Juan Torre argazkilariak ikutzeko eta ikusteko erakusketea aurkeztu dau Bilbon
2011-05-11 15:32 KultureaErakusketa berezia aurkeztu dabe Bilboko BBK Salan eta Ondare aretoan, izan be ikusteko baino ikutzeko da-eta Juan Torreren argazkiak batzen dituan Ukitzeko irudiak erakusketea. Hainbat musikari agiri dira artista bizkaitarraren erliebedun irudietan, danetara berrogei bat.
Erakusketa berezia aurkeztu dabe Bilboko BBK Salan eta Ondare aretoan, izan be ikusteko baino ikutzeko da-eta Juan Torreren argazkiak batzen dituan Ukitzeko irudiak erakusketea. Hainbat musikari agiri dira artista bizkaitarraren erliebedun irudietan, danetara berrogei bat.
Juan Torreren argazkiak ikusi ezeze, ikutu be egin leikez. Hori da erakusketearen asmoa. Begiekaz eta atzamarrakaz gozetako lanak dira. Argazki guztietan I+G+g izeneko teknikea erabili da; holan, 3 mm-ko erliebea daben irudiak sortu ditue, ikusteko kalidadea eukiteaz gan, ikutzeko be aproposak dira. Proiektuaren alde teknikoan Durero enpresearen laguntzinoa azpimarratu dau Torrek.
Ibilbide oparoko argazkilaria da Juan Torre, gaixotasun baten ondorioz ikusmenean arazo handiak dituana. Emozino handia sortzen deust itsuak edo ikusteko arazoak dituen personak eta normal ikusten dabenak erakusketa beragaz gozetan ikustea, adierazo dau.
Erakusketetan gehien-gehienetan ezin daiteke ezer ikutu, baina honetan agindua kontrakoa da, Torrek nabarmendu dauenez: Dana ikutu behar da.
Argazkietan agiri diran artisten artean, izen ezagun-ezagunak dagoz, besteak beste, Kepa Junkera, Oskorri, Benito Lertxundi, Mikel Erentxun, Luz Casal, Martirio, Fito, Miguel Rios, El Drogas, Ainhoa Arteta, Rosendo, Luz Casal, eta abar. Argazkilaria beti ahalegindu da zeozelango hartu-emonaK izaten kantariekaz, bere proiektua azaldu ahal izateko. Musikariei nire asmoen nondik norakoak azaltzen ahalegindu naz, batzuetan zortzi minutu eskaini deustiez, eta beste batzuekaz ordu erdi baino gehiago egon naz azaldu dau. Hartu-emonen garrantzia be nabarmendu dau: Hartu-emon horreei esker musikariak egitasmoan parte hartzen dauelako, eta keinu bat egiten deutso itsuari.
Juan Torrek lanean jarraitzeko asmoa daukala azaldu dau, ikertzen segiduko dot, ia noraino allegetan nazen.
Bizkaiko Foru Aldundiagaz eta BBKgaz alkarlanean egindako egitasmoa da Ukitzeko irudiak erakusketea.
Ukitzeko irudiak BBK Salan (Kale Nagusia 19-21), bagilaren 30era arte, eta Ondare aretoan (María Díaz de Haro 11), garagarrilaren 29ra arte, egongo da ikusgai. Ondaren, ganera, hainbat musika-emonaldi atondu ditue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!