Arriaga Antzokiak Eskola Antzerki Lehiaketearen amaiera ekitaldia jasoko dau datorren domekan

Bizkaie! 2011-06-02 18:45   Kulturea
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak sutatzen dauen Eskolako Antzerki Lehiaketea bagilaren 5ean amaituko da, Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian, goizeko 10:00etan

Bilboko 17 ikastetxe publikok eta pribatuk hartu dabe parte lehiaketearen hamaseigarren edizino honetan. Danetara, 31 antzezlan aurkeztu dira, 26 euskeraz eta 5 gaztelaniaz. Eskola Antzerki Lehiaketea 1992an sortutako ekimena da, umeen artean Arte Eszenikoak sustatzeko asmoz.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak sutatzen dauen Eskolako Antzerki Lehiaketea bagilaren 5ean amaituko da, Arriaga Antzokiko eszenatoki nagusian, goizeko 10:00etan. Ekitaldian saria irabazi daben lanak antzeztu eta sariak banatuko dira. Horrezaz gan, aurtengo ekitaldiak ezustekoak eta ikasleek preparautako zenbait emonaldi berezi jasoko ditu.

Aurtengo edizinoan saria irabazi daben lanak honako honeek dira: Abusu Ikastolaren Zuek ikusi (Lan Eszenikorik Onena), Arangoiti ikastetxe publikoaren Arrain Ausarta (Obraren Alderdi Teknikoen Tratamendurik Onena), Viuda de Epalza ikastetxe publikoaren Komerianteroen zirku iluna (Proposamen Eszenikorik Originalena) eta Lapurretan (Interpretazio Globaleko eta Koraleko Lanik Onena), Félix Serrano ikastetxe publikoaren Edabe Magikoa (Parte-hartzaileen Adinera Ondoen Egokitutako Lana), –horreek guztiak lehen hezkuntzako ikasleek antzeztutakoak– eta Txurdinaga-Behekoa institutuko bigarren hezkuntzako ikasleek antzeztutako El juez de los divorcios (Antzerki, Dantza, Zirku edo Bestelako Diziplina Eszenikoak Berreskuratzeko Lanik Onena). Horrezaz gan, epaimahaiak akzesit bat emon deutso Isabel Gallego Gorria ikastetxe publikoko ikasleen Ozko magoa lanari.

Horrezaz gan, hiru aitamen berezi emon jakez Karmelo Ikastolaren Hamelingo txirularia, Viuda de Epalza ikastetxe publikoaren Ongi etorri Bollywoodera eta Solokoetxeko Karmelo institutuko Hau maitasuna, hau desastrea lanei.

Bilboko 17 ikastetxe publikok eta pribatuk hartu dabe parte lehiaketearen hamaseigarren edizino honetan. Danetara, 31 antzezlan aurkeztu dira, 26 euskeraz eta 5 gaztelaniaz. Eskola Antzerki Lehiaketea 1992an sortutako ekimena da, umeen artean Arte Eszenikoak sustatzeko asmoz. Diruz osotutako sariez gan, parte hartzen daben ikastetxe guztiek 300 euroko ekarpena jaso dabe, ikasturtean zehar muntaketak egiteak dituan gastuak ordaintzeko.

Lehiaketearen oinarriek zenbait barrikuntza garrantzitsu izan ditue urte honetan. Barrikuntza horreen artean azpimarratzekoa da desagertu egin dirala edadearen araberako kategoriak (ikas-mailen artean alkarregaz egindako lana bultzatzeko) eta zenbait alderdi barri saritu dirala, besteak beste, lan eszenikorik onena, proposamen eszenikorik bereziena, alderdi teknikoei emondako konponbiderik onena, interpretazinorik onena, partaideen adinera egindako egokitzapen onena edo modalidade eszenikoen berreskuratze lanik onena. Kategoria bakotxeko lan irabazleek diploma bat eta 375 euroko diru saria jasoko dabe. Horrezaz gan, euren sorkuntza lana ikus-entzuleen aurrean aurkezteko aukerea izango dabe, oraingo honetan Arriaga Antzokiak eskaintzen dauen eszenatoki bikainean.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak diseinautako programa eszenikoek, sorkuntza bultzatzeaz gan, umeen artean antzerkiagazko zaletasuna sustatu nahi dabe. Beraz, 2010-2011 ikasturte honetan, barriro be, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako emonaldiak antolatu dira, urian ikus-entzule horreei zuzendutako antzerki programazino egonkorra bultzatzeko asmoz. Bilbon Eskolatik Antzerkira programak, zazpi antzerki konpainien 16 emonaldi eskaini ditu 2010eko zemendia eta 2011ko maiatza artean, Bilborocken, Campos antzokian, eta Otxarkoagako eta Deustuko udaltegietan.

Antzerki emonaldietara joatea bultzatzeaz gan –aurretik ikastetxeek horretarako erreserbea egin beharko dabe–, Bilbon Eskolatik Antzerkira ekimenaren barruan, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak ikas materialak be jarriko ditu irakasleen esku, ikastetxeetan bertan taldeakaz lan egin ahal izateko.

Batez be, 2005/2006 ikasturtetik aurrera BilbaoEszenak antzerki tailerrak antolatzen ditu urtero umeentzat (8 urtetik 11 urtera) eta gazteentzat (12 urtetik 16 urtera). Denpora horretan, 200 umek eta gaztek hartu dabe parte adin horreeetarako dagoan jarduera eszenikoen eskaintza urria zabaldu nahi dauen ekimen horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu