Euskal musika industria oinarritik sendotzeko batu dira Gasteiz, Bermeo, Bilbo eta Miarritzeko lau areto
2011-06-17 15:48 MusikeaEuskal Herriko Musika Etxeen Sarea sortu dabe, gizartearen eta kulturearen baloreak eskaini eta musikearen industrian bide barriak zabaltzeko asmoz. Zuzeneko kontzertuak baino gehiago eskaini nahi dogu, Euskal Herriko musikearen panoramea indartzeko oinarri sendoa behar da eta, horregaitik, mota askotako proiektuei eta publiko barriei lekua egin gura deutsagu
Euskal Herriko Musika Etxeen Sarea sortu dabe, gizartearen eta kulturearen baloreak eskaini eta musikearen industrian bide barriak zabaltzeko asmoz. Zuzeneko kontzertuak baino gehiago eskaini nahi dogu, Euskal Herriko musikearen panoramea indartzeko oinarri sendoa behar da eta, horregaitik, mota askotako proiektuei eta publiko barriei lekua egin gura deutsagu, azaldu dau Jimmy Jazz aretoko Iker Arronizek. Gasteizko gune horregaz batera, Bilboko Bilborock, Bermeoko Kafe Antzokia eta Miarritzeko Atabal be egitasmoan sartu dira.
Inguruan egiten dana batu nahi dogu, eta azalera ekarri, izan be, jentea gauza interesgarriak egiten dabil baina babesa eta ikusgarritasuna behar dabe, aukerea emon behar jake, aitatu dau Bilborockeko Joxeanek, euskal musikeak biziraungo badau, hortik jo behar dogu. Euskal musikagintzea indartzeko, aniztasuna jorratu behar dala uste dabe bultzatzaileek, bertoko taldeei publikoagana heltzeko aukerea emon behar deutsagu, ganeratu dau Iker Arronizek, zuzeneko kontzertuak antolatzen ibili gara orain arte lau aretook eta, orain, harago joan nahi dogu, alkarlanaren bidez, kulturea, publikoa eta gizarte-interesak buztartu gura doguz.
Oinarritik hasi nahi dogu, harrobia lantzen, gazteak musikara erakarten eta publiko barria sortzen, azaldu dau Bilborock kudeatzen dauen Emankor Sareko Amets Rodriguezek. Helburua ez da kontzertu masiboak antolatzea, musikearen munduan dabilzan guztiei lekua egitea baino eta, ganera, formakuntzeari garrantzia berezia emoten deutsie, ekipamenduak badaukaguz, orain probetxua atara behar deutsagu, nabarmendu dau Joxeanek.
Diskogintzearen industria krisian dago eta Bilborock, Bermeoko Kafe Antzokia, Jimmy Jazz eta Atabaleko arduradunek ikusi dabe, oinarria landu ezean eta eredua aldatu ezean, egoereak ez dauela onera egingo. Onura ekonomiko hutsari begiratu beharrean, epe luzerako ikuspegia landu gura dabe eta sare zabala osotu, ekimen asko baina txikiak egin nahi doguz, zehaztu dau Iker Arronizek. Horretarako, erakunde publikoakaz alkarlanean jardungo dira eta musikearen inguruan dagozan ganerako eragileakaz be kolaborau gura dabe, ez deutsagu inori konpetentziarik egin nahi, egitasmo honetan alkarlana da oinarria eta helburua, onura soziala, esan dau Amets Rodriguezek.
Euskal Herriko Musika Etxeen Sarea sortzeko, Kataluniara begiratu dabe, han antzeko egitasmoa martxan jarri eben-eta orain dala sei urte pasatxo. Xarxa de Cases de la Musica sarearen barri emoten etorri dira Kataluniatik Bilbora Jordi eta David. Musika-aretoak baino gehiago izan nahi genduan, formakuntzea eta aukerak eskaini, eta horregaitik, musika-etxeen kontzeptua sortu genduan, zehaztu dau Jordik. Ganerako erakunde eta musika-eskolakaz alkarlanean, Xarxa de Cases de Musica sareak formakuntza eta informazino aukera zabalak eskaintzen ditue Kataluniako hainbat uritan dagozan musika-etxeetan eta kontzertuetan be, talde arrakastatsuenak ez eze, bestelakoak izaten ditue. Eredu horri jarraituta, Bilborockek, Bermeoko Kafe Antzokiak, Gasteizko Jimmy Jazzek eta Miarritzeko Atabalek be musika-etxe bihurtu gura dabe. Gaur, sarea aurkeztu dabe Bilbon eta uda ostean egitarau zehatzaren barri emotea espero dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!