Magritterren 'La Belle Societe', Bilboko Arte Eder Museoko obra konbidatua
2011-07-05 18:14 KultureaRené Magritteren La Belle Societe lana izango da Arte Eder Museoko Obra Konbidatua, garagarrilaren 5etik irailaren 25era arte. 1965-66 urteen artean pintau eban, hil baino apur bat lehenago. La Belle Société lanean personaia beraren silueta bi gainjarten ditu egileak, baina gizon baten irudiaren ordez, natura eta paisaje irudiak dituan siluetea ipinten dau.
René Magritteren La Belle Societe lana izango da Arte Eder Museoko Obra Konbidatua, garagarrilaren 5etik irailaren 25era arte. 1965-66 urteen artean pintau eban, hil baino apur bat lehenago. La Belle Société lanean personaia beraren silueta bi gainjarten ditu egileak, baina gizon baten irudiaren ordez, natura eta paisaje irudiak dituan siluetea ipinten dau, eta, horren aurrean, hondartzea eta zeruertza agertzen dituan profil bardin-bardina. Magrittek lerro ziur, garbi eta ia sinpleaz margotu eban, Surrealismoaren korronte libreenaren automatismoan sartu barik, eta gai oniriko eta psikoanalitikoen zaletasuna albo batera itxi barik.
Obra Konbidatua programea 2001ean hasi eban museoak. Ekimenak beste erakunde batzuek aldi baterako lagatako lanak hurreratzen deutsoz publikoari, holan lanok beste esanahi bat hartzen dabe, obra bakarreko erakusketa lez aurkezten diralako, bilduma iraunkorraren testuinguruan. 2004tik Banco Santander Fundazinoa egitasmoaren babeslea da. Fundazinoak bere bildumako artelanak be itxi izan ditu maileguan. Programea abiatu zanetik 39 artelan egon dira ikusgai, besteak beste, Berruguete, Morales, Zurbarán, Van Dyck, Tintoretto, Artemisia Gentileschi, Canaletto, Fortuny, Monet, Sorolla, Picasso, Chillida, Hockney, Freud, Rubens, Arellano edo Turnerren lanak.
Magritte 1898an jaio zan Belgikan, eta Bruselako Arte Ederren Akademian ikasi eban. Bertan, konstruktibismoagaz probau, eta gaztaroko lehenengo lanak egin zituan. XX. mendeko bigarren hamarkadan, fotomuntaia eta collagea erabili zituan. Surrealismoa nagusi zan sasoi hareetan. Camille Goemans, Mesens eta Paul Nougé idazleekaz batera, Belgikako talde surrealistea osotu eban, berau zan pintore bakarra idazleen artean. Parisera joan zan 1927an, eta, han, André Breton, Paul Éluard eta surrealista frantziarren taldeagaz hartu-emonak izan zituan. Giorgio de Chirico pintore italiarrak izan eban eragin handien Magrittek koadroa ulertzeko moduan. Koadroa espazio irreala da, eta, bertan, objektuek gauza metafisikoen presentzia misteriotsua dabe.
Hogeita hamarreko hamarkadan, surrealismoagaz eukan loturea sendotu eban, eta metamorfosia baliabide lez erabilten hasi zan. Baliabide horrek joko bisual poetikoa sortzen dau, eta objektuak transformau egiten ditu. Hizkuntzan be interesa eukan, berben eduki eta adierazleen eta erreferente bisualen arteko hartu-emonak aztertu zituan. Logikea zalantzazkotzat joten dau eta eduki barria emoten deutse formeei, objektuek ez dabe-eta euren burua ordezkatzen. Horren adibide argia da La trahison des images (1928-1929). Piparen irudi ospetsua agiri da bertan, eta, azpian, Ceci n'est pas une pipe (Hau ez da pipa bat) esaldia dauka idatzita. Magrittek ikus-entzulearen irudimenari dei egiten deutso, jokoaren zentzua emoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!