Indotxinako pobreenak (I)
2011-06-24 15:55 BidaideVientián eta Phnom Penh txanpon beraren bi aldeak dira. Alkarren osogarri dira eta XXI. mendeak Asian marketan dauen erritmoaren ikuspegi desbardinak dira, Asia hego-ekialdeko herrialde pobreenak izanik, biak doaz garapenaren bila.
Lasaitasuna eta astrapalea. Gozamena eta sosegurik eza. Txorien kantuak eta klaxonen kakofonia. Igitaia eta mailua eta neoliberalismoa. Errepublikea eta monarkia. Vientián eta Phnom Penh-eko kaleetan historia kolonial paraleloak dagoz, nagia espirituala bata eta sutsua eta kaotikoa bestea. Laoseko uriburua ministerioz jositako herri tristea da eta bien bitartean Kanbodiako motor politiko eta ekonomikoa asfaltoaren errege diran Bangkok eta Ho Chi Minh (Saigón) erraldoien atzetik doa, erregioetako potentzien motor ekonomikoa diranen atzetik. Horren guztiaren ondorioz, Indotxinako 'seme-alaba' txikienak zapalduta, baztertuta geratzen dira.
Vientián eta Phnom Penh txanpon beraren bi aldeak dira. Alkarren osogarri dira eta XXI. mendeak Asian marketan dauen erritmoaren ikuspegi desbardinak dira, Asia hego-ekialdeko herrialde pobreenak izanik, biak doaz garapenaren bila. Bakotxa bere aldetik joanda, kontrako sentimenduak sortzen dira baina bat eginik zeozer dirala esan daiteke. 700 kilometroko tartea baino ez dago bien artean baina bidea lurrez egin ezkero, gurpildun ibilgailuren batean 24 bat ordukoa izan daiteke amesgaiztoa.
Aldea minutu gitxi batzuetakoa izan arren, azkarrago argitzen dau Phnom Penh-en. Argi izpiak kostata sartzen dira Kanbodiako uriburuko kale hestuetara baina uste baino lehen bistan geratzen dira elektrizistentzako kableen nahaste-borraste anarkiko bildurgarriak. Motordunak jaun da jaube dira asfaltoan eta iratzargailurik ez da behar.
Phsar Thom-eko azokan be mobimentua hasi da; 1937an eregitako art deco eraikin beilegia da, fikzinozko film bat egiteko kokaleku ezin hobea. Uriburuko merkataritza-gune handiena da eta Frantziako arkitektura kolonialaren adibide argienetakoa. Edozein produktu eskuratu daiteke hemen, gehienak turistentzako gauzak: Angkorreko tenpluak serigrafiauta dituen kamisetak, jemer txanpon zaharren falsifikazinoak zein herrialdeko artisautza piezak. Hori guztia, kalidade eskaseko era guztietako txinatar produktuekaz batera.
Vientián-en goizeko argiak nekez izartzen ditu Laoseko uriburuko biztanleak. Eguna argitzen doa eskualdeko ibai nagusi eta Tailandiagaz muga naturala dan Mekong ospetsuaren gainean. Airea freskoa eta garbia da. Eguzkia zerumugan agiri dan bola gorri erraldoia da eta lehenengo izpiek gauean jaun eta jaube izan diran izarren oihala desagertarazoten dabe. Geldiro-geldiro, ontzi txikien arrasto ilunak batera eta bestera doaz, ezelako prisa barik. Eguzkiak denpora tarte txikia behar dau lotsak baztertzeko eta merkurioak salto handia emoten dau konturatzen zarenerako. Vientianeko kaleetan be gero eta mobimentu handiagoa dago baina normalean ez da ezelako trafiko pilaketarik izaten Thanon Lane Xang, uriburuko kale nagusian. Pariseko Eliseo Zelaiak etorbide ospetsuaren kopia bitxia da, Patuxai-n amaitzen dana. Garaipenaren Arkua, XX. mendean herrialde txiki honek sufridutako gerratan hildakoen omenez eregitakoa be hortxe dago, hasieran aireportuko pista bat egiteko erabili behar zan AEBetako hormigoiz egindakoa.
Asiako hegoaldean eta hego-ekialdean, taxi moduan dabilzan ugerrak jandako tuk-tuk ezagunak bazter guztietatik agiri dira, asfalto gitxiko eta zuloz betetako kale-errepideetan. Herrialdearen garapenerako beharrean dabilzan nazinoarteko erakundeetako lur orotariko bildurgarrien artean astiro-astiro ibili arren, eskatzen jaken puntura eroaten deutsue, eta hori ez da gitxi. Goizeko argiagaz laranja kolore nabarmenagoa daben monje budisten tunikak be urrunetik ikusten dira joan-etorrian. Vientianen ugari diran tenpluetatik kantuak entzuten dira, paseorako giro atsegina sortuz. Erlijiosoak eskean bizi dira nahikoa eskuzabalak diran herritarren artean. Laster eskolara doazen umeen astrapaleagaz bazterrak harrotuko dira eta denda txikiak be ateak zabaltzen hasiko dira. Hemen armozua ez da ekialdekoa, frantziar erakoa baino: ez dago fideorik, kafea eta kruasana baino. Jatetxeetan menuak frantsesez dagoz ingelesez baino gehiago eta Asiako beste herrialde batzuetatik datorrenarentzat baguette ezagunak topetea gozamena izaten da. Mendebaldeko lagunarentzat, barriz, kulturen arteko nahasketa hori sano erakargarria eta aberatsa da baina egia da Laosek ez eutsola etekin larregirik atara Frantziagazko menpekotasun horri.
1953ko zemendian independentzia lortu eban Kanbodiak bizi ebanaren antzera, hilebete lehenago independentizau zan Laosen ez eben onura ekonomiko handirik topau frantziarrek. Herrialdean indarrez sartu, inbersino txikia eginaz, ahal izan eben guztia atara eta alde egin eben oinarrizko azpiegiturarik bako lurraldea atzean itxita. Laosek independentzia lortu ebanean ez egoan trenbide sarerik, gaur egun be ez dago. Gero, Sobiet Batasunaren esku geratu zan, Vietnameko gerrea be sufridu eban eta egoera horreen guztien eraginez, lurjota egon zan luzaroan, gaur egun, suspertzen hasita dagozan arren. Horren erakusgarri, kalean Ferrari bat zein Mercedes kontsezionarioa ikusi daitekez, urtean per capita errenta 400 eurokoa dan herrialdean.
Erreportajearen bigarren zatian, aitatu urietako historia eta gizartearen alderik ilunenak jorratuko doguz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!