UPV/EHU-k eta Lu Xun Zentroak Txinako Ikasketen Berezko Masterra 2011/2012 ikasturtean jarriko dabe martxan

Bizkaie! 2011-06-23 15:32

Txinako Ikasketen Masterrak 60 ECTS (European Credit Transfer System) kreditu eta presentziazko 600 irakaskuntza ordu ditu. Guztiak be Elkanoko Enpresa Ikasketen Eskolan eta Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroaren egoitzan emongo dira, biak Bilbon.

UPV/EHU-k Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroagaz alkarlanean, Txinako Ikasketen Berezko Masterraren lehen edizinoa jarriko dau martxan datorren 2011/2012 ikasturterako. Euskadiko unibersidade alorrean onartzen dan Asiako herrialdeari buruzko goi mailako lehen titulazinoa da, eta Estadu osoan martxan jarten dan lehenengoetakoa.

Nazinoarteko alor guztietan Txina indar handia hartzen dago eta beraz, ezinbestekoa da Asiako herensugea hobeto ulertzea eta, ondorioz, Txinako ekonomian, negozioetan, kulturan eta gizartean adituak preparetako aukerea emongo daben goi mailako ikasketak eskaintzea, une honetan dagoan hutsunea betez.

Graduondoko honen helburu nagusia, Txinan kokatutako edo zentrautako jarduerea aurrera eroateko interesa daben profesionalei edo ikerlariei diziplina anitzeko prestakuntza integrala eskaintzea da. Txinan lan egin nahi daben edo, Europatik, erraldoi asiarragaz mota guztietako hartu-emonak, enpresa, erakunde, merkataritza, kultura edo/eta gizarte alorretakoak, izan nahi dituen profil anitzeko personei zuzenduta egongo da. Hau da, kualifikazino maila altua izango daben 30 profesionalen prestakuntzea bultzatu nahi da, Txinako kulturan, historian, filosofian edo hizkuntzan trebatuz, izan be, adituek esaten dabenez, alor horreek ezinbestekoak baitira Txinagaz hartu-emonak izateko eta bertan negozioak aurrera eroan ahal izateko.

Txina munduko bigarren potentzia ekonomikoa bilakatu da, eta Mundu osoan gehien esportatzen eta inportatzen dauen herrialdea da. Horrezaz gan, munduko kultura zaharrenetakoa eta aberatsenetakoa da. Beraz, Txinako gizarte eta ekonomia egitura, merkataritza eta fiskaltasuna, hizkuntzea eta kulturea, sakon ezagutzea ezinbestekoa da edozein sektoretako profesionalentzat eta lan alorrean etorkizuna bilatzen daben gazte tituludunentzat.

Behar horretaz jaubetuta, UPV/EHU-k eta Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroak, gizarte eta lan alorrean Txinan moldatzeko eta herrialde horregaz merkataritza hartu-emonak ezartzeko beharrezkoak diran ezagutzak eta tresnak eskaintzeko graduondoko ikastaroa preparau dabe. Oinarrizko gaietako bat Txinako hizkuntzearen ikasketea da, eta, ondorioz, txinera mandarineko 120 klase ordu eskainiko dira.

Txinako Ikasketen Masterrak bi espezializazino ibilbide eskainiko ditu: Txinako Ekonomia eta Enpresa eta Hizkuntza, Gizarte eta Kultura Garaikideak. Bi ibilbideek zenbait eduki komun ditue (txinera, geografia, politika, historia…), holan, espezialidade batean zein bestean preparetan dan personeak Asiako herrialdeari buruzko funtsezko ezagupenak be izan daizan.

Txinako Ekonomia eta Enpresa ibilbidea, euren lana Txinan egin nahi daben, edo Europatik Txinako enpresakaz lan egin nahi daben edozein alorreko profesionalei dago zuzenduta. Beste gai batzuen artean, Txinako ekonomiaren egungo jokerak, esportazinoa eta inportazinoa, negozio estrategiak eta zerga sistemea landuko dira, Asiako herrialdean garrantzi handia daben beste alderdi batzuk ahaztu barik, protokolozko portaerak, adibidez.

Hizkuntza, Gizarte eta Kultura Garaikideak espezialidadeari jagokonez, Txinako kulturatik, artetik eta gizartetik hur sentiduten diran edo euren jarduerea nazinoarteko hartu-emonen, komunikazinoaren edo, sorkuntzazko industriak izenekoen alorrean gauzatzen daben personei dago zuzenduta. Ikasle horreentzat, masterrak historia, politika eta gobernu sistemea, tradizinoa eta egungo gizartea eta Txinako komunikabideak lako edukiak eskaintzen ditu.

Euskal Herriko Unibersidadeak eta Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroak presentziazko irakaskuntza eredua proposatzen dabe euren graduondoko ikastarorako. Bertan lehentasuna emongo jake ikasleen –30 plaza– eta irakasleen arteko hartu-emon zuzenei.

Irakasle taldea, bakotxa bere alorrean adituak diran 24 pertsona baino gehiagok osotuko dabe, UPV/EHU-ko, Estaduko beste bost unibersidadetako, Pariseko École des Hautes Études en Sciences Sociales-eko (EHESS), eta Txinako Taipei, Jiangnan, Xiamen eta Shanghaiko unibersidadeetako zenbait irakasle doktorek, hain zuzen be; horrezaz gan, Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroko irakasleek eta diplomatikoek be hartuko dabe parte, Txinak Madrilen dauen Enbaxadoreak eta Espainiak Beijingen dauen Enbaxadoreak, besteak beste.

Txinako Ikasketen Masterrak 60 ECTS (European Credit Transfer System) kreditu eta presentziazko 600 irakaskuntza ordu ditu. Guztiak be Elkanoko Enpresa Ikasketen Eskolan eta Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroaren egoitzan emongo dira, biak Bilbon. Prestakuntza espezializatu hori egin ahal izateko, ezinbestekoa izango da lizentziatura edo diplomatura titulua izatea. Masterra 2011ko urriaren 17an hasi eta 2012ko zemendian amaituko da. Aurretik izena emoteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik (UPV/EHU-ren webgunearen bitartez eta Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroan bertan). Eskaintzen dan gehieneko plaza kopurua gainditu ezkero, batzorde akademikoak hautagaien merituak eta curriculumak ebaluauko ditu, ikasleak aukeratu ahal izateko.

Graduondoko titulu horri buruzko informazino gehiago jaso daiteke www.ikasketak.ehu.es eta www.estudioschinos.com webguneetan, edo UPV/EHU-ko Berezko Ikasketen Unitateagaz hartu-emonetan jarri, 94601 3290 – 946015825 telefono zenbakien bitartez edo Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroagaz 944050291 zenbakian. Horrezaz gan, posta elektronikoz be eska daiteke informazinoa: master.estudioschinos@ehu.es.

Lu Xun Txinako Ikasketen Zentroa irabazi asmorik bako elkartea da, eta bere interesa Euskal Herriaren eta Txinaren arteko zubi kulturala eta soziala izatea da. Erakunde horrek alkarlanerako hitzarmenak ditu Txinako Zhejiang Normal University eta East China Normal University unibersidadeakaz, Euskal Herriko Unibersidadeagaz eta UNED-egaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu