Kalealdiak Bilboko kaleak eszenatoki bihurtuko ditu garagarrilaren 4tik 9ra bitartean

Nagore Ferreira Zamalloa 2011-06-21 15:30   Kulturea

Garagarrilaren 4tik 9ra bitartean, Bilboko kaleak musika, jantza, malabare eta akrobatez beteko dira, Kalealdia, Kaleko Antzerki eta Arteen Nazinoarteko XII. Jaialdian. Zabaltze ekitaldi ofiziala, 5 herrialdetako 5 musikarik osotzen daben kaleko musikako Million Dollar Mercede$ Band taldeagaz egingo da hilaren 5ean, arratsaldeko 17:00etan, Diputazino kalean.

Garagarrilaren 4tik 9ra bitartean, Bilboko kaleak musika, jantza, malabare eta akrobatez beteko dira, Kalealdia Kaleko Antzerki eta Arteen Nazinoarteko Jaialdiaren hamabigarren edizinoan, hain zuzen be. Danetara hogeita bat konpainiek hartuko dabe parte festibalean. Aurten ekitaldi guztiak jarraian antolatu ditue, ohiko jaialdietan legez.

Kalealdiaren aurkezpena Foru Aldundiaren eraikinaren kanpoaldean egin dabe, eta bertan Ibone Bengoetxea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Zinegotzia, Pedro Ormazabal, Bilboko Kalealdiaren zuzendaria eta Irina Petrescu, Institutu Frantseseko Zuzendaria izan dira.

Kalidade maila bikaineko egitaraua izango dau aurten be Kalealdiak, Ibone Bengoetxeak eta Pedro Ormazabalek prentsaurrekoan adierazo dabenez. Izan be, jaialdiak kaleko arte eszenikoetan ospe handia daben konpainien lanik barrienak eskainiko ditu. Bilbon izango diran hogeita bat konpainietatik Frantzia, Belgika, Ingalaterra, Katalunia, Galizia... eta beste makina bat lekutakoak dagoz. Euskal Herriko taldeen artean, nabarmentzeko modukoak dira En la Lona, Ganso & Cía, Markeliñe eta Gaztedi Dantzari Taldeak ekarri dituen proposamenak.

Hain zuzen be, Gaztedi taldeak hasiko dau garagarrilaren 4an aurtengo Kalealdia, jaialdirako beren-beregi sortutako Txangoan jantza tradizionaleko ikuskizunagaz. Erriberako merkatutik abiatuko dira parte hartuko daben 200 jantzariek, eta handik Arenalerantza joango dira. Santutxuko taldeak, ganera, 60 urte bete ditu aurten.

Konpainia gehienek pieza eszeniko barritzaileak ekarriko ditue Bilbora, Ormazabalek azaldu dauenez. Hamaika diziplina ikusteko aukerea egongo da urian sei egunez: kaleko banda ibiltarien musikea, jantza bertikala, kaleko antzerkia, zirkua, clownak, malabareak, aireko akrobaziak, egitura mugikor handiekaz egindako ikuskizunak eta abar.

Gatxa da hainbeste ikuskizunen artean baten bat aukeratzea, baina Ormazabalek Delrevés konpainia kataluniarraren Repite conmigo jantza bertikaleko piezea izan dau gogoan. BBVAren eraikinaren aurrealdean egingo da ikuskzuna, Abandon. Lekua benetan be aproposa da. Ikusgarria izango da, nabarmendu dau.

Bilboko Institutu Frantseseko buru Irina Petrescuk Frantziako Génèrik Vapeur eta Kitschenette konpainien lanak aurkeztu ditu prentsaurrekoan. Urtarrilean zabaldu genduan zentroa, Bilbotik eta Bilborantzako zubiak eregiteko asmoz. Gure ustez, Kalealdia holango zubietako bat da, eta horregaitik pentsau dogu garrantzitsua dala alkarregaz lan egitea, azaldu dau Petrescuk. Génèrik Vapeur taldeak Bivouac kalejira ikusgarri eta zaratatsua aurkeztuko dau Kale Nagusian zehar. Konpainiarentzat kalea, espazio publikoa, inspirazinorako iturri eta eszenatoki da. Espazio publikoa beste modu batera ikusteko konbita egiten dabe beti, ganeratu dau. Kitschenette talde gazteak On pasen á table! eskainiko dau.

Kalealdiaren eszenatokiak Bilboko kale eta plazak izango dira, batez be kale Nagusia eta ingurua, eta Zazpi Kaleak. Ordutegi eta egitarau osoa jaialdiaren webgunean dago: www.bilbokokalealdia.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu