Pelukearen azpian dagoan Jose Antonio Nielfa erakusten dau La Otxoaren disko barriak

Dabi Piedra Robledo 2011-06-30 15:43   Musikea

Oraingo honetan, La Otxoaren ohiko kolorea eta folklorismoa mugatuta dagoz eta bestelako baloreei emon deutse lehentasuna, barru-barruko sentimenduei eta aberastasun musikalari, esaterako. Hamar kanta daukaz diskoak eta horreetatik bederatzi abesti klasiko eta ezagunen bersinoak dira.

Urteetako isilunearen ostean, kolaboratzaile ugariren laguntzinoagaz egindako diskoa da La Otxoa y yo izeneko hau eta Bilbon, La Otxoaren lokalean bertan, egindako aurkezpenean argi eta garbi geratu da hori, batu dan artista mordoa ikusita. Dana dala, oraingo honetan, La Otxoaren ohiko kolorea eta folklorismoa mugatuta dagoz eta bestelako baloreei emon deutse lehentasuna, barru-barruko sentimenduei eta aberastasun musikalari, esaterako. Hamar kanta daukaz diskoak eta horreetatik bederatzi abesti klasiko eta ezagunen bersinoak dira.

La Otxoa y yo diskoaren izenburuak berak adierazoten dau lan barriaren helburua, La Otxoaren personaiaren azpian personea dago, Jose Antonio Nielfa, eta biak agertu nahi izan dodaz, personaiaren eta personearen arteko jokua da, azaldu dau La Otxoak berak. Apaingarriak eta kolorea albo batera itxi eta benetako Jose Antonio Nielfa topauko dogu diskoan, pelukearen azpian dagoana. Disko barrian La Otxoaren aurreko lanetan horren ohikoak ez diran doinuak entzun geinkez, Bilboko abeslariaren estilo berezia nabarmena bada be. Jazza, musika latinoa eta abar buztartzen ditu La Otxoak eta gau giroan ibilitako emakumeei zein antxinako abeslari handiei omenaldia egin gura deutsie.

La Otxoa y yo diskoan izen handiak dira protagonista, bai kanta originalak sortu eta abestu dituen artista handiei jagokenez eta baita La Otxoagaz kolaborau daben ibilbide luzeko musikari ezagunei jegokenez be. Diskoaren oinarrietako bat 2009an eskainitako Bilbao Bilbao obrea da eta orduko haretan oholtza ganean Jose Antonio Nielfagaz ibilitako artistek diskoan be lagundu dabe, Jose Luis Canal, Artureo Garcia, David Nanclares, Joe Gonzalez, Asier Ituarte eta Ruben Salvador dira. El Consorcioko abeslariek be kanta batzuetako ahotsa jarri dabe eta Las Rizos hirukoteak be bai: Las Rizoseko neskak ibilbide luze eta talentu handiko artistak dira, baina merezidu dabena baino gitxiago ezagutzen doguz, diskoan harrigarria da ze ahots polita daukien, esan dau La Otxoak. Kepa Junkerak be lagundu dauela azpimarratu dau Jose Antonio Nielfak, gure ohiko estilotik urrun dago Kepa eta halan eta guzti be, giroa interpretau dau eta bikain moldatu da.

Diskoko kanta bat, San Francisco, autobiografikotzat jo dau La Otxoak, diskoan bersinoa ez dan bakarra da, beren beregi sortu dogu lan honetarako, zehaztu dau. Ganerakoak, artista ezagunek abestutako kanta klasikoen bersinoak dira, Moustaki, Charles Aznavour, Nicola di Bari, Concha Piquer, Amália eta abarren lanak dagoz tartean, beti-betiko artista handiei omenaldia egin gura izan deutset, nabarmendu dau La Otxoak. Lisboa antigua eta Maria La Portuguesa abestiakaz egindako nahasketea bereziki nabarmendu dau La Otxoak, batez be izaera gogorreko emakumeei gorazarre egin ahal izan deutsielako kanta horren bidez.

La Otxoa y yo diskoaren kantakaz birea egingo dau Jose Antonio Nielfa La Otxoak, urrian hasteko asmoa dauka. Diskoan legez, zuzenekoan be, Bilbao Bilbao obrako musikariek lagunduko deutsie.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu