Asier Mendizabal euskal artisteak Veneziako Bienaleko erakusketa nagusian parte hartuko dau

Bizkaie! 2011-06-03 13:03   Kulturea

Asier Mendizabal euskal artistearen lau obra bagilaren 4tik zemendiaren 27ra egingo dan Veneziako Bienaleko erakusketa nagusian izango dira ikusgai. Artista ordiziarrak Veneziako Bienalaren 54. edizinoan parte hartzeko Etxepare Euskal Institutuaren eta Acción Cultural Española (AC/E) erakundearen babesa dauka.

Asier Mendizabal euskal artistearen lau obra bagilaren 4tik zemendiaren 27ra egingo dan Veneziako Bienaleko erakusketa nagusian izango dira ikusgai. Artista ordiziarrak Veneziako Bienalaren 54. edizinoan parte hartzeko Etxepare Euskal Institutuaren eta Acción Cultural Española (AC/E) erakundearen babesa dauka.

Etxepare Euskal Institutuko iturriek adierazo dabenez, 'mundu osoan ospe handia dauen arte garaikideko erakusketa honetan euskal ordezkaritzarentzako lekua izango da aurten'. Izan be, 54. edizinoan, Asier Mendizabalek Soft Focus, Hard Edge, (Benta-Haundi) eta Signals, Calls and Marches obrak erakutsiko ditu Bice Curiger arte kritikari suizarrak zuzendutako ILLUMInazioni izeneko erakusketa nagusian.

Artista ordiziarraren obra mundu osoko 83 artisten instalazinoakaz osotutako ibilbide berezi baten parte izango da. Ibilbide horretan, identidadea, nazinoen arteko alkarrizketa eta mundu globalizatuan arteak dauen lekuaren inguruan hausnartzeko konbita egiten da. Veneziako Bienalak berak antolatutako ILLUMInazioni erakusketa nagusiaz gan, 89 herrialdek izango dabe nork bere pabilioia, beren arte garaikidearen pieza adierazgarrienak erakusteko.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgell eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga Veneziako Bienalean izan dira eta ILLUMInazioni erakusketea ikusi dabe artista ordiziarraren eskutik. Goenagak eta Urgellek beste pabilioi batzuk be bisitau ditue, Espainiakoa, Kataluniakoa eta Andorrakoa, besteak beste, eta hainbat ekitalditan parte hartu dabe erakundeen eta kulturearen ordezkariakaz.

Etxepare Institutuaren lana bere lehen fruituak emoten hasi dala adierazo dau Goenaga and.ak. Horren adierazle dira, besteak beste, euskal zinemak Guadalajarako Zinemaldian izan eban atal propioa, Bernardo Atxaga idazlearen parte-hartzea Passaporta literatur jaialdian, edo euskal film laburren presentzia Bruselako Film Laburren Zinemaldian.

Bestetik, Kultura Sailburuak gogorarazo dau Veneziako Bienala mundu mailan arte garaikidearen erakusketa garrantzitsuenetarikoa dala; 'Asier Mendizabalen mailako artista bat Venezian gure ordezkari izatea harro sentidutekoa da', esan dau.

Mendizabalek Soft Focus, Hard Edge, (Benta-Haundi) eta Signals, Calls and Marches obrak erakutsiko ditu Venezian. Lehenengoa, 2010ean sortutakoa eta maiatzera arte Madrilgo Reina Sofia Museoan erakutsitakoa, 80 diapositibek osotzen dabe, eta honeek, La Gran Enciclopedia Vasca editorialak 1976an Sigfrido Koch argazkilariari enkarguz eskatutako San Telmo Museo Etnografikoko inbentarioa erreproduziduten dabe. Kasu honetan, bere obran askotan agertutako gaiei heldu deutse, hau da, identidadea adierazoteko arazoak, etnografia diziplina lez eta argazkilaritzeagaz eta dokumentuagaz beti izan dauen erlazio gatazkatsua.

Hard Edge Bienalean zehar banatuta dagozan hiru DM (egurrezko fibrakaz eginiko aglomeratua) piezak osotzen dabe. Lapurreta keinu bat adierazoten dauen eskultura bihurtzen ditu Mendizabalek pieza horreek.

Kaliforniako margolari talde batek erabilitako terminoa da, eta 1964an Parisko Denise René galerian erakutsitako eredu baten izenburua be izan zan. Equipo 57 taldeak (besteak beste, Nestor Basterretxea eta Agustin Ibarrolak osotua) urte horretan bertan eta galeria berean egin eban azken erakusketea.

Horrek guztiak testuinguru bat osotzen dau eta bertatik sortzen da sintoma bihurtuko dan adierazle formala: hizkuntza abstraktuaren zurruntasun analitikoaren bestaldean, ezegonkortasuna emoten deutson keinu bat agertzen da eta espazioaren eta egiturearen aktibazinoa eta dinamizazinoa lako kontzeptuakaz tematzen da.

Eskultura beraren izatearen problematikeari helduz, (Benta-Haundi) piezak eskultura abstraktuaren inguruko hausnarketa bat proposatzen dau, eskultura bat eta hiru argazki txiki erabiliz. Benta-Haundin dagoan Oteizaren eskulturea erabiliz, Mendizabalek Oteizaren eskultura hori eta eskultura horren historia lotzen ditu ariketa formal baten bidez. Modu honetan erakusten dau zelan pieza abstraktu batek, printzipioz funtzino metaforikorik ez dauena, sinbolizazino prozesu bat sufriduten dauen, eskultorearen keinu batengaitik jazoera historiko traumatiko bat irudikatzera pasetan danean.

Azkenik, Mendizabalek Signals, Calls and Marches obrea ere erakutsiko dau Venezian. Bateria baten soinua errepetiduten dauen pieza hau Veneziako Bienalak Oscar Tuazon artista estadubatuarrari eskatutako pabilioian dago.


Asier Mendizabal

Asier Mendizabalek Arte Ederrak ikasi zituan EHUn (1996) eta erresidentzia beka bat lortu eban de-Atelierserako (Amsterdam) 2000. urtean.

Taldeko erakusketa garrantzitsuetan izan da -Cine y Casi Cine (Reina Sofia Museoa, 2003), Después de la noticia (CCCB, Bartzelona, 2003); Manifesta 5 (Donostia, 2004)-, eta bere lehen bakarkako erakusketea Bartzelonako Arte Garaikidearen Museoan egin eban 2008an. 2010ean Arte Plastikoen Ojo Crítico saria irabazi eban. Gaur egun, Bilbon bizi da eta bertan egiten dau lan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu