Gorbeialdeko kanta tradizionalak batu ditu Gontzal Mendibilek 'Neure txiki polita' diskoan

Dabi Piedra Robledo 2011-06-07 15:19   Musikea

Barru-barrutik, bihotzetik hara, ataratako kantu-bildumea da honako hau, Gontzal Mendibilek berak azaldu dauenez, Neure txiki polita (Elkar) diskoaren aurkezpenean, Bilbon. Izan be, Zeanuriko kantariak txikitako bizimoduko oroitzapenak izan ditu gidari disko barriko kantuak preparetako, eta autortu dauanez, Gorbeia izan dau inspirazino-iturri.

Barru-barrutik, bihotzetik hara, ataratako kantu-bildumea da honako hau, Gontzal Mendibilek berak azaldu dauenez, Neure txiki polita (Elkar) diskoaren aurkezpenean, Bilbon. Izan be, Zeanuriko kantariak txikitako bizimoduko oroitzapenak izan ditu gidari disko barriko kantuak preparetako, eta autortu dauanez, Gorbeia izan dau inspirazino-iturri.

Danetara, hamabi abesti dagoz Neure txiki polita lanean, eta horreetatik asko Gontzal Mendibilek berak txikitan edo gaztetan entzundakoak dira. Abestiok Arratia eta inguruetako kantutegia osotzen dabe. Beste batzuk, eskualdeko adineko jenteari ikasitakoak dira, Mendibilek berak edo beste ikerlari batzuek batutakoak. Ganera, kanta bi barriak dira, hau da, ez dira tradizinozkoak: bata, Malkoak euri balira izenburuduna, Sabin Intxaurragari eskainia, politikari ezaguna izateaz ganera, Gontzal Mendibilen lehengusu eta Arratiako kulturearen maitale fina izan zan eta. Bestea, Gorbeiako haizea, Bitoriano Gandiagak idatzitako olerki bat dauka oinarri. Sabin Intxaurraga, Bitoriano Gandiaga, Xabier Lete eta abar, joan diran personak ondo gogoan euki nahi izan dodaz disko honetan, eurei asko zor deutsiet eta, nabarmendu dau Mendibilek.

Aspalditik neukan gogoa honelako proiektua egiteko, neure txikitako gomutetatik abiatuta, azaldu dau kantari zeanuriztarrak. Hasiera baten, hogei kanta inguruko aukeraketea egin eban, eta horrekaz hasi zan diskoa preparetan. Elkar diskoetxeari egitasmoa aurkeztu eta denpora laburrean grabau zituen kantak. Krisia dala-eta, dirua aurreztea be garrantzitsua da eta, horregaitik, arin grabau genduan. Horrek ia-ia zuzenekoaren itxurea be emoten deutso, esan dau Mendibilek.

Diskoa egiteko, goi mailako musikari-taldea euki dau Gontzal Mendibilek alboan, Jose Luis Canal buru. Seiko taldea izan gara eta horri esker, ahots hutsari lagunduteko musika ederra sortu dogu. Kantak jantzi egiten ditu musikeak, eta konponketa eta efektuei esker, ohiko moldeetatik urruntzen dan estiloa emon deutsagu kantutegi tradizionalari, azaldu dau Zeanuriko musikariak. Frantzie kortekoa abestian, Armeniako musika-tresna bat erabili dabe, Jose Luis Canal maisua da, mundu osoko musikak aztertu ditu eta diskoko kantuei soinu berezia emoteko erabili dau bere ezagutzea.

Abesti herrikoi ia guztiak Arratiakoak dira, baina badagoz Otxandiokoak be. Otxandio be Gorbeiaren magalean dago, eta niretzat, ia-ia Arratiaren parte da, argitu dau. Eta ganeratu dau Otxandioko Soinubil alkartearen laguntzino parebakoa jaso dauala proiektua aurrera atarateko. Letra indartsuak jaso ditu diskoan Mendibilek, asko tragedien kontakizunak dira, tradizinoan eta kantutegi herrikoian dana ez da gozoa eta.

Orain, zuzeneko emonaldiak egiten hasteko gogoz dago zeanuriztarra. Zertarako kantuak batzen ibili, gero jenteagaz kantetako aukerarik ez badago?, horixe da proiektuaren filosofia. Zuzenekoetan be, talde beragaz jarraituko dau beharrean Mendibilek eta oraindino data zehatz askorik ez daukan arren, hileon plazarik plaza hasteko asmoa dauka, gero, abuztuan, Zeanuriko jaietan joko dogu, abuztuaren 14an, eta Gasteizko jaietan be bai, eta Otxandion ia ziur egongo gara. Helburu argia dauka Mendibilek: Jentea kantuan ipini nahi dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu