65 urtetik gorako ia 50 idazle, artista, diseinugile, aktore, politiko eta abarren ideiei, hitzei, presentzia fisikoei edo ahotsei buruzko proiektu multimediagaz bizi izandako urteen esperientzia baloretan dau. Horreen artean Clint Eastwood, Nadine Gordimer, Nelson Mandela eta abar dagoz. Beste lan azpimagarria Sacha Goldberger frantzesaren Super Mamika da. Argazkilari horrek holokausto nazitik bizirik urtendako amama hungariar kutunari depresioa osatzen laguntzeko, super-heroi bihurtu eban super botere eta guzti.
Peter Granser alemanaren Sun City izenekoa be azpimarratu behar da, Estadu Batuetako hego mendebaldean dagoan jubilatu batzuen kolonia atara dauelako argazkietan. Hor 55 urtetik gorako personak baino ezin dira bizi. Poliziak be edade horretakoak dira eta bizilagun horreek euren bizitzak asmetan ditue barriro eta bigarren aukeren bila doaz.
Jarduerak
Jaialdiaren jarduera nagusiak irailaren 1etik 4ra izango dira. Irailaren 1ean, 20:00retan Jaialdiaren edegiera-ekitaldia izango da Andres Isasi Musika Eskolan, Areetan, eta hor GetxoPhotoren bost urteotako irudiak ikusi ahal izango dira. Oraingo edizinoko egile batzuek euren lana aurkeztu eta proiektauko dabe. Ekitaldia Michael Ackermanen lanari buruzko proiekzino bereziagaz amaituko da, Mursego artistak zuzenean musikatuta. Gainera, tailerrak, proiekzinoak eta beste ekimen erakargarri batzuk be aurreikusi dira. Horreei buruzko informazinoa www.getxophoto.com webgunean topauko dozue.
GetxoPhoto
Getxophoto, Nazinoarteko Argazkigintza Jaialdia, Getxo udalerriko kaleetan garatzen da. Begihandi taldeak bultzatua, Jaialdia 2007 urtean sortu zan. GetxoPhotok argazkigintzearen, herriko gune desbardinen erabilpen kulturalaren eta ohikoak ez diran gune eta formatu adierazgarriak miatzearen aldeko apustua egiten dau, Proposamen artistiko batez gan, herritaren partaidetza kanalak zabaltzen saiatzen da; helburua jenteak jaialdia berezkoa sentidutea da, partaide izateko ekitaldi bat da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!