Indotxinako pobreenak (eta II)

Zigor Aldama 2011-07-08 16:33   Bidaide

Goizeko 7:30 baino ez dira eta Phnom Penh-en zoratzeko moduko burrundarea dago. Kalearen alde batetik bestera joatea sano arriskutsua da, semaforoen argiak apaingarri hutsa, besterik ez dira eta oinezkoentzako pasabideak ez dabe ezertarako balio, euri egunetan motorzaleak laban egin eta traba egiteko baino.

Goizeko 7:30 baino ez dira eta Phnom Penh-en zoratzeko moduko burrundarea dago. Kalearen alde batetik bestera joatea sano arriskutsua da, semaforoen argiak apaingarri hutsa, besterik ez dira eta oinezkoentzako pasabideak ez dabe ezertarako balio, euri egunetan motorzaleak laban egin eta traba egiteko baino. Oinezko gizajoak nahikoa lan dauka ibilgailuen artean bizirik urtetako. Ibilgailuek oinezkoak aurretik eroateko arriskua handia da eta ezbeharrei aurre egiteko onena bertako lagunei jaramon egitea da. Jarraibide zehatzik ez dago baina magikoa emoten badau be, batzuetan bizia be arriskuan jarrita, bertako lagunak astiro-astiro ibilgailuen artetik jaoten dira kalearen beste aldera. Bidean ez dabe ezer galtzen, ezta boltsarik be eta kontuan hartu behar da uri honetan tirakadea emonda boltsoa eroatea sarri pasetan dala. Azken aldian, Angkor Wat-eko torre nagusiaren antz handia dauen Independentziaren omenezko monumentuaren inguruetan zuhur ibili behar da.

Zorionez, goizean goizetik Kanbodiako erregearen babesaren bila joan daiteke, izan be, haren jauregiaren inguruetan ez dago ezelako arriskurik eta, gainera, zilarrezko 5.000 baldosakaz apaindutako Zilarrezko Pagodea bisitau daiteke, jemer ornamentazino aberatsa, urrez eta esmeraldaz jositako buda figurak, Ramayanaren historiari buruzko eszena tipikoez hornidutako hormirudi erraldoiak eta bestelakoak. Jauregia inguratzen dauen hesiaren bestaldean giroa eta egoerea bestelakoak dira.

Vientianen ordu erdi gehiago itxaron behar da Pha That Luang-eko estuparen urre koloreko argi izpiakaz gozetako. Laosen sano garrantzitsuak dira estupak eta horren erakusgarri 1992an herrialdearen ezkutuan sartu zituen ordura arteko komunismoaren ikur ziran igitaia, mailua eta izar gorria kenduta. XVI. mendean diseinautako 40 bat metroko torre antzeko hori bakearen sinbolo bihurtu da. Inguruan buda figura erraldoiak agiri dira, monumentu nazionala dana aberasteko astiro-astiro eregiten joan diran tenpluen zaintzaile legez.

1566an, herrialdearen uriburu Vientian izentau ebenean, Pha That Luang XII. mendeko jemer jauregi baten hondarren gainean eregi eben; laostarren eretxiz, barriz, III. mendeko indiar eraikin budista bat egoan lekuan eregi eben.

Hain ingurune txikia izanda, historia handiko lurraldea da eta ohikoa izaten dan legez, hori berori da beste ezer baino lehen inbaditzaileek ezabatu gura izaten dabena. Kasu honetan, Siameko erreinua, egungo Tailandia, izan zan 1828an Laosen erasoa jo eta estupan kalte handiak eragin zituana. Bitxia bada be, 1930ean, Indotxinako frantsesak izan ziran estupa horren berreregite lanak egin zituenak, beti be, herrikidea zan arkitekto baten irudietan oinarrituta. Zorionez, monarkiaren ondoren, 1975ean boterea hartu eben komunistek ez eutsien ezelako kalterik eragin eraikuntzeari eta gaur egun herrialdearen ospakizunik handienaren erdigune da.

Pha That Luang-ek ateak zabaltzen dituanean, bisitariak ondo gogoan izango ditu oraindino Tuol Sleng-eko kartzela zaharrean ikusitakoak. S-21 izenagaz be ezaguna dan kartzela horrek Pol Pot-ek gidatuta herrikideen kontra Jemer Gorriek Asiako hego-ekialdean egindako genozidio handienaren gomuta dakarsku; hiru miloe hildako baino gehiago izan ziran, herritar guztien herena. Adituen eretxiz, historiako jazoera basati horreek eragin handia izan dabe Kanbodiako biztanleen egungo jarrera gogorrean eta uriburuan dagoan indarkeria giroan.

Amesgaiztoa 1975eko apirilaren 17an hasi zan, Kanbodiako uriburua indarrez hartu ebenean. Geroago komunistek hutsitu egin eben uriburua hango biztanleak nekazari lanetara bialduz. Dana dala, Jemer Gorriek herritarrak galdekatu, torturau eta milak ume, emakume eta gizon hil zituen kartzela horretan eta jazoera horreek ahaztu ez daitezan kartzelak hortxe jarraitzen dau, turistentzako amu legez. Bisitaria zur eta lur geratzen da ze oraintsura arte zabalik, martxan egon dala emoten dau, zeldak orduko moduan dagoz eta tortura gelatan koltxoirik bako oheak ikus daitekez bilur eta guzti. Astakeria galantak egin ostean, presoei sua emoten eutsien eta argazkia atara, egun ikusgai dagoz argazkiok.

Era berean, ikusgarriak eta hunkigarriak dira Tuol Sleng-eko kartzelan egon ziranen argazki panelak. Presoen arpegietan lasaitasuna atzemoten da eta irribarreren bat edo beste be bai. Umeen argazkiak be badagoz bakotxaren identifikazino zenbakiagaz. Normala danez, kartzelatik urtekeran, bisitariak lurjota agiri dira baina nahikoa ikusi ez dabela pentsetan dabenentzako Phnom Penh-etik hur badago aukerea 'heriotzearen zelaiak' bisitetako. Gune horreetan milazak lagun torturau, hil eta bertan lurpeartu zituen.

Historiako pasarte baltz horreek ahaztuteko Tonlé Sap erreka ertzean zehar paseoa emotea da onena. Ibilbide horretan, Phnom Penh-eko arkitektura kolonialeko jauregi ederrak, gobernuaren eraikin bihurtutako lujo handiko eraikinak, hotelak eta frantziar ukutuko makinatxu bat jatetxe dagoz. Halan da be, mokaurik gozoenak bertako snack bereziak dira, Phsar Thom-eko azoka inguruan edonon topauko dozuezanak. Erretako txirri-txirriak, plantxan egindako zomorro erraldoiak edota eskuaren neurriko aramuak papelezko kukurutxoetan saltzen ditue.

Vientian-en ikusgarriak izaten dira arratsaldeak. Egunaren azken izpiakaz kutsu magikoa hartzen dabe uriko tenpluek eta Mekong erreka ingurua zoragarria da. Plastikozko mahaian jesarrita, Beerlao bat aurrean daukazula momentu gogoangarria da. Eta egunari amaiera ezin hobea emoteko Thanon Fa Ngum edota Thanon Setthathirat inguruetan laosiar masaia hartzea lakorik ez dago.

Dana dala, eguzkia izkutatzen danean, Phnom Penh-en bazter guztietan biztuten dira larrosa koloreko neoiak. Hori bai, sasoi batean pederasten erreinua zan Svay Pak honezkero desagertu da. Zoritxarrez, Kanbodian haur prostituzinoa eta esklabutza sexuala indarrean dagoz oraindino. Baina aisialdirako eskaintza zabala dago egun eta gau partean kaleetan testosterona larregi dabilen arren, kultur jarduerak be badagoz Vientianen antzera etorkizunari begira dagoan urian.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu