GetxoJazz jaialdiaren eskutik abiatuko da Euskadiko jazz denporaldia

Bizkaie! 2011-06-21 15:41   Musikea

Garagarrilak 1ean hasten da Euskadiko jazz denporaldia Getxoko 35. Nazinoarteko Jazzaldiaren eskutik. Hilaren 5era arte Branford Marsalis, Chucho Valdés & The Afro-Cuban Messengers, Lee Ritenour, Dave Holland eta Aki Taksase New Blues Project musikari eta talde handiak etorriko dira Getxora.

Garagarrilak 1ean hasten da Euskadiko jazz denporaldia Getxoko 35. Nazinoarteko Jazzaldiaren eskutik. Hilaren 5era arte Branford Marsalis, Chucho Valdés & The Afro-Cuban Messengers, Lee Ritenour, Dave Holland eta Aki Takase New Blues Project musikari eta talde handiak etorriko dira Getxora. Talde Lehiaketako eta Hirugarren Milurtekoa atalaren kontzertuak eta jam sessions saioak gehitu behar jakez horreeei. Danetara, 20 saio egongo dira aurtengo jazzaldian.

Getxoko Jazzaldiaren aurkezpenean, Getxoko Kultura zuzendari Jon Iñaki Zarraga, Getxoko alkate Imanol Landa, BBKko Gorka Martinez eta Iñaki Saitua festibaleko zuzendaria izan dira. Jon Iñaki Zarragak jaialdiak jazza gizarterako daukan balioa azpimarratu dau. Holango ekimenek garrantzi handia dabe musikea herritarrengana hurreratzeko, azaldu dau.

Iñaki Saitua jazzaldiko arduradunak kalidadea eta aniztasuna nabarmendu ditu. Aurten be taldeen kalidadea eta aniztasuna azpimarratzekoak dira, eta gazteei emondako laguntasuna bere bai, bai lehiaketearen bidez bai saio berezien bidez, argitu dau Saituak. Aurten 52 talde aurkeztu dira lehiaketara, eta horretatik lau finalistek joko dabe Getxon, Hirugarren Milurtekoa dalako espazioan.

Jaialdiaren lehenengo egunean Aki Takase pianista japoniarrak eta bere taldeak, New Blues Project-ek joko dabe. 70eko hamarkadako amaieran hasi zan haren jarduerea eta 1981ean Europako eszenan agertu zan Berlingo Jazzaldi ospetsuan Takeo Moriyamaregaz eta Nobuyoshi Inoregaz osatu eban hirukote ospetsuaren burua zala. Ordutik hona Dave Liebman, Sheila Jordan, Maria Joao, David Murray eta Rudi Mahall musikari handiekaz jardun dau, besteak beste.

Garagarrilaren 2an, Lee Ritenour egungo jazz-fusion gitarra-jotzaile ospetsuenetako baten txandea izango da. Hasieran Sergio Mendesen Brasil 77 talde famatuan jardun eban eta sadoi horretan West Montgomeryren, Joe Passen eta Barney Kesselen eragin musikala nabaria zan. Ordutik, bide barriak zabaldu ditu musikan, eta beste doinuen batzuen eragina gehitu deutso bere lanari, esaterako, musika brasildarra, Río disko ezagunean. Grammy sarietarako 17 izendapen jaso ditu eta hainbat urrezko disko ditu. Horreen artean Larry Carltonekin grabautako Larry & Lee aitatu behar da.

Jazzaldiaren erdiladerantz, garagarrilaren 3an, helduko da Dave Hollanden boskotea. Musikagile eta kontrabaxu-jotzaile ingelesa abangoardiako jazzan nabarmendu da. Hainbat musikari handigaz jo dau: Stan Getz, Chick Corea, Anthony Braxton, John Abercrombie eta Jack DeJohnette, besteak beste. 1972. urtean lehenengo diskoa kaleratu eban, Conference of the Birds lan arrakastatsua, hain zuzen be, eta 80ko hamarkadan ondoko lanok atara zituan: Life Cycle, Jumpin' In, Seeds of Time eta The Razor's Edge. 1997an gaur egungo taldea sortu eban. Igaz Hands kaleratu eban, Pepe Habichuela flamenko gitarra-jotzaileagaz alkarlanean.

Garagarrilaren 4an, musika latinoa izango da protagonistea, Chucho Valdés handia The Afro Cuban Messengers taldeagaz etorriko da eta. Munduko piano-jole onenetakoa da eta Kubako artista handien artean dago. Umea zala pianoa joten hasi zan aitaren, Bebo Valdés musikariaren, babespean. Hamalau urte zituala jos eban lehenengo bider profesional lez, aitak zuzentzen eban Sabor de Cuba orkestran. La Habanako Arte Unibersidadean graduau zan. Hainbat proiektutan parte hartu eban: Habanako Musika-Antzokiaren orkestra, Musika Modernoaren Orkestra Kubatarra eta Irakere taldea. Gazterik jazz latinoaren eta afrika-kubako jazzaren munduko goi-mailara heldu zan Valdés. Makina bat sari jaso dau, berbarako, lau Grammy.

Garagarrilaren 5ean, Branford Marsalisek itxiko dau Getxoko 35. Jazzaldia. Saxo-jotzaile ezagunak (Wynton Marsalis musikari ospetsuaren anaia) 80ko hamarkadan hasi eban jarduera profesionala, Art Blakeyren Jazz Messengers taldean. 1982tik 1985era anaiaren taldean ibili zan eta, ondoren, bakarkako ibilbideari ekin eutson, Sonny Rollins edo Mile Davis artista handiekaz eginiko alkarlana baztertu barik. Hogei bat lan grabau ditu; horreen artean, Trio Jeepy (1988) aitatu behar da, adituen ustez 80ko hamarkadaren disko onenetakoa.

Urtero lez, jaialdiak lau saio izango ditu eguneko. Biotz Alai plazan Talde Lehiaketako kontzertuak egingo dira, 21:00etan. Ostean, 22:00ak aldera, egun bakotxeko talde eta musikari nagusiek joko dabe. Hirugarren Milurtekoa ataleko kontzertuak Algortako Geltokia plazan egingo dira, 19:00etan. Azkenik, Algortako The Piper's Irish Pub tabernan Jam Sessions-ak egongo dira Biotz Alai plazako emonaldiak amaituta, 00:00ak aldera. Horrezaz gan, Marmara Marching Band taldeak Getxoko kaleak alaituko ditu jazz doinuz, eta argazki-zaleek Algortako Satistegi kafean Ricardo Carrillo de Albornozen argazki erakusketaz gozauko dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu