UPV/EHU eta Unai Basurko alkarlanean ibiliko dira prestakuntzan eta ikerketan

Bizkaie! 2011-05-27 15:53
Unibersidadeak eta Ocean World SLk hitzarmena sinatu dabe itsas ingurumenagaz eta nabigazinoagaz lotutako egitasmoak garatzeko

Iñaki Goirizelaia EHUko erretoreak eta Unai Basurko nabigatzaileak lankidetza hitzarmen bat sinatu dabe irakaskuntza, ikerketa eta garapen teknologikoagaz lotutako ekimen zientifikoak alkarregaz garatzeko, baita adituak alkar trukatzeko eta erakunde bietako langileen prestakuntzea bultzatzeko be.

Iñaki Goirizelaia EHUko erretoreak eta Unai Basurko nabigatzaileak lankidetza hitzarmen bat sinatu dabe irakaskuntza, ikerketa eta garapen teknologikoagaz lotutako ekimen zientifikoak alkarregaz garatzeko, baita adituak alkar trukatzeko eta erakunde bietako langileen prestakuntzea bultzatzeko be.

EHUren betebeharretako bat unibersidade komunidadean eta gizartean ezagutza zientifiko, tekniko, humanistiko eta artistikoen hedapen bideak bultzatzea eta artikulatzea danez, Ocean World SLgaz lankidetza hartu-emonak ezartzea oso interesgarria dala ulertzen dau Unibersidadeak. Izan be, Ocean World SL, Pakea Bizkaia zuzentzen dauen enpresea, gaur egungo eta etorkizuneko gizartean balioetan oinarritutako hezkuntzea bultzatzen dauen erakunde bat da belaren eta ozeanoakazko hartu-emonen bitartez.

Kontuak kontu, erakunde biek konpartiduten dabe helburu bera, hau da, ikasketa eta ikerketa ekimenak itsas ingurumenagaz zerikusia daben arloetan bultzatzea. Adibide moduan, gogoratu behar da arlo honetan UPV/EHUk orain dala gitxi abian jarri dauela Plentziako Itsas-Estazioa (PIE) proiektua.

Sinatutako hitzarmenak erakunde bien arteko alkarlankidetzea ahalbidetuko dau hemendik aurrera egingo diran ikerketa egitasmo eta programen garapenean, bai UPV/EHUko sail desbardinetan zein Pakea Bizkaiaren instalazinoetan.

Gainera, UPV/EHUko gradu eta graduondoko ikasleek euren prestakuntza akademikoa osotzeko aukerea izango dabe Pakea Bizkaiaren berezko jardueretan parte hartuz.

Garrantzitsua da nabarmentzea lankidetza hitzarmen honetan erakunde bien berezko jarduerakaz lotutako aholkularitza trukea be aurreikusten dala, eta baita hainbat ekimen, hitzaldi edota ikastaroen antolakuntzea eta praktikan jartea be, guztiak ingurumenagazko errespetuagaz eta bere zaintzagaz eta nabigazinoaren berezko balioakaz lotuta.

Lankidetza hau behar bezela garatzeko, erakunde biek bitariko batzorde bat osotuko dabe sinatutako akordioaren jarraipena egiteko eta bere betetea zaintzeko. Aitatutako batzordeak, gainera, alde bien interesekoa izan daitekezan gai zientifiko-teknologikoetako lankidetza aukerea proposatzeko eskumena be izango dau. Akordio honek hiru urteko iraupena izango dau, luzatzeko aukerea izango dan arren.

UPV/EHUk akordio hau Euskampus egitasmoaren barruan kokatzen dau. Egitasmo horren helburuen artean, unibersitatearen gizarte izaerea indartzea eta campus soziala eta campus didaktikoa kontzeptuak bere inguruneagaz loturea dauen eredu sozial jasangarri legez eranstea nabarmentzen dira. Gainera, Euskal Herriko lurralde garapenean eta gizartean, kulturan eta ingurumenean sortzen diran erronkei konponbidea bilatzerakoan erreferentzia eredua izatea dauka jomuga legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu