Interneten ganeko Europako batzarrik garrantzitsuena Bilbon egingo da maiatzaren 17an eta 18an
2011-05-10 12:13Internet sarearen nazinoarteko egunagaz bat eginik, maiatzaren 17an eta 18an, Internet arloko munduko aditu nagusiak Bilbon batuko dira sarearen etorkizunaren ganean eztabaidatzeko, Bilbao Web Summit batzarrean. Tim Berners-Leek, ganera, Dama 2011 saria jasoko dau, webaren sortzailea izatearren
Internet sarearen nazinoarteko egunagaz bat eginik, maiatzaren 17an eta 18an, Internet arloko munduko aditu nagusiak Bilbon batuko dira sarearen etorkizunaren ganean eztabaidatzeko, Bilbao Web Summit batzarrean.
Bilbao Web Summit Europako batzarrik garrantzitsuena izango da. Munduko aditu aitagarriek parte hartuko dabe, besteak beste: Tim Berners-Lee, webaren, HTML hizkerea eta HTTP protokoloaren sortzailea; eta Chris Shipley, Silicon Valley-ko (AEB) personaia garantzitsuenetakoa. Eurekaz batera, Interneteko adituek, enpresariek eta hainbat arlotako profesionalek oraina aztertzeaz gan, sarearen hurrengo belaunaldiaren diseinurako bide nagusiak zehaztuko ditue.
Tim Berners-Leek, ganera, Dama 2011 saria jasoko dau, webaren sortzailea izatearren. Dama saria Interneten aldeko ekarpena egin dauen persona edo erakundeei emoten jake.
Batzarreko antolatzaileek jakinarazo dabenez, ondoko adituek be euren txostenak aurkeztuko ditue Euskalduna Jauregian: Jean M. Holm (NASAko Ezagutza Arkitektura), Xabier Uribe-Etxebarria (Anboto Group-en kontseilari ordezkaria eta ekitaldiaren sortzailea), Brian Wong (Digg), Peter Redshaw (Gartner-en presidenteordea), Idoia Maguregi (Bankinterreko CIO) edo Alex Cruz (Vueling enpresako kontseilari ordezkaria).
Horrezaz gan, maiatzaren 16tik 19ra, W3Ceko (World Wide Web Consortium) batzorde aholku-emoileak batzarrak egingo ditu Bilbon. Horreetan egunetan erabagiko diran helburuek on-line bankaren etorkizuneko zerbitzuak, administrazino elektronikoa, telemedikuntzea, hezkuntza elektronikoa, bitarteko digitalak eta Internet bidezko merkataritzan eragina eukiko dabe.
Bilbao Web Summit Xabier Uribe-Etxebarriak eta W3C-k bultzatutako ekimena da. Uribe-Etxebarria Anboto enpresearen (2011ko munduko konpainia elektroniko barri onena) eta W3C-ren (mundu mailako web estandarrak arautzen ditu) sortzailea da. Ekimenak Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzinoa dauka, eta Biscaytik, BBVA, Euskaltel eta Gartner-en babesa be jaso dau.
Batzarreko parte-hartzaileek adostutako ondorioak argitaratuko ditue. Agiri honek Interneteko garapen-joerak aurreikusteko gida legez erabiliko da.
Bilbao Web Summiten egitarau osoa, hemen.
Informazino gehiago:
Xabier Uribe-Etxebarria, Anboto enpresearen sortzaileari alkarrizketea egin geuntson Bizkaie!-n 2010eko abenduaren 30ean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!