Jolin Tsai: 'Mendebaldeak ez deust ardura'
2011-06-20 12:43 BidaidePop txinatarraren erregina
Hongkou-ko estadioan Jolin Tsai (Taipei, 1980) jentaurrean agertu eta 50.000 lagun garraxika hasten diranean, eszenatoki guztiak txiki geratzen jakoz, baita futbol zelai handiena be. Pop txinatarraren parerik bako izarra ederra da eta badaki horri eta taula gainean izaten dauen jarrereari eta gorputza mobiduteko moduari etekina ataraten; gomazkoa emoten dau eta titiritero edo akrobaten keinuak egiten ditu ahotsaren kontrola galdu barik. Gimnasia artistikoko ariketakaz be ausartzen da 2012ko Londreseko olinpiadetarako preparetan balego legez.
Mutilak adurra dariela dagoz haren urre koloreko bikini eta bularretakoei begira eta neskak, barriz, kantuak pasino bereziagaz kantetan eta kopiauko daben look-a aztertzen. Eta ez da lan erraza ze kontzertuan zehar makinatxu bat jantzi aldaketa egiten ditu, kasu batzuetan 30 segunduko tarte laburrean. Azukera gehiegizko baladak kantetan dituan maitagarrien ipuinetako printzesa zein bularretan argia eta larruzko eskularruz agiri dan sadomasoko dominatrix bihurtzen da konturatzen zarenerako eta hatzamar bat mizkatu aurretik eskua hankatartetik pasetako be ez dau ezelako lotsarik erakusten.
Lady Gagak arerio sendoa dauka ze Jolinen diseinuetako batzuk surrealismotik hur dagoz eta bardin esan daiteke eszenografiaren ganean, bueltaka dabilen pianoa, gainean jarri eta protagonsitak irunsteko plataforma hidraulikoak eta abar. Orgasmo kolektiboaren sorburu dan gizonezkoen pop izar eta Jolinen mutil lagun ohi Jay Chou agertu eta -Maite zaitut Jay- Jolinen oihuak bazterrak harrotu eta berradiskidetze posibleaz zurrumurruak ugaldu ahala atzera be marketinga-ak irabazi dauela esan daiteke.
Edozelan be, publikoan edade guztietako lagunak agiri dira, abeslariaren mobimentuak imitetan nahikoa lan daben 8 urteko umeak zein euriaren eta ingurukoen burla-barreez babesteko goardasolpean dagozan berrogeita hamar urtetik gorako bikoteak. Hori bai, gehienak nerabeak eta gazteak dira eta horreetako asko jarraitzaile sutsuak Jolinek 1998an MTV-ren lehiaketa batean debutau ebanetik. Universal etxeak fitxau eta urtebetegarrenean, Jolin 1019 diskoak upealako arrakastea izan eban. Ordutik diskoetxerik indartsuenak haren atzetik dabilz. Sonu Music-ek atara eban artistearen laugarren diskoa, J-Game izenekoa eta hilebeteko tartean miloe bat disko saldu ziran. 2009an, Warner etxeagaz ataratako Butterfly diskoak errekor guztiak gainditu zituan. Live Journal-en esanetan, igaz 14,5 miloe dolarretik gora atara eban disko salmentatik.
Jolinegaz aurrez aurre zagozala, neurriz txikia dala jaubetzen zara, izan be, 161 zentimetroko altuerea eta 45 kiloko pisua dauka. Txinako uriburu ekonomikoan emongo dauen kontzertuaren ensaio orokorra hasita dago eta jantzariak koreografiak lantzen dabilz Jolin Tsairen begiradapean. Makillaerik barik dagoanez, argazkiak galarazota dagoz eta argazkiak eskatu deutsadazanean, XXL betaurrekoak jantzi ditu. Ingeles kaxkarragaitik parkamena eskatu eta Cambridgen ikasitakoa balitx lez erantzun deust galdetegia.
1.- Debutau zenduanetik 13 urte pasau dira eta puntaren puntan jarraitzen dozu. Zelan eboluzionau dozu arrakastea izaten jarraitzeko?
Ikuskizuna kontroletan eta sentiduten dodana hobeto adierazoten ikasi dot. Hasi nintzanean ez nekian ezer industria honen funtzionamenduaz, unibersidadean nengoan eta profesionalen aholku eta oharrakaz aurrera egin neban. Hortik aurrera, arlo honen gorabeherak ezagutzen joan ahala, neurri zehatzak hartzen joan naz neure irudia eta neure personaia eregi eta osotzeko. Subertea be euki dodala uste dot eta pozten naz erabagi asko eta sano garrantzitsuak neuk hartu dodazalako. Egia esan behar badot, aldaketa eta erronka barriak gustora hartzen dodaz eta ganera, holan publikoa be ez da aspertzen.
2.- Hasierako neska polita sex symbol bihurtu da...
Edade kontua dala esango neuke. Hasierako pausuetako inozentzia puntu horri eusten ahalegintzen naz baina edadean gora noa eta orain sexy jarrera eta musikea toketan dala pentsetan dot, jakina, neure jarrera eta itxuregaz bat eginik.
3.- Halan da be, Txinan jarrera probokatzaile eta sexya mugatua izango da, ezta?
Kontuan hartu publikoa desbardina dala. Madona, berbarako, nire idoloa izan da hasi nintzanetik eta gustauko litxakit harena lako izakerea eta jarrerea izatea. Batera hazi gara. Seme-alabak ditu, erlijinoa aldatu eta hortik disko bat ataraten dau. Emakume batek gura dauena egin leikela erakusten dau, gizonezkoen parean dagoala. Ni ez naz holan sentiduten. Madonak nahi dauen moduan egin leike berba, F (ingelesezko fuck) berbea be erabili leike eta nik ez kultura desbardinetakoak garelako. Niretzako jomuga bat da Madona.
4.- Egoera horrek zenbateraino mugatzen zaitu?
Gizarteak eta gehienbat nerabeak diran nire entzuleek eredutzat hartzen nabe eta, beraz, zeozelan jarrera horri eutsi behar deutsat. Baina ni ez naz beti holakoa. Publikoaren aurrean ez baina ganerakoen antzera sarritan hasarratu eta juramentuak esaten dodaz. Beste alde batetik, jenteak nitaz esaten dauenari ez deutsat jaramonik egiten eta kasu honetan be asko ikasi dot ze lehen kritika eta zurrumurru guztiakaz asko minduten ninduen.
5.- Hezitzaile lana egiten dozu?
Duda barik. Eta ez nik bakarrik, Txinako abeslari guztiok holan jokatzen dogu. Hezibide onekoak izaten ahalegintzen gara geugaz be bardin jokatu deien eta mendebaldean ez da holakorik ikusten.
6.- Bistakoa da kultura arloan gorabehera handiak dagozala baina adibide bat ipintearren, zure musikea eta Britney Spearsena nahikoa antzekoak dira...
Nik uste dot musikeak ez daukala mugarik. Ez dot uste txinatar osogaiak sartu behar diranik musikeari txinatar ukutua emoteko. Musikea globala da eta ez deutsat estaduekaz eta agintariekaz lotutako mugarik ikusten. Kopiei buruz berba egitea ez da zentzunezkoa, ez txina, ezta Espainian be. Publikoari gustauko jakozan kantuak sortzea da kontua.
7.- Baina bitxia da mundu global honetan mugak zabaldu eta mendebaldean sartzeko ahaleginik ez egitea; are gehiago ‘Madeli bukesiyi’ (Madrid zoragarria) edo ‘Bulage guangchang’ (Pragako Plaza) lako kantuak abestuta...
Mendebaldeak ez deust ardura. Txinatarra naz eta nire merkatuan nahi dot arrakastea, sano erraldoia da eta horregaz nahikoa daukat. Ez daukat AEBetara joateko amesik beste batzuk egiten daben moduan. Merkatu horretan sartzeko ez nago prest nire musikea aldatu eta nire nortasunari uko egiteko.
8.- Gaztelaniadun munduan, badira batzuk ingeles hutsean diskoak argitaratu dituenak. Enrique Iglesias eta Shakira, berbarako, oso ezagunak dira Txinan. Zuk zeuk be makinatxu bat kantu eta disko daukazuz ingelesez eta Kylie Minogue-gaz be kantua izan dozu. Bide horretatik jotea ez dozu baloretan?
Bueno, kantu bat edo beste ingelesez kantetan dot eta ingelesezko berbak tarteka sartzen dodaz kantu askotan. Dana dala, ez daukat ezelako asmorik disko bat osorik ingelesez argitaratzeko, besteak beste, nire entzuleek ez leukielako ulertuko. Hori bai, mendebaldean kontzerturen bat gustora emongo neuke han bizi diran txinatarrentzako; ganera, txinatar kultureagazko interesa gero eta handiagoa da gure mugetatik kanpo eta egoera hori aintzat hartzekoa da.
9.- Musikearen industriak aldaketa sakonak bizi izan ditu eta Internetek sekulako iraultza ekarri dau. Txinan egoerea berezia da eta horren erakusgarri sano gatxa izna da zure diskoaren legezko kopia bat eskuratzea. Erronka horri zelan egingo deutsazu aurre?
Arazo handia da hori ze muskarien talentua dago arriskuan. Legezko deskargak sustatu nahi doguz baina pirateriaren fenomenoa geldiezina da eta horren aurrean sortzaileok etena egitea pekatu handia litzateke. Kontzertuetara joategaitik, barriz, jenteak ez dauka arazorik sarrerea erosteko. Beraz, zuzeneko ikuskizunak hobetzea da bidea. Jakina, egoerea larria da danontzako baina larriagoa talde edo bakarlari hasibarrientzat eta puntaren puntan ez dabilzanentzat. Hor 'garbiketea' jazo daiteke. Dana dala, epe luzera Internet aukera handia izango dalakoan nago eta musikearen industria egokitu ostean, errentagarritasuna berez etorriko dala uste dot.
10.- Zure kontzertuak sekulako ikuskizuna izaten dira eta zirkuko ekitaldiak eta musikea buztartzen dozuz. Erraza al da aldi berean kantetatea eta hegaz egitea?
Ariketa fisikoek batzuetan ahotsaren kalidadean eragiten dabe, hori ez dago ukatzerik. Horixe pasau jatan Singapur-ereko kontzertu batean eta oso triste jarri nintzan. Ensaioetan be gogotsu ibili nintzan eta gero jentaurreko ikuskizunean, indar barik gelditu nintzan. Geldiro-geldiro ikasten zoaz ze nonstop pare bat orduko ikuskizunak izaten dira, oso fisikoak eta indarrak ez badozuz apur bat gordetan gero lotsagarri geratzeko arriskua dozu.
11.- Singapur aitatu dozu eta han be izarra zara. Zu zeu taiwandarra zara, ugarte txikia izanda Txinak baino izar gehiagoren sorburu. Zergaitik gertatzen da hori?
Txinagaz konparauta abantaila bi daukaguzala uste dot: alde batetik, industria arinago sortu eta azkarrago garatu dala; bestetik, bariedade musikal handiagoa daukagula, akaso, Taiwanen beti presente egon diran Japoniaren eta AEBen eragina sano indartsua dalako. Hori bai, gero eta banda interesanteagoak dagoz kontinentean eta posible da orain daukagun abantaila hori galtzea.
12.- Inspirazinoa nondik jatortzu?
Gehienbat You Tube-tik. Bideo asko ikusten dodaz eta nire jantza irakasleak eta produktoreak be aholkuak emoten deustiez. Jantzea eta ikuskizuna bera, koreografiak, argiak, su artifizialak interesetan jataz, kantuetako berbak baino gehiago nahiz eta batzuetan nik neuk idatzi neureak. Besteen berbei be normalean ez deutset erreparetan.
13.- Madonna da zure idoloa, egokitzen eta aldaketak asimiletan jakin izan dauen artistea. Zuk zeuk zelan ikusten dozu zure burua 55 urtegaz...
Ez deutsat edade mugarik jarten nire ibilbide musikalari. Disfrutetan eta ondo pasetan dodan bitartean aurrera egingo dot. Badakit koreografiak aldatu beharko dodazala ze muga handigurakoak jarri eta lotsagarri geratzea patetikoa izaten da eta holakorik ez dot gura. Egia esan behar badeutsut etorkizunak ez nau arduratzen, ezta nire hurrengo diskoa zelan izango dan be: Edozelan be, argi daukat gozotegi bat zabaldu gura neuke...
14.- Harrigarria zara, Lady Gagaren antzera. Zelan ikusten dozuz Lady Gaga eta Justin Bieber?
Sano interesgarriak begitantzen jataz. Bueno, Justin Bieber nerabeentzako produktua da, 'nire mutila laguna holakoa izatea gustauko litxakit' eredukoentzat baina talentua dauka eta mutil erakargarria da. Lady Gagak askoz indar gehiago dauka eta suberterik onena opa deutsat (Barre algaraka).
Jolin Tsai bere saltsan ikusteko, klik egin hemen
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!