MUko ikasleak finalista izango dira New Yorken egingo dan Microsoften Imagine Cup lehiaketan

Bizkaie! 2011-07-11 15:54

Microsoften Imagine Cup mundu mailako ikasleen lehiaketa ospetsuenean Sistema Txertatuen kategorian finalerako sailkatu diran 20 unibersidadeetako bat da Mondragon Unibersidadea.

Imagine Cup ikasleen mailan munduko lehiaketarik garrantzitsuena da eta Microsoftek antolatzen dau. Teknologiako eta diseinuko munduko ikaslerik onenak batzen dira bertan. Lehiaketea 2002an abiatu eben eta urtetik urtera hazten joan da. Aurten planetako bazter guztietako 325.000 ikasle inguru batu ditu.

Hainbat diziplinatako ikasle bikainenak gonbidatzen ditu Imagine Cup ekimenak: software-diseinua, bideojokoen garapena, baliabide digitalak, azpiegiturea, alkarreragingarritasuna, Windows Phone 7rako edota Sistema Txertatuetarako garapenak eta abar, betibe Microsoften teknologiak erabilten dituenak.

Gaur egungo munduak dituan arazoei konponbidea bilatzea da lehiaketearen helburua, besteak ebste, gosea, pobrezia, hezkuntza arlokoak, gaixotasunak kontroletea, osasunagaz lotutakoak, ingurumenari buruzkoak eta berebiziko beste arazo batzuk.

Imagine Cup lehiaketan parte hartzeko aukerea Microsoften Barrikuntza Zentroaren eta Mondragon Unibersidadearen arteko lankidetzatik sortu da, izan be, biak Arrasateko Garaia Barrikuntza Gunean dagoz. Bi erakundeen arteko lankidetzearen bidez Microsoften teknologiak sustatu nahi dira hezkuntzan, ideia eta negozio barriak sorrarazo, eta modu horretan ekintzailetasuna bultzatu belaunaldi barrien artean.

Microsoften Imagine Cup mundu mailako ikasleen lehiaketa ospetsuenean Sistema Txertatuen kategorian finalerako sailkatu diran 20 unibersidadeetako bat da Mondragon Unibersidadea.

Aurtengo finala garagarrilaren 8tik 13ra egingo dabe New York urian.


Argitech eta Smartligth

Argitech izena jarri deutsie Mondragon Unibersidadeko hiru ikaslek osotu daben taldeari (Javier Sierra, 23 urte; Aitor Akizu, 24 urte; eta Josu Lopez, 22 urte). Informatika Injinerutzako 3. graduko ikasleak dira, eta euren aholkularia Xabier Mardaras da, Garaia Barrikuntza Gunean kokatuta dagoan Microsoften Barrikuntza Zentroko kidea.

Smartligth proiektua landu dabe, energia-konsumoa murriztea eta urietan baliabideen erabilera eraginkorra eta iraunkorragoa sustatzea helburu dituana. Herriko argiak kudeatzeko sistemea garatzea proposatzen dabe, sentsoreen bidez argi-beharra atzemon eta denpora guztian intensidadea kontroletea ahalbideratuko dauena.

Farol bakotxean jarritako sistema txertatua da proiektuaren oinarria; horren bidez sensoreen datuak batzen dira farolean bertan, besteak beste, inguruan bateren bat ete dagoan edota zelako argia dagoan momentu horretan. Farol bakotxak sistema zentral batera bideratzen dau informazino hori, eta sistema zentral bakotxak kale bateko edo gehiagoko farol-ilarea kontroletan dau. Modu horretan argiaren intensidade egokia bermatu eta aldi berean energia-kontsumoa murrizten da. Jokabide eraginkorra eta uri iraunkorragoa sustatzen dira. Konponbide horri esker energia % 80raino aurreztu daiteke, betibe personen eta ibilgailuen zirkulazinoaren arabera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu