Euskaltermen bersino barria eta hamalau hiztegi terminologiko aurkeztu ditu Kultura Sailak

Bizkaie! 2011-05-31 12:37

Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzordeak onartutako hamalau hiztegi terminologiko argitaratu barri ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS). Horrezaz gan, Euskalterm terminologia banku publikoaren bersino barria sareratu dabe, interfazez eta funtzionaltasun barriekaz osotuta.

Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzordeak onartutako hamalau hiztegi terminologiko argitaratu barri ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS). Horrezaz gan, Euskalterm terminologia banku publikoaren bersino barria sareratu dabe, interfazez eta funtzionaltasun barriekaz osotuta.

Horren bien aurkezpena atzo egin eben, maiatzaren 30a. Ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian izan zan, Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzezleen gidaritzapean. Bertan izan ziran Blanca Ugell Kultura sailburua, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Encar Echazarra IVAPeko zuzendaria, euskerearen arloko ehun bat lagunegaz batera.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (EBPN, 1999), besteak beste, terminologia-lanaren plangintzea egiteko agindu eban. Hori betetzeko, ekimen garrantzitsu bi egin zituan HPSk: batetik, 2001ean, Euskalterm, Euskal Terminologia Banku Publikoa sortu eban (UZEIk 87an egindako bankuaren oinarrian). Eta bestetik, 2002an Terminologia Batzordea sortu eban Euskararen Aholku Batzordearen barruan, batzorde-atal berezi lez.

Terminologia Batzordeak martxan ipini zanetik hainbat lan egin ditu: terminologiaren arloko lehentasunak ezarri ditu, terminologia-lanerako erispideak proponidu ditu, termino sinonimoen artean lehentasunak ipini ditu, eta egindako terminologia-lanak onartu ditu. Prozesu horretatik sortu dira Euskaldunan aurkeztutako hamalau hiztegi terminologikoak.

Hona hemen hiztegien zerrenda osoa: Hipermerkatuetako Produktuen Hiztegia, Kirol-materialen Hiztegia, Merkataritza-guneetako Errotuluen Hiztegia, Bulego-materialen Hiztegia, Oinetakoen Hiztegia, Iturgintza Hiztegia, Lanbideen Hiztegia, Norbere Irudia, Ile-apaindegiak eta Estetika Hiztegia, Irudia, Ikus-entzunezkoak eta Soinu Hiztegia, Soziolinguistika Hiztegia, Bulegotika Hiztegia, Toki Administrazioaren Hiztegia, Datu babesaren Hiztegia eta Laburtzapenen Hiztegia.

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendiren esanetan, argitalpen horreekaz erabiltzaileen esku jarri ditue orain arte Terminologia Batzordeak onartu eta gomendatzen dituan terminoak: Hiztegi honeei, nahiz 2010aren amaeiran eta 2009an argitaratutako hiztegiei esker, esan geinke, arlo sozio-ekonomikoko beharrei erantzuteko Batzordeak jarritako helburua, neurri handi batean, bete dala, nahiz eta eremu hori jorratzen jarraitu beharko dan.

Bestetik, barriz, HPS IVAPekin lankidetzan, euskal terminologiaren normalizazinoari eta zabalkundeari ekin eta eusteko, Eeuskalterm etenbarik elikatzen eta zabaltzen dabil. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren ondorioz, abian jarritako terminologia-lanaren plangintzearen helburuak bete ahal izateko, ezinbestekoa izan da Euskaltermen interfazea eta funtzionaltasunak aldatzea eta barritzea. Hori dala eta, Euskaltermen bersino barria erabiltzaile guztien eskura jarri da eta www.euskadi.net/euskalterm helbidean konsultau daiteke.

Bersino barrian bilaketearen emoitza askoz be zehatzagoa da, zuzenean ikusten dira terminoak sailkapena ondoan dabela, eta erabiltzailearentzat nahikoa da interesetan jakona aukeratzea eta zabaltzea. Ganera, fitxako informazinoa modu argiagoan dago antolatua eta irudiak sartzeko aukerea emoten dau. Beste barrikuntza nabarmen bat da erabiltzaileak Bankuaren kalidadea hobetzen eta edukiak aberasten laguntzeko aukera daukala. Azkenik, orain etenbarik eguneratzen da Euskalterm, hau da, orain zuzenean eta denpora errealean eguneratzen da.

Blanca Urgell Kultura sailburuak argitu ebanez, asko eta asko dira Euskaltermen erabiltzaileak: Badakigu oinarrizko tresna dala, eguneroko lanean persona askoren jarduna errazten dauelako. Halanda be, IKTetako tresna honeek barritzen eta hobetzen jarraitu behar dogu eta betekizun horretan oso lagungarri izango jakuz zuon, hau da, erabiltzaileon, eritxiak eta iradokizunak.

Urgellek, bestalde, esan eban hiztegi terminologikoak nahiz Euskalterm barritua euskerea egiten dabilen normalizazinorako bidean pausu sendoak dirala, eta aurrera begira norabide berean egindako beste pausu batzuk etorriko dirala: Egia da asko dagoela oraindino egiteko, baina orain arte egindakoari begiratzen badeutsagu, pozik sentiduteko moduan egon gaitekez.

Amaitzeko, Encar Echazarra IVAPeko zuzendariak adierazo eban, IVAPek, Euskaltermen lankide izateaz gan, konsultarako beste hainbat baliabide be eskaintzen dituala: Alde batetik, Duda-Muda, on-line konsulta-zerbitzua, Internet bidez edozein erabiltzaileri edegia, hizkuntza eta terminologia zalantzak argitzeko; eta, bestetik, Jaurlaritzako eta ganerako administrazinoetako langileek konsultetarako IZOren itzulpen datu-basea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu