Toulouseko Funky Style Brass taldeak irabazi dau Amorebieta-Etxanoko VI. Haizetara Lehiaketea
2011-06-27 11:12 MusikeaAdituen epaimahaiaren erabagiz Toulouseko Funky Style Brass taldeak irabazi dau lehenengo saria; Garonne ibaiaren ertzean jaiotako bederatzi musikarik osotutako taldeak estilo propioa darabil: FSB. Funkya, dancea, barreak eta freestylea, dana sartzen da. Eta horretarako, haizeak, perkusinoa, loopa, samplerrak… Saria: 10.000 euro.
Fanfarreen, banden eta kaleko musikearen Haizetara Nazinoarteko Lehiaketearen VI. Edizinoa izan da asteburu honetan Amorebieta-Etxanon. Atzerriko zazpi banda eta euskal banda bat izan dira parte-hartzaileak eta hainbat estilotakoak: jazza, rock & rolla, dixiea, funka eta Karibeko edota Balkanetako doinuak. Aitatu musika talde horreek Zornotzako bazter guztiak girotzen eta musikaz beteten ibili dira joandako astegoienean. Jaialdiaren azken egunean banatu ditue lehiaketako sariak:
- Lehiaketako lehenengo saria (adituen epaimahaiak erabagia): Toulouseko Funky Style Brass taldea. Saria: 10.000 euro.
- Publikoaren sari berezia (ikusleek erabagia). Erromako Pink Puffers Brass Band taldea. Saria: 4.000 euro. BBK-k emona.
- Tresna-jolerik onenarentzako saria (sari nagusia emoten dauen epaimahaiak erabagia): Szabo Arpad, Budapest-eko Vodku Band bandako bibolin-jotzailea. Interklabe tokiko enpresak emona.
Haizetara
Orain bost urte sortu zan Haizetara jaialdia Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik. Kaleko bandentzako eta musika taldeentzako lehiaketea da, San Juan jaiaren inguruan ospatzen dana. Udalerriko artxibo historikoetan jasota dagoanaren arabera, sarri batzen ziran San Juan jaietan musikariak herriko kaleetan. XX. mendearen hasieran eta, modu berezian, 1913an, musika eta San Juan suak lotzen zituan antxinako jaia suspertu nahi izan zan jaialdi honen bidez.
Herritarrak kalera urteteaz gan, musika-inguruan mobiduten diranei munduko beste puntan kaleko musikan dagozan korronte barri eta barritzaileak hurreratzea dau helburu Haizetara jaialdiak.
Aurtengo parte-hartzaileak
- The Hot Wok (Vitoria, Euskadi). Gasteizeko laukotea, musikari beterano eta eskarmentudunek osotua, eta eurenak diran doinuez eratutako errepertorioan, elektro funky jazz brass estilo anitza darabile. Ospe handiko jazz jaialdietan -Donostiako Jazzaldian, Madrilen, Vitoria-Gasteizen eta bestelakoetan parte hartuta erakutsi dabe lau instrumentu akustiko nahikoa dirala oso sonoridade bereziak eta interesgarriak lortzeko.
- A magnifique bande dos homes sem medo (Compostelako Santiago, Galizia). Santiagoko galiziarrak, eta hainbat estilotako doinuak jorratzen dituenak: rock&rolla, jazza, dixiea, funka eta musika italiarra, dan-dana umore ukutuagaz. Erritmo atala -bonboa, txarlea eta kaxa- sekulakoa da, tubak eta gitarra elektrikoak areago nabarmentzen dabe eta errematea aurreko atalak emoten dau: tronboiak, fagotak, saxo tenoreak eta tronpetak hain zuzen be.
- Pink Puffers (Erroma, Italia). Brass band hau Erromatik jatorku. 2005an sortu eben eta 13 kidek osoturik dago. Nazinoarte mailako jaialdietan jardun dau, Montpellierreko fanfarre jaialdian eta Bostongo Honk Festivalen besteak beste. Amerikako brass banden funk genetikoa dabe inspirazino-bide, eta punk edota funk barik, Phunk izenekoa da euren estiloa, souletik hasi eta heavy metaleraino zabaltzen dan generoa, jazzagaz eta rockagaz be nahastauta.
- Zastava Orkestar (Gavorrano, Italia). Zastava izena dabe, Belgraden izen bera eukan eta bertako biztanleentzat ondorio latzak izan zituan NATOren bonbardaketa 'humanitarioa' sufridu eban lantegiaren oroimenez. Italiako Toskanatik datoz, Gavorranotik, eta Balkanetako musika indartsua dabe errepertorioaren oinarri.
- Vodku Band (Budapest, Hungaria). Talde hau 1992an sortu zan, Budapesten. Europako erdialdeko eta ekialdeko folklore-melodietan oinarritzen da talde honen musikea. Bibolina, klarinetea, saxofoia, gitarrea, baxua eta perkusinoagaz batera, Sarolta Bederen ahots ederra. Amaitu barria dabe Eslovakiara, Ukrainiara, Serbiara, Austriara, Alemaniara, Portugalera eta Mexikora eroan dituan birea.
- Beat’N Blow (Berlin, Alemania). Berlingo banda honek ibilbide luzea egina dauka Europako jaialdirik onenetan: Durham, Atenas, Erroma, Dublin... Estilo dinamikoa eta alaia dabe ezaugarri, funkyaren eta breakbeast urbanoaren arteko nahastea, jazza, afrobeata, R&B eta Karibeko soinuak eragile garrantzitsu izanik. Zortzi musikarik eta emakumezko ahots bitxiak osotzen dabe taldea.
- Cottas Club Brass Band (Bombarral, Portugal). Portugaleko mendebaldeko dixieland (jazz tradizionala) banda hau metaleen sekzinoan indarturik jatorku. 2003an sortu zanetik, Arabiar Emirerri Batuetaraino heldu da banda hau, eta nazinoarte mailako jaialdietan parte hartu: Dresdeko Dixieland jaialdian, Tarragonakoan, Budapesteko Szigeten eta Dubain.
- Funky Style Brass (Toulouse, Frantzia). Garonne ibaiaren ertzean, Toulousen, jaiotako bederatzi musikarik osotutako taldea, estilo propioa sortu dauena: FSB. Funkya, dancea, barreak eta freestylea, dana sartzen da. Eta horretarako, haizeak, perkusinoa, loopa, samplerrak… Nahaste lehergarria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!