Dana prest Ondarroan Boga! egiteko
2011-05-19 14:44 Euskerea berbagaiOndarroan ospatuko da aurtengo Ikastolen Ibilaldia, maiatzaren 29an, eta adin eta gustu guztietako jentea erakarriko dabelakoan dagoz antolatzaileak, Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dabenez: Era guztietako parte-hartzaileak asetuteko jarduerak eratu doguz, adierazo dau Jaione Peña 2011ko Ibilaldiko dinamizatzaileak.
Ondarroan ospatuko da aurtengo Ikastolen Ibilaldia, maiatzaren 29an, eta adin eta gustu guztietako jentea erakarriko dabelakoan dagoz antolatzaileak, Bilbon egindako aurkezpenean azaldu dabenez: Era guztietako parte-hartzaileak asetuteko jarduerak eratu doguz, adierazo dau Jaione Peña 2011ko Ibilaldiko dinamizatzaileak. Aurkezpen horretan aurreratu dabenez, ondo pasetako aukerea emoteaz ganera, aurten, artisautzeari omenaldia egingo deutso Ibilaldiak.
Ibilbide atsegina eta erakargarria atondu dabe Ondarroan domekarako, Artibai errekearen ertzetik doa ibilbidearen erdia eta naturgune babestuetatik be igaroko dira parte-hartzaileak, beraz, oso polita izango da, esan dau Jaione Peñak. Ganera, laua izango da bidea.
Ondarroako Ibilaldian bost gune egongo dira. Lehenengoa Zubi Zahar ikastolearen alboan egongo da, Lemi izenekoa, eta hantxe egingo dabe inaugurazino ekitaldia, goizeko bederatzi eta erdietan. Bigarren gunearen izena Bixikan da, Ondarroako berba tradizionala, olgeteagaz zerikusia daukana. Horregaitik, bigarren gunea umeei eta familiei zuzenduta egongo da gehienbat (Irrien Lagunak, tailerrak, puzgarriak, umeen berbenea eta abar). Hirugarren gunea, Dzingan, gazteentzako eremua izango da, kontzertu ugari egongo da (Zea Mays, Deskontrol, Debako Elektrotxaranga). Laugarren gunea be, Dzanga, gazteei zuzenduta egongo da, Esne Beltza, Ze Esatek eta beste talde batzuen kontzertuakaz eta Ibilaldiaren kantearen aurkezpena be bertan egingo dabe. Bosgarren gunea, Ziabogi, Alameda eta Musika plazearen artean egongo da eta han, besteak beste, herri kirolak, bertsoak, jantzak eta txarangak egongo dira.
Bestetik, gune ofiziala ez izan arren, Ojaela eremua be aitatu behar da, arrantzaleen kofradiaren aurrean. Lea-Artibaiko kontserbagileak egongo dira bertan, industria txikia osotzen dabe baina Ibilaldiagaz bat egin nahi izan dabe eurek be, eta daukiezan produktu bikainak bisitariei erakutsi, zehaztu dau Jaione Peñak. Itsas giroko gunea izango da Ojaela.
Urtero legez, aurtengo Ibilaldiak be omenaldia egingo dau eta artisautzeari gorazarre egingo deutsie oraingoan, gure iragana ez ahaztea ahalbidetzen dau artisautzeak, azaldu dabe antolatzaileek. Holan, Arbaso eta Sustrai alkarteak eta Bittori Laka, Karmelo Urdangarin, Julen Barrenetxea, Jose Ulibarrena, Iñaki Alberdi eta Jose Maria Arriaga omenduko ditue.
Ohiko legez, garraio publikoa erabilteko deia egin dabe, auto pilaketarik egon ez daiten. Lantzadera zerbitzu zabala egongo da eta garraiobide nagusiek tren eta autobus bereziak jarriko ditue Ondarroara heltzeko. Herri eta auzoetako autobus antolatuetan izena emotea be aukera bikaina dala aitatu dabe. Kontuak kontu, dana dago prest hilaren 29an, domekan, Boga! egiteko, Ondarroan. Ez dogu aurrikuspen zehatzik egin gura, baina urtetik urtera gero eta jente gehiagok parte hartzen dau Ibilaldian eta, beraz, arrakastatsua izatea espero dogu, esan dau Jaione Peñak. Elias Etxaburu Zubi Zahar Ikastolako zuzendaria be pozarren dago, urte osoko lanaren ostean, jai itzela izango da. Ondarroako Ibilaldiaren ganeko informazino zabalagoa euren webgunean topauko dogu: www.ibilaldia.org
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!