'Mugarik gabeko emakumeak' erakusketea ikusgai, EHUren Bilboko Esperientzia Gelan

Bizkaie! 2011-06-07 14:50   Kulturea

Munduko Jendeen Jaialdiak Mugarik gabeko emakumeak izeneko erakusketea zabaldu dau, Bilboko EHUren Esperientzia Gelan (Espainiako Bankua 2). Festibala bera bagilaren 20tik 26ra bitartean egingo da, Bilbon, eta erakusketea honen aurrekaria da.

Munduko Jendeen Jaialdiak Mugarik gabeko emakumeak izeneko erakusketea zabaldu dau, Bilboko EHUren Esperientzia Gelan (Espainiako Bankua 2). Festibala bera bagilaren 20tik 26ra bitartean egingo da, Bilbon, eta erakusketea honen aurrekaria da.

Olio-pinturek, paisaiek eta argazkiek osotzen dabe Mugarik gabeko emakumeak erakusketea. Hainbat artistek eta alkartek hartu dabe parte ekimenean: Nahuatl Elkartea, Pablo Neruda, Emakumeak Aniztasunean, Diaspora Sahararra, Ayllu eta Danubius alkartea. Erakusketea hilaren 26ra arte egongo da zabalik. Emakumearen inguruko hainbat ikuspegi eskaintzen ditue euren lanek.

Jan Jairo Loza Silva nikaraguarrak hainbat lan ditu ikusgai erakusketan, Usainak izenburupean. EHUko Arte Ederretan lizentziaduna da; Nikaraguan zein Espainian izan ditu erakusketak, berbarako, Expo Zaragoza 2008an. Leonardo Saez Morales Txileko argazkilariak Ellas izeneko argazki-sorta aurkeztu dau. Emakumeak Aniztasunean Elkarteak Kolonbia, Espainia, Ekuador, Venezuela, Bolivia, Maroko eta Peruko emakume artisten lanak erakutsiko ditue. Fernando J. Pio Silva peruarra paisaia eta erretratuetan espezialistea da, eta bere zortzi lan egongo dira ikusgai Bilbon. Iulian Gradinaru artista errumaniarrak arte-zaharberritze lanetan behar egiten dau; ilustratzailea da eta arte tekniken irakaslea ere bai, eta Vida y muerte, mujer mensajera izeneko obra dakar erakusketara.

Erakusketeaz gan, Munduko Jendeak Film Laburren Lehiaketea be antolatu dabe. Saritutako lanak jaialdian bertan proiektauko ditue.

Munduko Jendeen Jaialdia Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen eta Munduko Jendeen Batzarraren (50 alkarte baino gehiagok osotua) antolatutako ekimena da. Festibalaren helburua gizartearen parte-hartzea bultzatzea da, eta aniztasunean oinarritutako alkarbizitzea eta sensibilizazinoa lantzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu