Literaturiak euskal letren gune bihurtuko dau Larrabetzu bagilaren 3tik 5era bitartean
2011-05-25 15:31 KultureaAurten be, bagileko lehenengo astegoienean, Larrabetzu euskal idazle, irakurle, antzerkigile eta musikazaleen topagune bihurtuko da, Literaturia ekimenaren eskutik. Liburu aurkezpenekaz hasiko dabe aurtengo egitaraua, bagilaren 3an.
Aurten be, bagileko lehenengo astegoienean, Larrabetzu euskal idazle, irakurle, antzerkigile eta musikazaleen topagune bihurtuko da, Literaturia ekimenaren eskutik. Liburu aurkezpenekaz hasiko dabe aurtengo egitaraua, bagilaren 3an.
Hirugarren edizino honetan be danetariko ekitaldiak antolatu ditue Larrabetzun: liburua azokea, liburuen aurkezpenak, errezitaldiak, antzerkia, kontzertuak, bertso-saioak, umeentzako ekitaldiak, eta abar. 2000 eta hamaika gehiago lemeagaz, hamaika lagun gehiago konbidau gura ditue antolatzaileek hiru egunez euskal letrez gozatzera.
Asteburu potentea izango dala aurreratu dau Patxi Gaztelumendi Larrabetzuko antolatzaileetako batek. Euskal kulturea eta euskal giroa izango dira. Euskal letren asteburua bihurtu da Literaturia, adierazo dau. Auzolanaren emoitzea da Literaturia, holan antolatu dogu, ganeratu dau Gaztelumendik. Oier Guillan idazle eta antzerkigilea be Literaturiaren antolatze lanetan ibili da, eta berak be auzolanaren garrantzia azpimarratu dau. Auzolanari esker lortu dogu holango egitaraua osotzea, azpimarratu dau.
Hiru libururen aurkezpenagaz hasiko da, bagilaren 3an, Literaturiaren hirugarren edizinoa: Iñigo Aranbarriren Zamantzia (Susa); Jose Tobar-Arbuluren Anaitasuna aldizkaritik finantza kapitalismora (Utriusque Vasconiae); eta, Itsaso kontra bat (Pamiela), Karmele Igartuaren poema liburu postumoa. Liburuok lehenengo aldiz aurkeztuko dira jentaurrean Larrabetzun, Patxi Gaztelumendik azaldu dauenez: Argitaletxeek konfidantza osoa erakutsi deuskue, zazpi argitaletxek liburu bana aurkeztuko dabe-eta lehenengo aldiz Larrabetzun. Hiru urteren ostean, bermea eskaintzen dau Literaturiak.
Bagilaren 4an beste lau liburu aurkeztuko dira: Banskit (Txalaparta), Goizalde Landabaso; Decameron (Igela); Iza ote iza (Maiatz), Xabier Soubelet; eta, Zer barkaturik ez (Elkar), Alberto Ladron Arana.
Literatura Eskolaren ikasturteko azkenengo saioa Literaturiaren barruan egingo da, bagilaren 4an. 111 Akademia irakurle taldeak Irakurzaletasunaren transmisioa: noiz eta nola? mahai-ingurua preparau dau. Donostia, Basauri, Meatzaldea, Larrabetzu, Leioa, Iurreta eta Segurako irakurle-taldeek parte hartuko dabe.
Amaia Goikoetxea 111 Akademiako kideak aukeratutako gaiaren barri emon dau prentsaurrekoan: Igaz irakurle-taldeetan gazte gitxi dagoela eta horren ganeko zergaitiak jakin nahian ibili ginan. Irakurzaletasunaren inguruko eztabaida hasi genduan, eta ideia asko urten ziran. Horregaitik, aurtengo gaia irakurzaletasuna da, sakon aztertzeko gai interesgarria begitantzen jaku.
Bagilaren 5ean, antzerkiaren ganeko mahai-ingurua antolatu dau Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak. Antzerkiak badu irakurlerik? mahai-inguruan Mikel Martinez aktore eta antzerkigileak, Xabier Mendiguren editore eta idazleak, Artezblai argitaletxeko Borja Relañok eta Alaitz Olaizola aktoreak parte hartuko dabe. Antzerki-testuen argitalpenaren egoeraz berba egin dabe alkarteko ordezkariek prentsaurrekoan. Gitxi argitaratzen da eta gitzi irakurtzen da. Argitaretzeko bidea batez be lehiaketak izan dira, baina orain, hori be ez daukagu, desagertu egin dira-eta, azaldu dabe. Eta gogorra da esatea, baina antzerki munduko jenteak bez ez dau antzerki-testurik irakurten.
Musikazaleentzako hitzordu interesgarriak izango dira Larrabetzun, esaterako, Ruper Ordorika, Anari, Mursego eta Napoka Iria. Bertsozaleek Maialen Lujanbio eta Unai Iturriagaren bertso-trama literarioaz gozetako aukerea eukiko dabe, Josu Goikoetxea tramagilearen gidaritzapean.
Umeentzako Literaturiatxua egitarau berezia atondu dabe. Bagilaren 4an, trikitixa-emonaldia eskainiko dabe eskolako umeek, eta ostean, ipuin kontalari ibiltaria, ilustrazino-tailerra eta Kukuke antzerki-eskolearen Ortzadarra eta Basoan galdutako neskak antzezlanak eskainiko ditue.
Poesia errezitaldi batek itxiko dau aurtengo Literaturia. Miren Agur Meabek, Jon Benitok, Paddy Rekaldek, Asier Serranok eta Antonio Casado de Rochak parte hartu dabe saioan, danak be lanen bat kaleratu dabe azkenengo hilabeteetan. Igaz arrakasta handia izan eban errezitaldiak, jente asko, aretoa bete-betetan egoan, gogoratu dabe Oier Guillanek eta Patxi Gaztelumendik. Ez da ohikoa hainbest jente batzea poesiaren inguruan. Igazkoa, ganera, benetan hunkigarria izan zan, izan be Karmen Igartuak bertan eskaini eban azkenengo errezitaldia.
Emonaldi guztiak zuzenean emitiduko ditue www.literaturia.org webgunean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!