1936ko gerran frontean ibilitako 9 lagunek euskeraz idatzitako autobiografiak aztertu ditue
2011-06-08 15:511936ko gerra zibilean burrukan egin ebenen oroimena lurpetik atara dabe, euskeraz idatzitako hamar kontakizun autobiografiko aztertuta. Oroimen igeskorrak: gerra zibileko sufrimenduaren inguruko hausnarketak, euskeraz idatzitako testigantzen ikerketearen bitartez izena dauka hareen lanak, eta Eusko Ikaskuntzaren Agustin Zumalabe bekearen babespean idatzi dabe.
Historia garaileek idazten ei dabe. Historia horretan funtsezkoak diran soldaduak, baina, nekez agertzen dira, irabazle edo galtzaile izan. Bidebakokeria hori irauli egin dabe Pio Perez eta Ignazio Aiestaran UPV/EHUko antropologoek. 1936ko gerra zibilean burrukan egin ebenen oroimena lurpetik atara dabe, euskeraz idatzitako hamar kontakizun autobiografiko aztertuta. Oroimen igeskorrak: gerra zibileko sufrimenduaren inguruko hausnarketak, euskeraz idatzitako testigantzen ikerketearen bitartez izena dauka hareen lanak, eta Eusko Ikaskuntzaren Agustin Zumalabe bekearen babespean idatzi dabe.
Ikertzaileek gerrearen alderdi teknikoei erreparetan deutsie, personakan gerreak dakarren sufrimenduari baino gehiago. Perezek eta Aiestaranek, ostera, testigantzen garrantzia aldarrikatu dabe. Bertsogintzea izan eben bidaia honen abiapuntu, Perezek azaldu dauenez: Oroimena lantzen nenbilela, Errenteriako Zapirain familiaren bertsoak topau nituan, eta oso bitxia iruditu jatan ikustea Joxe Zapirain aita kantari hasi zala negarrari emon beharrean, jakin ebanean bere bi seme gerran fusilau zituela. Zergaitik kantetan dau gizon horrek? Testigantza horrek geroan iraun daian. Testigantza tragikoek bi funtzino ditue: beste batek irakurtea eta norberaren barrena hutsitzea.
Hamar autobiografia
Hain zuzen be, Joxe Zapirainen semeetako batek, Xalbador Zapirain Atañok, idatzitako bi kontakizun autobiografiko (Zigorpean eta Espetxeko negarrak) izan ditue aztergai, besteak beste, Perezek eta Aiestaranek. 1936ko gerrearen harira euskeraz idatzitako autobiografia guztiak batzea euken helburu, eta hamar topau ditue; Antonio Zavalaren ekimenez Auspoa argitaletxeak argitaratuak, horreetako asko. Atañoren bi lanez gan, Sebastian Salaberriak (Neronek tirako nizkin), Agustin Zinkunegik (Bizi naiak lege zorrotzak), Iñaki Alkainek (Gerrateko ibilerak), Balendin Enbeitak (Bizitzaren joanean), Santiago Onaindiak (Oroi-txinpartak), Jose Mari Etxaburuk (Neure lau urteko ibillerak), Iñaki Isasmendik (Nire denboraldiko ibilerak) eta Fermin Irigaraik (Gerla urte, gezur urte) idatzi eben lekukotza bana euskeraz.
Perezek eta Aiestaranek ondorioztatu dabenez, motibazino ugari dagoz bederatzi autoreon artean. Esaterako, Enbeita eta Onaindia jeltzale sutsuak ziran, eta beharrezkotzat jo eben gerran sartzea. Zinkunegik ez, ostera. Ikusten da bere autobiografia guztia iges egitean oinarritzen dala. Momentu bat heltzen da non gerran sartzera derrigortzen daben, baina, burrukan dagoan bitartean be, bere obsesinoa da topetea zelan egin leiken iges. Azkenean, iges egiten dau, baina nazionalek atrapau egiten dabe, eta eurekaz burrukan egitera behartzen dabe, azaldu dau Perezek. Deigarria da Sebastian Salaberriaren kasua be, bera baita nazionalakaz burrukan egiteko hautua egin eban bakarra. Gainera, anaia kontrako bandoan eukan, eta burruka-eremuetan geratutako gorpuak arakatzea tokau jakonez, bertan anaia topetako bildurrez bizi zan. Hain zuzen, Salaberriak hanka bat galdu eban, eta anaiak ospitalean bisitea egin eutsonean esan eutson akaso berak zauritu ebala. Horregaitik dauka izena Neronek tirako nizkin bere liburuak.
Ezkortasuna
Antzekotasun handiak be topau ditue ikertzaileok, testigantza horreetan. Adibidez, kronologiaren aldetik: Faxistak zelan sartzen diran eta eusko gudarosteak ibilbidea zelan egiten dauen, hori danatan agertzen da. Egitate historikoakaz bat datoz.
Ezkortasunean be bat egiten dabela dino: Galtzaile izate hori hazurretaraino sartua dabe. Pasarte batzuk oso tristeak dira, gerrearen azken momentuak datozela ikusten dabenean batez be, euren burua salduta ikusten dabelako. Salaberriak berak be ez ei eban bere burua irabazle ikusi, besteak beste, hankea galdu ebalako. Irabazi egin eben, baina berak ez eban sentiduten gerra hori berea zanik. Berak hanka bat galdu eban, eta bizitza osorako kolpea izan zan hori. Gainera, irabazle batzuk aberastu egin ziran, baina bera ez. Lana emon eutsien udaletxean, baina ez eben beste onurarik eskuratu, dino Perezek.
Inkoherentziaz betetako koherentzia
Antropologiaren ikuspegitik, eztabaidarako aukerea emoten daben zenbait gai agiri dira ikerketa honetan. Esaterako, autobiografien eta koherentziaren arteko lotura igeskorra. Perezek dinoanez, autobiografien egileak koherentzia emoten saiatzen dira inkoherentziaz betetako euren bizitzari; narrazinoari logikea emoten, hain zuzen, eta logika horretan jazoerak, sentimenduak eta gorabehera guztiak integretan. Eta nahaste horretatik sortzen dan produkzinoa benetakoa eta objektiboa balitx lez onartzen dogu. Horri lotuta, testigantzez osotutako nobela batek errealidadeagaz zer lotura dauen be izan daiteke eztabaidagai. Halan da be, Perezek garbi adierazo dau ikerketa honen helburua ez dala datu historikoak batzea, gerreari lekukoaren ikuspuntutik begiratzea baino.
Bagilean da entregatzekoa lanaren lehen memoria, baina gero be gaiari eusteko asmoa dabe. Sufrimendua zelan plazaratzen dan, testigantzen garrantzia, gerrea egin ebenean euskaldunek zelan ikusten eben ha, eta zelan ikusten eben gero… Eta beste kontu bati buruz hausnartzen be badabilz: Gerra zibilaren beste ikuspegi atzemon dogu. Hemen ez da ikusten gerrea faxismoaren kontrako burruka bat izan zanik. Testigantza guztietan nahiko ezkor agiri dira burrukeagaz, Espainiako Errepublikeagaz… Beste zeozer dago hor, eta beharbada horretan sartuko gara orain.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!