'Artea ikasbide' programako lanak ikusgai ipini ditue Guggenheim museoan
2011-06-13 14:40 KultureaArtea Ikasbide hezkuntza-programearen erakusketea aurkeztu dabe Bilboko Guggenheim Museoan. Aurtengoa hamaulagarren edizinoa da, eta erakusketea abuztuaren 28ra arte egongo da zabalik, museoaren 103B aretoan.
Artea Ikasbide hezkuntza-programearen erakusketea aurkeztu dabe Bilboko Guggenheim Museoan. Aurtengoa hamaulagarren edizinoa da, eta erakusketea abuztuaren 28ra arte egongo da zabalik, museoaren 103B aretoan.
Aurkezpen-ekitaldian, Gorka Martínez, programearen babesle BBK Fundazinoaren zuzendaria, Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoko zuzendaria eta Jorge Rubio artistea izan dira.
2010-11 ikasturtean, EAEko bederatzi ikastetxeko 196 ikasle artista bihurtu ziran, eta bederatzi artista —Elssie Ansareo, Nadia Barkate, Naia del Castillo, Ibon Garagarza, Iñaki Gracenea, Joxerra Melguizo, Manu Muniategiandikoetxea, Jorge Rubio eta Ibon Saénz de Olazagoitia— eskoletako irakasleekaz batera, artista gazteentzako tailerrak antolatu zituen. Sei urte eta hamabi urte bitarteko umeek hartu dabe parte ekimenean.
Tailer hau oso artistikoa izan da eta gauza dibertigarri asko egin doguz; esaterako, horma-irudiak, emozinoen tailerra, Guggenheim Bilbao Museora bisitea, papel gardenean egindako marrazkiak, argazkilaria guri argazkiak egitera etorri zanean, eraikinak Interneten bilatzea.... Holan azaldu dai Gasteizko Ramón Bajo LHIko 5. mailako ikasle batek aurtengo 2011ko Artea ikasbide programan bizi izandako esperientzia.
Erakusketea osotzen daben 196 artista gazteak Euskal Autonomia Erkidegoko bederatzi ikastetxeko ikasleak dira: Barakaldoko Zuazo LHIko 6. mailakoak; Ermuko San Lorenzo LHIko 6. mailakoak; Txurdinagako Pío Baroja LHIko 4. mailakoak; Gurutzetako Juan Ramón Jiménez LHIko 3. mailakoak; Bilboko San Inazio LHIko 5. mailakoak; Donostiako Mendiola LHIko 6. mailakoak; Gasteizko Ramón Bajo LHIko 5. eta 6. mailakoak; Gasteizko Samaniego LHIko 5. mailakoak eta Amurrioko Zabaleko LHIko 1. eta 2. mailakoak.
Zuazoko ikasleek etorkizuneko albistegi bat grabau eben; Txurdinagako Pío Barojakoek Bilboko uria aurkeztu eben arte-proiektu baten bidez; Gurutzetako Juan Ramón Jiménezekoek ikastetxearen 50. urteurrena ospatzeko, igeltsuzko hainbat eskultura egin zituen; Bilboko San Inaziokoek bost zentzumenak aztertu zituen; Mendiola ikastetxekoek maletearen esanahi sinbolikoari buruz hausnartu eben; Ramón Bajo eskolakoek emozinoak aztertu zituen; Samaniegokoek uri ideala sortu eben; Zabaleko ikastetxekoek musikearen eta arte-plastikoen arteko loturea landu eben; eta, Ermuko San Lorenzokoek ipuinak kontetako modu barriak jorratu zituen.
Artea ikasbide programea 199an sortu zan, eta ikasleei, artistei eta irakasleei hartu-emon kulturala egiteko aukerea emoten deutse. Ekimenak Lehen Hezkuntzako EAEko eta New York-eko ikastetxeen arteko arte-hezkuntzea bultzatzen dau. Ikasturte honetan, ikasgela bik, bata Txurdinagako Pío Baroja LHIkoa eta bestea New Yorkeko Chinatowneko PS Shuang Wen-ekoa, gutunak, mezu elektronikoak, irudiak eta argazkiak alkartrukatu ditue Internet bidez. Ikasleek euren bizimoduak konparau ahal izan ditue, euren herrietako ospakizunak azaldu, kirol eta jateko gogokoenak, eta abar. Isabel Ruiz eta Elsa Chen irakasleek gidatu ditue, Elssie Ansareo eta Jeff Hopkins artisten laguntasuna izan dabe.
Martxan ipini zanetik 2140 ikaslek, 28 artistek eta 149 Lehen Hezkuntzako irakaslek parte hartu dabe. Hau hezkuntza-programea New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan sortu zan. 1970an, Natalie K. Lieberman mezenasak martxanipini eban, uriko eskola publikoetan Lehen Hezkuntzan arteen ikasbidea baztertu ebelako.
Guggenheim Bilbao Museoak EAEko ikastetxe publikoen preminetara eta interesetara egokitu eban programea, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren lankidetzeari eta BBKren babesari esker. Helburua eskola-curriculuma indartzea izan zan. Ganera, ikasleei mundua modu sortzaile eta personalean begiratzen erakusten deutse, idazkera eta mintzamena garatzen ditue, eta talde-lana, beste kultura batzuekaz bizikidetzea eta ingurugiroaren errespetua lantzen ditue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!