'Pintura abstraktua, 1949–1969: Guggenheim Bildumen aukeraketak' aurkeztu dabe
2011-06-14 15:36 Kulturea2011ko bagilaren 14tik 2012ko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan, AEBko eta Europako artearen jokerarik garrantzitsuenak batzen dituan erakusketea.
2011ko bagilaren 14tik 2012ko urtarrilaren 8ra arte egongo da ikusgai Guggenheim Bilbao Museoan, AEBko eta Europako artearen jokerarik garrantzitsuenak batzen dituan erakusketea. Hainbat gune didaktikoz osotuta dago erakusketea. 1950eko eta 1960ko hamarkadetan AEBetako eta Europako hainbat jazoera ezagutzeko konbidapena dira, eta aztergai ditue politikan, gizartean, literaturan eta zineman jazo ziranak. Telebista-kate publikoetatik ataratako musika, testu, irudi eta ikus-entzunezko baliabide horreek garaia hobeto ulertzeko leiho edegia dira. Gainera, hainbat albistegiren bidez Kubako Iraultzeari, Berlingo Harresiaren eraikuntzari eta Martin Luther King-en AEBetako burruka aktiboari buruzko barriak erakutsiko dira, besteak beste.
Solomon R. Guggenheim Museum-en, Peggy Guggenheim Collection-en eta Guggenheim Bilbao Museoaren bildumetako 60 artista baino gehiagoren 80 lan ingururen bidez aztertzen dira Europan eta AEBn sortu ziran arte-adierazpenen antzekotasunak. Ikusgai diran lan asko Solomon R. Guggenheim Museum-ek eskuratu zituan 1952 eta 1960 artean, haren bigarren zuzendaria buru zala, James Johnson Sweeney. 1997an inaugurau zanetik, Guggenheim Bilbao Museoak garai honetako artea abiapuntutzat hartu dau Guggeheim Bilbao Bildumea eratzeko.
Erakusketako artista batzuk honakoak dira: Jackson Pollock, Willem de Kooning, Ellsworth Kelly, Robert Rauschenberg, Karel Appel, Alberto Burri, Antoni Tàpies, Yves Klein, Jean Tinguely eta Piero Manzoni.
Pintura abstraktoaren nondik norakoak
Gerra Hotzaren garaian pintura abstraktuaren barruan hainbat estilo sortu ziran. Europan, Bigarren Mundu Gerreak eragindako suntsipenaren eta filosofia existentzialistearen gorakadearen ondorioz, artistek hibridazinora eta sintesira jo eben, aurreko balore utopikoak eta esperimentalak jorratu ordez. Beraz, Arte Informalak, edo forma bako arteak, askotariko abstrakzino-moduak eta pintetako metodoak barru hartzen ditu, gerraoste horretan sortu ziranak.
Bitartean, AEBetan, keinuan oinarritutako pintura-estilo oso adierazgarri bat garatzen egoan: Espresionismo Abstraktua. Informalistek legez, espresionista abstraktuek artea sortzeko prozesuan eta oinarrietan interesau ziran, eta, era berean, subkontzientean eta egoera emozionaletan sakondu nahi izan eben.
Espresionismo Abstraktutik Arte Informalera
Francoren Espainian eta Ekialdeko Europan, arteak askatasun politikoa ekarren, errepresinoak estetikearen alorrak be hartzen baitzituan. Frantzian, kultura ofizialaren aurreko 'arerio' erradikala zan Jean Dubuffet-en artea. Gizarteratuta ez egozanen lanak erabiliz, abstrakzinoaren barruan bideak edegi zituan Dubuffet-ek.
Kopenhageko, Bruselako eta Amsterdameko artista batzuek CoBrA taldeko kideek nahiago eben errealismoa kolore biziakaz eta lerro adierazgarriakaz buztartu eta horretarako lodi margotutako azaleren alde egin eben; zeozelan primitibismo modu barri bat egin eben.
Arte Informala terminoa Michel Tapié kritikariak sortu eban 1952an, baina beste izen batzuk be zabaldu ziran: Keinu Pintura, Abstrakzino Lirikoa, Arte Materikoa eta Tatxismoa, besteak beste. Askatasun artistikoari atxiki jakon eta humanismo klasikoaren ezaugarriak eta haren arte-printzipio garrantzitsuenak baztertu zituan. Mugimendu europar horrek, besteak beste, Alberto Burri italiarra eta Antoni Tàpies espainiarra artistak batu zituan; horreek, ohikoak ez ziran materialak erabili zituen euren pinturetan, esaterako, harea, sokak, zarpailak eta zura.
Europako beste artista batzuek –Lucio Fontana, Yves Klein eta Piero Manzini, kasu– zientifikoago, objektiboago eta alkarreragileago erixten zituen hainbat joera ikertu zituen eta pintura monokromoak lantzeari ekin eutsien. Mobimentuaren, argiaren eta kolorearen efektuak aztertzeko, askok ikusizko hiztegi geometriko mugatua eratu eben, eta material barritzaileak erabili zituen, besteak beste, metakrilatoa, argi polarizatua eta altzairu malgua.
Europatik kanpo be hartu zituan arteak bestelako bideak gerraostean; AEBetako pinturak keinuan oinarritutako oso estilo bizia bere egin eban: Espresionismo Abstraktua izena emon jakon. Artista informalistek legez, espresionista abstraktuek ez eben ikuspegi edo gai bakarra partekatzen. Ostera, artea sortzeko prozesuagazko eta oinarriakazko interesa eta subkontzienteak eta emozinoek eragindako lilura mobimentuaren motor bihurtu ziran.
Lehen espresionista abstraktuak formea eta emozinoa batzen saiatu ziran, eta artistearen errealidade psikikoan jarri eben atentzinoa, kanpoko elementuak ebitetako. Holako lanek Keinu Pintura izena hartu dabe batzuetan, eta horren adibide doguz Jackson Pollock-en eta beste artista batzuen mihise handiak.
Abstrakzinoaren bide barriak be jorratu ziran, besteak beste, abstrakzio post-piktorikoa eta pintura sistemikoa. Bietan Espresionismo Abstraktuaren muinaren kontra lan egiten eben. Edozelan be, Pop Art estadubatuarra arte-eszenan nagusi zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!