Aiko taldeak Dantzale Egunerako konbita egin dau

Bizkaie! 2011-06-13 12:35   Kulturea

Gure ondare musikala bultzatzen dauen Aiko taldeak eta bere musika eta jantza maisuek, ohikoa dan Dantzazale Eguna antolatu dabe Durangon datorren zapaturako, bagilaren 18rako; euskal folklorea maite dabenen agendako hitzordua eta antxinako erromerien esentzia jasoten dauen jai aparta.

Gure ondare musikala bultzatzen dauen Aiko taldeak eta bere musika eta jantza maisuek, ohikoa dan Dantzazale Eguna antolatu dabe Durangon datorren zapaturako, bagilaren 18rako; euskal folklorea maite dabenen agendako hitzordua eta antxinako erromerien esentzia jasoten dauen jai aparta. Aurten, ospakizunak bi agerleku izango ditu: alde batetik, Landako azoka gunean jantza saioak, ohiko bazkari herrikoia eta Aikoren disko barriaren aurkezpen-erromeria izango dira; bestetik, Plateruena Kafe Antzokian, tradizinozko guatekea iragarri dabe. Parte hartzeko Aiko taldearen webgunean izena emon besterik ez da egin behar.

Ospakizun honegaz, Dantzaldi Ibiltaria programeari amaierea emongo jako, Bizkaian zehar Aiko taldeak orain hiru urte martxan jarritako ikastaro, tailer ibiltari eta erromeriez osotutako programea, jantza tradizionalagazko afizinoa berreskuratzea eta sustatzea helburu dauena. Urtez urte, ikasturtea agurtzen dauen jai honek, euskal jantzazaleen artean indar handia hartu dau eta bertan alkartzen dira antxinako herrietako erromeriak gogora ekarriz eta bakotxak bere abilezia erakutsiz. BBK Fundazinoaren kolaborazinoagaz, Bizkaia osoan zehar tailer ibiltariak antolatuz abiatu zan ekimen bakar hau eta ikastaro trinkoek, Durangoko asteroko erromeriek eta hasieratik izandako arrakasteak, sendotu egin dabe.

Bi agerleku izango ditu aurtengo Dantzale Egunak. Alde batetik, Landako azoka gunean 14:00etan herri bazkaria izango da eta aurten bazkalondo berezia izango dauena: Aikoren disko barriaren aurkezpen-erromeria 16:00etan. Bestetik, amaitzeko, Plateruena Kafe Antzokian, 19:30etik aurrera oraindino jantzatzeko gogoz dagozanentzako, tradizinozko guatekea.


Bikaña
, Aikoren zazpigarren diskolana

Aikok jai egun hau aprobetxauko dau Bikaña bere disko barria aurkezteko, zazpigarrena. Bertan Sabin Bikandi musikariak konposatutako jantza pieza barriak jasoten dira. Disko-lan honetan, euskal musika herrikoian garrantzi handia dauen dultzainearen errepertorioa aberastu nahi da. Asier Garciak bere tanborragaz lagunduz (Bilboko Udal Txistularien Bandako atabala), Jon Gaminde eta Martín Ariztimuño gaitariek jantzarako estilo desbardinetako doinuak interpretetan ditue bertan: habanerak, rantxerak, mazurkak, foxa, txotisak, tangoa...

Gaur egun dultzaina eta gaitarako idazten diran doinuak eta egiten diran grabazino barriak ez dira oso ugariak, nahiz eta Euskal Herriko jaietan instrumentu tradizional ohikoena eta Europako herrialde desbardinetako musika tradizinoan gehien iraun dauena izan. 2008an, Kobreik! argitalpenagaz ahalegindu zan Aiko hutsune hau beteten, dultzaina eta tanborragaz XIX. mende amaieran erromerietan interpretetan ziran doinuakaz osotutako disko monografiko bat.

Taldeak, bere sorreratik izan dauen bokazino didaktikoari jarraituz, Aikok Bikaña laneko partitura guztiak bere webgunean jarri ditu eskuragarri. Diskoaren azken pieza Aiko Inguru Dantza izena dauena, zortzi jantzez osoturiko bikoteka, borobilean egiteko jantza suite bat dogu, ingurutxo edo Lizarrako larrain jantzearen estilokoa, zeozelan esateko. Suite horretarako Patxi Laborda jantza maisuak, webgunean ikusi daitekezan, tradizinoan oinarrituriko koreografia barriak proposatzen ditu.


Euskal musika ondarea sustatzeko taldea

Aiko, euskal musika tradizionalaren kultura zabala sustatu nahi dauen musika eta jantzako maisuz osotutako taldea da. Jantzea, jentearen gozamenerako eratutako jarduera xume eta naturaltzat joten dauen irakaskuntza-eredua ezagutarazo nahi dau, modu librean eta korapilo handirik bakoa; eta era honetan edozeinek praktikau leikena. Helburu nagusia, erromeriek beren izaera sozializatzailea hartzea da, aisialdiko danon entretenimendu moduan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu