Bagilak 8, IPv6ren Munduko Eguna

Bizkaie! 2011-06-07 18:29
UPV/EHUk Interneten helbideratze protokolo barriaren mundu mailako frogan parte hartuko dau

2011ko bagilaren 8an, eguaztena, Interneten helbideratze protokoloaren bersino barria dan IPv6ren mundu mailako froga bat egitea aurreikusita dago, Internet Societyk babestuta. Holan, Interneten industriako konpainia nagusiek, Google, Facebook eta Yahoo lako informazino hornitzaile handiek IPv6 aktibauko dabe euren webguneetan 24 orduz.

2011ko bagilaren 8an, eguaztena, Interneten helbideratze protokoloaren bersino barria dan IPv6ren mundu mailako froga bat egitea aurreikusita dago, Internet Societyk babestuta. Holan, Interneten industriako konpainia nagusiek, Google, Facebook eta Yahoo lako informazino hornitzaile handiek IPv6 aktibauko dabe euren webguneetan 24 orduz, ondoren, esperimentuaren emoitzen arabera, aktibauta jarraituko daben ala bere behin betiko aktibazinoa atzeratu egingo daben erabagiteko.

Helburua da sektore honetako ganerako erakundeak gauza bera egitera motibetea, bai Interneten hornitzaileak, zein hardware eta software fabrikatzaileak edota web konpainiak be, holan transizinoa bizkortu eta bere arrakastea ziurtatzeko. Interneteko konpainia nagusiek Ipv6 zabaltzea pizgarri garrantzitsua da ganerako konpainientzat, eta horrek prozedurea azkarragoa eta kostu orokorra bajuagoa izatea eragin leike.

UPV/EHUk 2003. urtetik dauka IPv6 jatorrizko konekzinoa Estaduko Akademia eta Ikerketarako Sareagaz (RedIRIS) batera. Ondorioz, Unibersidadeko ikerlariek ordutik lan egin dabe protokolo barri honegaz lotuta finantzaketa publiko eta pribatua daben hainbat proiektutan. Gainera, UPV/EHUk bat egingo dau IPv6ren Munduko Egunagaz ondorengo ekimenakaz:

- IPv6ren aktibazinoa UPV/EHUren web zerbitzarian.
- IPv6 nonahi baliatzeko gidaliburua liburuaren aurkezpena. Liburu hau, ISOC Capítulo Argentinak argitaratutako IPv6 para todos liburuaren euskerazko itzulpena da, UPV/EHUko I2T (Ikerkuntza eta Ingeniaritza Telematikoa) ikerketa taldeko kidea dan Maider Huarte Arrayago doktorearen gainbegiratu teknikoagaz. Liburu hau PDF formatuan eskura daiteke ondorengo helbidean (IPv4 eta IPv6 sareetatik eskuragarri): http://i2t.ehu.es/resources/

IPv6rako transizinoa premiazkoa da honezkero, hain zuzen be 2011an emon diralako IPv4n erabilgarri egozan azken helbideen blokeak. Prozesu hau orain egingo ez balitz, nabarmen handituko litzatekez Interneten kudeaketa kostuak, mundu osoko erabiltzaile askoren funtzionaltasuna mugatuko litzateke eta aplikazino eta zerbitzu barrien garapena geldituko litzateke, batez be, 'gauzen Internet' paradigmeagaz zerikusia dabenena.

Kontua da ze Interneten hazkunde esponentzialak konsumidu egin dauela diseinatzaileek bere garaian aurreikusitako helbideratze eremua. IPv4 gaur egungo protokoloak 4.294.967.296 helbide (32 bit) onartzen ditu, nahiz eta helbideak emoteko erabilten dan blokeen eskemearen ondorioz benetako kopurua ehunka miloekoa baino ez dan. IPv6ren helbideek 128 bit ditue, eta ondorioz 340.282.366.920.938.463.463.374.607.431.768.211.456 helbide publiko emon daitekez. Adibide legez, mundua sortu zanetik segundoro 1.000 miloe helbide emon izan balira, gaur egun kopuru guztiaren bilioiren bat baino ez zan emonda egongo. Halan da be, ez da hau tamainuaren aukeraketearen lehenengo arrazoia, helbideratzearen optimizazinoa eta sinplifikazinoa eta ibilbide taulen kudeaketaren hobekuntzea baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu